Nola aurkitu Gerra Zibilean eta diktadura frankistan preso egon zen pertsona baten espedientea?

 

Errepresaliatutako pertsona baten espediente prozesala aurkitzeko gakoak bi dira:

1) askatua izan zen edo zigorra bete zuen urtea

2) askatua izan zen edo zigorra bete zuen lekua.

Diktadura frankistan, ohikoa zen presoak espetxe batetik bestera mugitzea, eta, kasu horietan, espediente prozesala errepresaliatuarekin berarekin lekualdatzen zen. Ondorioz, gaur egun, espedientea askatasuna lortu zuen espetxeko artxiboan edo espetxea zegoen probintziako artxibo historikoan dago.

Errealitate horren aurrean, ondorengo egoera hauek gerta daitezke espetxe-espediente bat aurkitzeko orduan:

  • Errepresaliatua 1936-1947 urteen artean kartzelatu eta askatu zuten Gipuzkoan:

Kontsulta bat egin behar duzu gure online katalogoan, errepresaliatutako pertsonaren izen-abizenen arabera. Espedientearen kopia digital bat eska dezakezu atarian bertan.

Artxibo honetan, 1936-1947 urteetan Gipuzkoako espetxeetan kartzelatu zituzten, zigorraren zati bat bete zuten edota askatu zituzten pertsonen espediente prozesalak kontserbatzen ditugu. Zehazki, 10.604 espediente gordetzen ditugu, honako espetxe hauetatik datozenak:

 

Espetxearen izena

Esp. kopurua

Datak

Saturrarango Emakumeen Espetxe Zentrala

2.070

1936-1944

Donostiako Probintzia Espetxea

7.630

1936-1947[1]

Tolosako Barrutiko espetxea

822

1914-1944

Azpeitiko Barrutiko espetxea

82

1936-1944

GUZTIRA

10.604

1914-1956

  • Errepresaliatua 1947-1978 urteen artean Gipuzkoan edo Gipuzkoatik kanpo kartzelatu eta askatu zuten:

Espediente hauek Donostiako espetxean (Martutenen) edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Artxibo Nagusian (Gasteizen) egon daitezke.

Beraz, espediente horiek aurkitzeko, zerbitzu hauetara idatzi behar duzu (bietara):

  1. Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren liburutegi-zerbitzua (Barne Ministerioaren mendekoa):

biblioteca@dgip.mir.es

Mezuan kartzelatutako pertsonaren izen-abizenak zehaztu behar dituzu, eta, informaziorik baduzu, askatu zuten espetxea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Orokorra (Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publikoaren Sailaren mendekoa).

         ejgvartxibo@euskadi.eus

 

[1] 1948-1956 urteetako espediente solte batzuk daude.