Historia

Batzar Nagusi bateko aktaren lehenengo zatia

Gipuzkoako Artxibo Orokorra Gipuzkoako Lurralde Historikoko gobernu erakundeen artxibo historikoa da: Batzar Nagusiena eta Foru Aldundiarena. Artxiboaren jatorrizko muina Batzar Nagusiek eta Aldundiek 500 urteko historian zehar sortutako dokumentazioa da. XX. mendearen hasieratik, dokumentazio horri beste funts batzuk gehitzen joan zitzaizkion, hala nola Gipuzkoako Korrejimenduaren Audientziako agiriak (XVI. mendetik XIX. mende erdialdera artekoak direnak) eta Tolosako notari barrutiko protokoloak (XVI. mendetik aurrera, urtero 100 urte betetzen dituztenak gehituz).

Agiri funts handi horiez gain, Artxiboak beste hainbat artxibo eta bilduma ditu, publikoak zein pribatuak, horregatik egun AGG-GAO artxiboen artxiboa dela esan genezake.

Batzarre eta Aldundien artxiboa XIV. mendean sortu zen, Gipuzkoako Hermandadearekin batera. Ez zuen egoitza finkorik izan, 1530eko maiatzaren 4an Batzarre Nagusiek, Zumaian bildurik, artxiboa Tolosako Santa Maria elizara eramatea erabaki zuten arte. Bertan iraun zuen 1904. urtean Aldundiak San Frantzisko pasealekuko agiritegia egin zuen arte.

Artxiboaren historiari buruz gehiago jakiteko, 1990ean egindako erakusketaren katalogoa kontsulta daiteke: Batzarre eta Aldundietako Artxibategitik Gipuzkoako Artxibategi Orokorrera.