TREBA gazteak: Gazteria Zuzendaritzak antolatutako prestakuntza-eskaintza

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzan lurraldeko haur, nerabe eta gazteen orainak eta etorkizunak arduratzen gaitu; haien garapena, autonomia eta ahalduntzea bultzatu nahi ditugu, bizitzen ari diren aro horretan bizipen zoriontsuak izan ditzaten. Horregatik saiatzen gara zer behar, kezka eta desio dituzten ezagutzen, Gipuzkoako udalekin sarean (Gaztematika) lan eginez, identifikatzen ditugun premia eta eskaera horiei erantzuten ahalegintzeko.

Horretarako, ordea, ezinbestekoa da haur, nerabe eta gazteekin zuzenean aritzen garen guztiok norabide horretan ahalduntzea.

Ildo horretan, behar-beharrezkoak dira elkarlana, zeharkakotasunaren kultura eta dinamika sortzea eta, berrikuntzarako eremu eta baldintzak sustatuz, profesionalen ezagutza eta kualifikazioa bultzatzea. 

Funtsezkoa da guraso eta familiei, haur eta nerabeen heziketa onuragarrian laguntzeko baliabideak ematea. Eta batez ere, gazteak berak gaitzea, beren bizi-proiektuak eta egitasmo sozialak aurrera eraman ahal izateko tresnak emanez. Azkenik, ezin dugu ahaztu komunitate osoak haur, nerabe eta gazteenganako duen erantzukizuna. 

Hori horrela, modu batean edo bestean trebatzeko diren hainbat jarduera antolatzen ditugu formatu anitzetan (ikastaroak, topaguneak, hitzaldiak…) eta askotariko hartzaileentzat.