Haur, nerabe eta gazteekin sexualitatea lantzen

Sexualitatearen arloko heziketaz ari garenean, badira ondo ulertu beharreko funtsezko kontzeptu batzuk. Gako-hitz hauen bidez, lan hezigarri horren helburuak ulertarazi nahi izan ditugu kontzeptu horietako bakoitzari lotuta.

Adin-tartearen arabera sailkatu ditugu, aro bakoitzaren espezifikotasunak argiago adierazteko. Oso modu orokorrean azalduta daude; norberari dagokio horien muinean sakontzea eta beraien arteko loturak egituratzea. Gure asmoa ez da kontzeptu horiek teorikoki finkatzea, haur, nerabe eta gazteen sustapen-lanean sexualitatean hezteko oinarri batzuk proposatzea baizik. 

 

Adin-tarte bakoitzaren barruan, 3 eremu bereizi ditugu, haur, nerabe eta gazteekin sexualitatea lantzeko:

1- Nire burua ezagutzen: 

Sexualitatea norberarengan dago, eta norberarengandik hasten da. Nork bere gorputzaren funtzioak ezagutu eta hauekiko jakin-mina sentitzea autozaintzaren ezinbesteko elementua da.

Modu berean, ezinbestekoa da gorputz guztiak desberdinak, bereziak eta bakarrak direla ulertu eta onartzea; izan ere, gorputzarekiko sortzen dugun iritziak eragin zuzena du osasunean, irudi pertsonalean eta jarreran. 

Horrez gain, positiboa da pertsona bakoitzak bere gorputzarekin gozatzea. Sentimenduak, fantasiak eta desirak  izateaz gain; hain zuzen ere, denok jaiotzen gara bizitza osoan zehar gure sexualitatearekin disfrutatzeko gaitasunarekin. 

Horren aurrean, ezinbestekoa da gertuko edo konfiantzazko pertsonekin hitz egitea, partekatzea eta galdetzea. Komunikaziorako trebetasun eta gaitasunek aukera emango ditugu, sentimenduak eta desioak ulertu eta adierazteaz gain, beharrizan eta muga pertsonalak eta sexualak era egoki batean adierazteko.

 

2- Nolakoak dira nire harremanak? 

Familiako kideek, lagunek edota sare desberdinek inguratzen gaituzte, eta sortzen ditugun harremanek garrantzi berezia dute bizitzako arlo guztietan, baita sexualitatean ere. Sortzen dugun harreman bakoitza bakarra eta berezkoa da, eta konfiantzan, errespetuan, enpatian, elkar-zaintzan eta berdintasunean izan behar dute oinarria. Afektibitateak, beraz, garrantzi adierazgarria du sortzen ditugun harremanetan.

Harremanek elikatzen gaituzte eta, beraz, harremanetatik ikasten dugu. Horren aurrean, ezinbestekoa da komunikazio trebetasunak izatea eta momentu bakoitzean adierazi nahi dugun hori ahalik eta modu egokienean adieraztea: adostasuna, desadostasuna, baimena, nahia edo beharrizana, adibidez.

Norberak ezin du izan inor gabe. Norbera ez da ezer harremanik gabe.  Naturala eta positiboa da pertsonok gure gorputzarekin disfrutatzea eta beste batzuekin konpartitu nahi izatea, baina alderdi guztien adostasuna eta baimena ezinbestekoak dira plazerezko jarrera eta ekintza sexual osasuntsuak izateko.

Eraikitzen ditugun harremanek oinarri hori ez badute, botere-desorekak sortzen dira eta horrek indarkeria-egoerak gauzatu eta bizitzera garamatza, horrela oinarrizko giza eskubideak urratuz. Beraz, ezinbestekoa da argi izatea denok dugula eskubidea gure gorputza nork, non eta nola uki dezakeen erabakitzeko. Bakoitza bere gorputzaren jabe bakarra da. Horiek urratzen badira, eskubidea dugu laguntza eta babesa jasotzeko.

 

3- Inguruak eragiten dit: 

Ezin dugu ahaztu jendartean bizi garela, komunitate batean; eta horrek, bizitzako gainerako arloetan bezala, eragina du gure sexualitatea ulertu, sentitu eta bizitzeko moduan ere.

Sexualitatearen inguruan dugun ikuspegia eta bizipenak baldintzatuko dituzte, ezinbestean, gure inguruneko balioek, genero arauek, generoaren eraikuntza sozialak, kulturak edota gaur egun halako indarra duen teknologiaren erabilerak berak ere. Eta jakina, horrek bere isla izan behar luke sexualitaterako hezkuntza orotan.

Ezin dugu ahaztu gaur egun sexualitateari buruzko informazio iturri ugariak daudela haur, nerabe eta gazteen eskuetan. Infoxikazio garaian aldizkariak, ipuinak, telesailak, youtuberek, instagramerek, pornografiak, pelikula erromantikoek, eleberriek, eta abar luze batek sexualitateari buruzko informazio eskaintzen dute etengabe. Informazio hori askotan ez da egokia, mito, estereotipo eta pentsaera sexistetan oinarritzen dira. Bestetik, kontuan izan behar dugu, nahiz eta informazioa egokia izan, askotan ez dagoela haur eta nerabeen garapen-momentura egokituta; beraz, helduen laguntzarik gabe, haur eta nerabeak ez dira gai informazio hori modu egokian kokatzeko.

Garrantzitsua da, hortaz, sexualitatearen esparru sozialean ere heztea, pentsamendu kritikoa izateko; besteenganako tratu onak eta enpatia sustatzeko; berdintasunean eta indarkeriarik gabe bizitzeko; aniztasun sexuala balore positibo moduan aitortzeko; rol sexistei eta genero-estereotipoei, aurreiritziei eta zurrumurruei aurre egiteko; harremanetan jokabide etikoa izateko; sexualitateari eta maitasunari buruzko mitoak itsu-itsuan ez sinesteko; komunikabideek, Internetek, sare sozialek eta pornografiak neska-mutilen praktika eta harreman erotikoen ereduetan duten eragina leuntzeko; pribatutasunari eta intimitateari behar adinako garrantzia emateko; eta identitate digital osasungarria eratu eta modu onuragarrian kudeatzeko.