Ingurune esatean, haur eta nerabeak interakzioan aritzen diren, eguneroko bizitzan bizipen esanguratsuak izaten dituzten, ikasi eta partekatu egiten duten espazio edota testuinguru sozial, natural eta birtualez ari gara.
Ingurune segurua eta babeslea da, batez ere, indarkeria-mota orotatik libre dagoena; giza eskubideekiko errespetuan oinarritzen dena, afektua eta goxotasun emozionala dituena, eta haur eta nerabeak subjektu aktibo eta protagonistatzat dituena.
Ingurune horrek tratu ona eta berdintasuna bermatu behar ditu, parte-hartzea eta autonomía sustatu, eta, horien bidez, haur eta nerabeen garapen osoa ahalbidetu. Oinarri horien gainean taxutzen den ingurunean ez dago erasoentzako aukerarik.
Aisia hezigarriko zerbitzu eta jarduerek arestian deskribatutako ezaugarriak bete behar dituzte, funtsezko rola baitute haurren eta nerabeen sozializazioan eta, ondorioz, haien garapenean eta hazkuntzan. Hona hemen Ingurune seguruak eta babesleak taxutzeko zenbait adierazle (bideo hau Gaztematika sareko profesionalek ikusi dezakete sarearen intranetean. Bideo gehiago baliabideak atalean).
Ingurune bat ebaluatzean, taldeak kontzientziazio-prozesu bat burutzen du. Espazio hezigarri hori babes integralaren ikuspegitik ebaluatzea estrategia paregabea da kontzientzia sortzeko. Jada existitzen den espazio bat ebaluatzean nahiz berri bat planifikatzean, ingurune seguru eta babeslea ezinbesteko baldintza da proiektu inklusibo, errespetuzko eta afektibo baterako.
Webgune honek cookie propio eta hirugarrenenak helburu teknikoarekin erabiltzen ditu nabigazioa baimentzeko, hurrengo sarbideak errazteko eta erabileren estatistikak egiteko. Ez ditu erabiltzaileen datu pertsonalak jasotzen ezta lagatzen.