Amaia Arroyo Sagasta:

Komunikazioan eta Hezkuntzan doktorea da (UNED, 2017), eta Doktoregoko Sari Berezia eskuratu zuen. Gainera, UNEDeko Komunikazioa eta Hezkuntza Sarean masterra eta Mondragon Unibertsitateko IKTak hezkuntzan masterra egin zituen, eta hasierako formazio gisa Hezkuntza Bereziko Irakasle ikasketak.

15 urte baino gehiago egin ditu irakasleak teknologia digitalaren erabilera pedagogikoan prestatzen. Irakasle, aholkulari, ikasmaterialen egile eta editore aritu da, beti ere, ikuspegi teknopedagogikoa ardatz hartuta. Nazioarteko kongresuetan parte hartu du eta akademian modu aktiboan dihardu, artikuluak, liburu-kapituluak eta liburuak argitaratzen. Estatu eta Europa mailako proiektu lehiakorretan ere parte hartzen du, eta komunitateko kide aktiboa da, Edutec eta RUTE bezalako sareetan parte hartuz. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) irakaslea eta ikertzailea da. KoLaborategian, STEM eta Digitalizazioaren arloko ikerketaren koordinatzailea da, baita Lehen Hezkuntzako Graduko Berrikuntza Digitala aipamenarena ere.

Bere ikerlerroak honako hauek dira: konpetentzia digitala hezkuntzan, ikaskuntza inguruneak eta ekosistemak, diseinu teknopedagogikoa eta hezkuntza-berrikuntzaren ikuspegi kritikoa, ikuspegi etikoa aintzat hartuta.

 

Amaia Pavon Arrizabalaga:

Ikus-entzunezkoetan eta errealizazioan ikasketak egin ondoren, 2008az geroztik Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI) dihardu irakasle eta ikertzaile modura komunikazioaren esparruan.

Nerabearen eta lagun-taldearen arteko harremanetan ikus-entzunezkoek dituzten presentzia eta eraginei buruz ikertu zuen doktorego tesian eta hezikomunikazioarekin lotutako jakintza esparruan dihardu, gaur egun, KoLaborategian, HUHEZIren hezkuntza berrikuntza ikertegian. Horrez gain, komunikazioaren esparruko eragileen harremanaz arduratzen da, eta transferentzia eta profesionalentzako prestakuntzan sortzen diren proiektu eta jardunaldiak koordinatzen ditu.