Pergaminoen bilduma

Ehunka pergamino daude artxiboan bildu diren dokumentuen artean. Pergaminoak bi bide ezberdinetik ailegatu zaizkigu: notario-protokoloetan txertatutako pergaminoak, eta protokolo edo beste dokumentuetako azaletan erabilitako pergaminoak.


1. Notario-protokoloetan txertatutako pergaminoak


Batzuetan notario-eskriturek ondoko dokumentu batzuk behar izaten zuten balio legala izan ahal izateko (ahalordeak, demostrazioetarako eskriturak,…). Erantsitako dokumentu horien artean batzuk pergaminoan idatziak zeuden eta, kontserbazio baldintza berezia duten dokumentuak direla kontutan hartuta, dokumentu horiek deskribatu ditugu eta kontsultagarri daude artxiboko deskripzio instrumentoetan.


2. Antzinako kodize zatietako bilduma


Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan antzinako kodize edo inprimakien zatietako bilduma kontserbatzen da, garrantzia handiko bilduma dena. Kodize edo inprimaki horien etorrera oso bitxia da, antzina behin kodizeak edo liburuak erabiltzeari uzten ziotenean -zaharrak zirelako, letra ulergaitza zelako edo dena dela- desenkoadernatu egiten ziren eta orriak beste liburuetako azaletarako erabiltzen ziren, besteak beste, notario-protokoloetan.


 

Bildumaren garrantzia kopuruan dago, 300etik gora direlako  eta, antzinatasunean, batzuk XII edo XIII. mendean sortuak direlako eta gehien-gehienak XII eta XVI. mendeen artekoak. Hau da, Gipuzkoan sortu edo kontserbatzen diren dokumentu zaharrenetarikoen aurrean gaude.
Adibide bat bezala hemen ondoan duzu XIII. mendeko biblia baten bifolio bat Daniel eta Iohel liburuetako zati bat jasotzen duena (AHPG-GPAH 1/0027 - perg. 371x482 mm.) aditu baten esanetan Ingalaterrako scriptorium batean idatzitakoa
Kodize zati horietako askok erlijio liburuen zatiak dira, baina, horiez gain, zuzenbideko kodizeak ere badaude, ‘Las Partidas’ bezalako bat, adibidez. Erlijio liburuen artean mota askotakoak daude: brebiarioak, bibliak, gradualak, antifonarioak...

 

Kodize zati hauen artean garrantzi berezia dute musika notazioak jasotzen dituztenak. Asko direlako ( 200etik gora), oso antzinakoak (XII, XIII edo XIV. mendeetakoak) eta, batez ere, beste artxibotan ez direlako horrenbeste. Kodize musikatu horien maiztasunaren arrazoia, ziuraski, tamainan datza, handiak zirelako eta orriak askatzerakoan hobeto eta errazago estaltzen zituztelako protokoloak.
Kodize musikatuen zati hauek ondo ezagutzeko ezinbestekoa da kontsultatzea  Carmen Rodriguez Susok idatzitako liburua: 'La Monodia litúrgica en el País Vasco'. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa, 1993. Lan horretan artxiboan kontserbatzen diren kodize musikatuetako zatien banan-banako azterketa kontsultatu daitezke.

 

 

 

Arkitektura diseinuak jasotzen duten pergaminoak topatu daitezke ere, bi besterik ez badira oso interesgarriak dira ez baitakigu nork sortuak diren ezta zein obratarako eginak izan ziren.