Aisia hezigarria tratu onaren berme

 

Azken urteotan gure inguruneko haur eta nerabeen ongizateari eta babesari zuzenean eragiten dieten bi lege sartu dira indarrean: Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoa, (LOPIVI), eta nagusiki, EAEko Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legea.

Eusko Jaurlaritzak onartutako Legea zabalagoa da, haur eta nerabeen ongizate osoari begiratzen dio, eta tratu onaren kultura du ardatz. Bete-betean eragiten die haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloari eta, honen barruan, aisia hezigarriari. Horregatik garrantzitsua da adinez txikiekin lan egiten dugun pertsona, administrazio eta erakundeek hark arautzen dituen alderdiak ondo ezagutzea.

 

Nolanahi ere, atal honen asmoa ez da araudia osorik azaltzea, baizik eta zer arautzen duen argitzen laguntzea, gure esparruan haurrak eta nerabeak babesteko mekanismoak martxan jarri eta aldaketa sakon eta iraunkor bat eragiten hasteko. Hau da, tresna bat izan nahi du gure zerbitzu, gune eta jarduerak lege horretara egokitzeko, tratu oneko eta babesle izan daitezen.


Adingabeen ongizatea eta tratu ona sustatzeko erronka horretan, legeak funtsezko zeregina esleitzen dio aisia hezigarriari; hala, gure arloan jada egiten dugun lanaren garrantzia azpimarratzera dator. Izan ere, aisia hezigarriko jardueretan parte hartzea ezinbestekotzat jotzen da haurren eta nerabeen sozializazio-prozesurako, bizitzarako funtsezkoak diren gaitasunak, jarrerak eta trebetasunak eskuratzea ahalbidetzen du. Hau guztia honako artikuluetan irakur daiteke (2/2024 Legea, otsailaren 15ekoa, Haur eta Nerabeena):

 

 

Aisia hezigarriko jarduerak

Ildo horretan, Haur eta Nerabeen Legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, jarduera hauek garatuko dituzte, besteak beste:

Irakurri 80. artikulua

(80. artikulua. 2/2024 Legea, otsailaren 15ekoa, Haur eta Nerabeena)

 

 

Aisia hezigarriaren oinarrian elkarrekiko errespetua, elkartasuna, ekitatea, tratu ona, indarkeriarik eza, jasangarritasuna eta berdintasuna bezalako balioak daudela jakinik, ingurune seguru eta babesleen eredu izan behar luke. Baina tratu onean oinarritutako kultura komunitate osoak ulertu eta bermatu behar du haurren eta nerabeen bizitzako eremu guztietan.

Zer da ingurune seguru eta babesle bat?