Lehen auzialdiko epaitegiek eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak sortutako eta kudeatutako dokumentazioa (1942/03/07-1945)

 

Erakundearen historiaIrudian erantzukizun politikoen espediente baten burukoa ikusten da, Bergarako lehen auzialdiko epaitegikoa.

Gerra amaituta eta errepresio ekonomikoa gauzatzeko zituzten arazo burokratikoak egiaztatuta, erregimenak 1939an sortutako organo jurisdikzionalak (Erantzukizun Politikoen Auzitegiak) ezabatu zituen eta eskumena jurisdikzio arrunteko organoei eskualdatu zien.

Hala, Erantzukizun Politikoak Erreformatzeko Legearen bidez[1], Nafarroako Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Auzitegia kendu zen, eta, harekin batera, mendeko instrukzioko bi epaitegiak (Erantzukizun Politikoen Instrukzioko Gipuzkoako Epaitegia eta Nafarroakoa). Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hartu zituen bere gain eskualdeko auzitegiaren eskumenak, eta instrukzioko epaitegiarenak, berriz, instrukzioko eta lehen auzialdiko epaitegi arruntek (Bergara, Azpeitia, Tolosa, Donostia).

1942ko martxotik aurrera, kausen largespen ia masiboa gertatu zen; izan ere, legearen erreformak berak zortzigarren artikuluan ezartzen zuen epaitegiak espedientea largestea erabaki behar zuela honako hiru egoera hauetan:

  1. Erruztatua kaudimengabea (insolbentea) denean.
  2. Erruztatuak bere eta bere familiaren beharrak betetzen dituenean jornal batekin edo lurren errentamenduarekin bizi den herriko brazero baten jornalaren halako bi gainditzen ez duenean.
  3. Erruztatuak ondasunen 25.000 pezetako balioa gainditzen ez duenean.

Jurisdikzio bereziak 1945ean kendu zituzten[2], eta behin betiko azkentzeko asmoz, Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionala ordeztu zuen Erantzukizun Politikoen Likidaziorako Batzordeak. 1945etik aurrera, ez zen erantzukizun politikoen kausa berririk ireki, eta izapidetzen ari zirenak Batzorde Likidatzaileak ebatzi zituen, 1960ra arte jardun zuena.

Jurisdikzio bereziak ezabatu zirenez, 1945ean, erantzukizun politikoen espedienteak Erantzukizun Politikoen Batzorde Likidatzailera transferitu ziren, eta erakunde horrek espedientea amaitu ondoren (gehienak behin-behinean artxibatu zituzten), espedientea izapidetu zuen lehen auzialdiko epaitegira bidali zuten.

Azkenik, 1966an[3] diktadura frankistak behin betiko iraungitzat jo zituen erantzukizun politikoak, bete gabe zeuden zehapenen indultu osoa dekretatu baitzuen.

Gordetzen dugun dokumentazioaren bolumena

Artxiboan gordetzen dugun aldi honetan (1942-1966) izapidetutako erantzukizun politikoei buruzko dokumentazioa ondorengoa da:

Jurisdikzio bakoitzeko erantzukizun politikoen espediente kopurua

Gipuzkoako Probintzia Auzitegia

19

Azpeitiko lehen auzialdiko epaitegia

36

Bergarako lehen auzialdiko epaitegia

151

Tolosako lehen auzialdiko epaitegia

0

Donostiako lehen auzialdiko epaitegiak

28

GUZTIRA

234

 

[1] 1942ko otsailaren 19ko Legea, erantzukizun politikoen erreformari buruzkoa (BOE, 66. zk., 1942ko martxoaren 7koa).

[2] 1945eko apirilaren 13ko Dekretua, zeinaren bidez ezabatu egiten baita Eskumen Politikoen Jurisdikzioa (BOE, 115. Zk, 1945eko apirilaren 25ekoa).

[3] 2824/1966 Dekretua, azaroaren 10ekoa, erantzukizun politikoak behin betiko iraungitzeko indultuari buruzkoa