Hipoteka Kontularitzak ondasun higiezinen transmisioari buruzko erregistro bat eratzeko lehen saiakera dira eta Gipuzkoan 1768-1862 bitartean funtzionatu zuten. Gaur egungo jabetza erregistroen aurrekari zuzenak dira. Hainbat ekintza juridiko (salerosketa, jaraunspenak,…) erregistratzen zituzten, non ondasun higiezinak (etxeak, baserriak, lursailak) berme moduan jartzen ziren, alegia, hipotekatzen ziren (salerosketak, jaraunspenak,…). Beren helburua zen erosleek jakin zezaten eskuratzen zituzten ondasun higiezinen gain zein karga edo hipoteka zeuden.
Liburu horietako bakoitza Hipoteka Kontularitza jakin batetik dator. Garai edo helburuaren arabera, egituraketa ezberdina izan dezakete, baina guztiek informazioa era berdinean jasotzen dute. Kontularitza bakoitzak negozio juridiko guztiak idazpenetan erregistratzeko liburu bat izaten zuen. Liburu bat osatzen zenean hurrengoa hasten zen, eta, horregatik, kontularitza bakoitzean dagoen liburu bolumena jasotako idazpen kopuruaren araberakoa da; ondorioz, ondasun higiezin eta biztanle gehien duten herriek, ondasun edo biztanle gutxiago zutenek baino liburu gehiago sortu zituzten.
Erregistroaren azalak titulu bat darama eta, horri esker, zein kontularitzari dagokion jakin dezakegu.
Erregistro liburu bakoitzaren barruan albiste erregistragarriak era kronologikoan idatzi ziren. Albiste bakoitzak ondasun higiezinak bermatu duen negozio juridikoa deskribatzen du. Idazpen bakoitzak elementu berdinak aurkezten ditu beti, nahiz eta erregistratzaile bakoitzak bere erara ordenatu ditzakeen. Elementu horiek honakoak dira:
Honako lerroetan ohikoa den erregistro idazpen bat transkribatzen dugu:
'Doy fe yo el dicho escribano que por escritura otorgada en la villa de Ormaiztegui el dia siete de enero del presente año ante Pedro Nolasco de Múgica, escribano del numero de la misma villa y de la de Gaviria, José Vicente de Apaolaza se obligo a devolver a Juan Josefa de Murguiondo doscientos reales de vellon... que ha recibido en calidad de prestamo... e para mayor seguridad hipoteco su caseria de Izaguirre Chiquia sita en Cerain... cuyra razon tomo en este libro de Hipotecas correspondiente a la villa de Cerain en este Partido Judicial de Azpeitia... hoy trece de enero de mil ochocientos cincuenta y dos'.
Negozio juridikoa islatzen den notario-eskriturari buruzko datuek (eskribaua, eskribautza eta data), notario-eskritura azkar lokalizatzea ahalbidetzen dute. Beraz, Hipoteka-kontularitza, kontserbatzen ditugun milioika notario-eskrituraren lokalizazio lan zaila errazten duen tresna da.
1845etik aurrera hipoteka erregistroak barruti epaitegiek kudeatu zituzten eta horrek hipoteka kontularitzetako liburu ezberdinen elkartzea ekarri zuen. Horrek, halaber, kontularitza liburuetan erregistratuta zeuden erregistroak aurkitzeko beharra sortu zuen, eta, hori dela eta, aurkibide sistema bat eratu zen. Gaur egun aurkibide horiek oso baliagarriak izaten jarraitzen dute, ondasun jakin bati dagozkien erregistro idazpenak aurkitzea posible egiten baitute. Ikus dezagun hipoteka kontularitzako aurkibide baten adibidea.
Kasu honetan, Hernaniko Hipoteka Kontularitzako liburuen aurkibide baten aurrean gaude. Lehenengo eta bigarren zutabeek erregistroaren lokalizazioari buruzko datuak eskaintzen dizkigute, eta goiburuan identifikatzen den liburuari egiten diote erreferentzia. Hirugarren eta laugarren zutabeek ondasun higiezinaren izena eta mota (etxea, baserria, lursaila) adierazten dizkigute. Beste zutabeek, aldiz, negozio juridiko motari eta horretan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak ematen dituzte.