OINATIKO SANCTI SPIRITUS UNIBERTSITATEKO ARTXIBO-FUNTSA ETA LIBURUTEGIA
Sancti Spiritus Unibertsitateko artxibo-funtsa
Unibertsitatearen historia dela eta, berari lotutako dokumentuak Oñatiko artxiboaren eta Valladolideko Artxibo Unibertsitarioaren artean sakabanaturik daude. Orokorrean, Oñatin eskola-unibertsitateari buruzko dokumentuak daudela esan dezakegu, hau da, komunitate unibertsitarioaren antolakuntza, bere ekonomia eta abar islatzen dutenak. Valladoliden, aldiz, erakundearen alde guztiz unibertsitarioarekin lotutakoak: ikasleen espedienteak, azterketak, eta abar. 1930. urtean José A. Lizarralde O.F.M.-k egin eta argitaratutako Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitateko dokumentuen katalogoa zure eskura jartzen dugu.
Unibertsitatearen liburutegia
Oñatiko Unibertsitatearen liburutegia, erakunde honen jakintza-metaketa prozesuaren emaitza da. Lau mendetan zehar osatu da liburutegia, Rodrigo Saez Mercado de Zuatzola fundatzailearen beraren liburutegitik abiatuta baina gero irakasle zein ikasleek, beren hezkuntza-esparruen ikasketan interesgarriak ziren lanak gehituz, bereziki teologia eta zuzenbideari buruzkoak. Hala, 4.000 lanek (gehienak XV, XVI eta XVII. Mendeetakoak) osatzen dute ezagutza oparo hori eta Euskal Herriko antzinako funtsak gordetzen dituen liburutegi garrantzitsuenetako bat bihurtu dute.
Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatea.
Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatea izan zen, XVI. mendetik XIX. mendera arte, Euskal Herriko unibertsitate bakarra. Hori dela eta, Antzinako Erregimenaren garaian berebiziko garrantzia izan zuen goi-mailako ikastegi bezala. Unibertsitatearen beste ezaugarri berezietako bat bere egituraketan datza, XVI. mendetik desagertu arte eskola-unibertsitatea eta unibertsitatea bera banandurik egon baitziren. Honek, unibertsitateak sortutako dokumentuak gaur egun artxibo ezberdinetan zergatik dauden azaltzen du. Eskola, zentro batean batera ikasten zuten gizonezkoez osaturiko komunitate akademiko autonomo edo erdi-autonomoa zen; zentro hori hornitua zegoen, hau da, bere fundatzaileak jaraunspenean utzitako ondareak ziren bere diru-iturria. Unibertsitatea, aldiz, ikasketak eskaini eta titulu unibertsitarioak banatzeko gai zen zentroa zen.