Gaztematikak -Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapenerako sareak- bere egitekoen artean lurraldeko haur, nerabe eta gazteen ongizatea sustatu eta bermatzea duela kontuan izanik, erabaki du sexualitatearen gaia lantzea, familien eta arloko profesionalen arteko lankidetzaren laguntzaz, haien ongizate fisiko, psikologiko, espiritual, emozional eta soziala indartzeko. Garrantzitsua da guztiok norabide berean lan egitea.

 

Norabidea bateratzen

Sexualitatea norberaren eta harreman-bizitzaren ikasketa-prozesu iraunkor eta etengabea da, eta bizitzako hazkuntza- eta garapen-etapa guztietan jazotzen da.

Gizaki garen aldetik, sexualitatea guztiongan dago, gure gorputzetan, gure harremanetan, gure sentimendu eta emozioetan. Nor garen taxutzeko orduan funtsezkoak dira gure sexu-orientazioa, eratzen ditugun genero-identitateak eta adierazpenak, ugalketari buruz ditugun iritziak edota plazera bizitzeko moduak. Eta bizipen horiek eragina dute gure izaeran, gure ongizatean eta gure garapenean.

 

Sexualitaterako hezkuntza integral baten alde

Haurrak, nerabeak eta gazteak sexualitatean ahalduntzeko, sexualitaterako hezkuntzara ikuspegi integral batetik hurbiltzen gara, giza eskubideak, genero-berdintasuna eta testuingurua kontuan hartuta. Horretarako, erreferentziatzat hartu ditugu UNESCOren sexualitatearen alorreko hezkuntzari buruzko nazioarteko orientabide teknikoak.

  • Sexualitaterako hezkuntza haur, nerabe eta gazte guztien eskubidea delako, eta Gaztematikak sustatu nahi duelako.
  • Sexualitatearen bizipena bizitza osoko prozesua den arren, haurtzaroan eta nerabezaroan sexualitate positibo eta osasuntsuan heztea behar-beharrezkoa delako.
  • Haurtzarotik afektibitaterako eta sexualitaterako heztea osasunaren, ongizatearen eta garapen pertsonalaren eta sozialaren aldeko apustua egitea delako.
  • Sexualitaterako hezkuntzak duintasunez, arduraz eta aske bizitzen laguntzen duelako.

Haur, nerabe eta gazteen sustapenerako zerbitzuetan sexu-hezkuntza, adinarekin eta garapen mailarekin bat dator, eta esparru ez-formaleko ikuspegi profesional positibotik garatzen da.

Besteak beste, gai hauek jorratzen ditu:

  • Gorputzak eta haien garapena
  • Plazera
  • Sexu- eta genero-aniztasuna
  • Sexu-portaera
  • Sexkidetza
  • Emozioak
  • Harremanak
  • Osasuna eta ongizatea
  • Ugalketa
  • Eskubideak, arauak eta balioak
  • Sexu-indarkeriaren prebentzioa

 

Sexu-eskubideak giza eskubideak dira

Sexualitateari dagozkion eskubideak, askok jakin ez arren, emakumeen eskubideak edo haurrenak bezala, 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak jasotzen zituen eta, gerora, mugimendu sozialen aldarrikapenari esker, konplexuagoak eta anitzagoak bihurtu dira.

Giza eskubideen artean hamaika dira sexualitateari lotutakoak, baina askotan bigarren mailakotzat hartzen dira, beste batzuen aurrean. Argi dago, ahalegin handiagoa egin behar dugula oinarrizko giza eskubideak direla ulertu, ikasi eta hala aitortuak izan daitezen.