Bakearen Nazioarteko Jardunaldia Tolosan egingo du UNESCOk
Irailaren 17an izango da jardunaldia, eta arteak bakea lortzerako garaian duen garrantzia jorratuko dute; gatazka-garaiak bizi izan dituzten herrialdeetako sei abesbatzek hartuko dute parte.
- 450
Irailaren 17an izango da jardunaldia, eta arteak bakea lortzerako garaian duen garrantzia jorratuko dute; gatazka-garaiak bizi izan dituzten herrialdeetako sei abesbatzek hartuko dute parte.
Tolosa bakearen nazioarteko hiriburu izango da egun batez. XX. Bakearen Nazioarteko Jardunaldia bertan ospatuko du UNESCOk, irailean, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Tolosako Udalarekin, TOPIC Zentroarekin eta Tolosako Ekinbide Etxearekin elkarlanean.
1981ean ezarri zuen, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak, Bakearen Nazioarteko Eguna, eta ordutik irailaren 21ean ospatu ohi da. Ospakizun horren testuinguruan, azken bi hamarkadetan bakearekin lotutako hezkuntza eta sentsibilizazio publikoko ekimenak biltzen dituen jardunaldi bat antolatu izan du urtero UNESCOk.
Mundu mailako hitzordua da, urtero lekuz aldatzen baita. Aurtengo hogeigarren ediziorako Euskal Herria hautatu dute egoitza nagusi. Tolosak (Gipuzkoa), abesbatzekin eta txotxongilo arteekin duen harremanari esker, hartuko du ospakizuna irailaren 17an, Nazioarteko Egunaren aurreko larunbatean, hain zuzen.
Ekitaldiaren aurkezpena Tolosako Euskal Pizkundea plazan egin da, bertan hasiko baita hilaren 17an bertan, kultur martxa. Bertan izan dira Beatriz Artolazabal Albeniz Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Ion Gambra Ibarzabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura
Demokratikoaren zuzendari nagusia; Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkatea; eta Estitxu Zaldua TOPICeko zuzendaria.
Sei abesbatza eta martxa handi bat
XX. Bakearen Nazioarteko Jardunaldiak arteak bakearen kulturarekin duen harremana aztertuko du. Egitaraua irailean emango da ezagutzera oso-osorik, baina aurreratu dutenez, hiru ekitaldi nagusi izango ditu.
Goizean, TOPIC-en egingo den mahai-inguru batean artearen, gazteriaren eta bakearen arteko harremana aztertuko da.
Arratsaldean, Tolosako kaleetan bakearen aldeko martxa kultural eta herrikoia egingo da, mundu osoan indarkeria bertan behera utz dadin eskatzeko. Munduko hainbat lekutatik etorritako bost abesbatzak, eta Euskal Herriko beste batek, ibilbidearen hainbat puntutan abestuko dute. Martxaren amaieran, Josu Elberdin konpositore euskaldunak egun honetarako konposatutako obra bat abestuko dute abesbatza guztiek, elkarrekin.
Iluntzean, Leidor Aretoan abesbatza guztiek kontzertu berezia eskainiko dute, eta ekitaldi horrekin emango zaio amaiera ospakizunari.
Gonbidapenak, bai mahai-ingururako, baita kontzerturako ere, doan eska daitezke, bakea.eus webgunearen bidez.
‘Bakearen usoa’ irudikatuz
Ekitaldiaren iruditeria grafikoa bakearekin oso lotuta dagoen lan artistiko batean oinarritu da: Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa eskulturan, zeinak zioen “indarkeriak kontraesan sakonegia dakarrela; askatasuna, bizitza alegia, heriotzaren bidez lortu nahi baitu”. Jonan Basterretxeak, hain zuzen, gaurko aurkezpen ekitaldian ere presente egon denak, bere aitaren eskulturan oinarritutako txotxongilo bat sortu du, eta irailaren 17ko kultur martxaren buru izango da.
Etorkizuna, elkarbizitzan
Bakearen Nazioarteko Eguna Tolosan ospatzea aukera paregabea da gizartean bakearen balioak sustraitzeko eta indartzeko. Horixe da, hain zuzen ere, ekitaldiaren antolaketan parte hartu duten erakunde guztiek adierazi dutena.
Beatriz Artolazabal sailburuaren hitzetan, “bakeak indarkeriarik eza baino askoz gehiago izan behar du. Printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan oinarrituta egon behar du”. Ildo horretan, nabarmendu du egungo testuinguru geopolitiko honetan “are zentzu handiagoa” duela jardunaldi honek, “bakeak gaur egun ere konpromisoak behar dituelako. Eta gure konpromisoak bi oinarri ditu gaur egun: kultura eta gazteria”.
Ion Gambrak adierazi duenez, bakean eta Giza Eskubideetan oinarritutako bizikidetza eta kultura demokratikoa indartzeko “gizarte osoaren kontzientzia eta konpromiso aktiboa” behar da. “Gure gizartean zein mundu osoan, ildo horretan konprometitutako eta antolatutako herritarrak bakearen eta giza eskubideen aldeko aktibo handiak dira. Bakearen Nazioarteko Egunaren ospakizunak balio horiek are gehiago zabaltzeko eta sustraitzeko aukera paregabea eskaintzen digu, mundu osoko herrialdeekin partekatuz eta, gainera, kulturaren eta artearen bidez ospatuz”, aitortu du Giza Eskubide eta Kultura Demokratikorako foru zuzendariak.
Bestalde, Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak nabarmendu duenez, “Tolosak gatazka garaiak bizi izan ditu, indarkeria mota desberdinekin, baina aurrera egiten jakin dugu, elkarbizitzarako urratsak ematen, errespetutik, hausnarketatik eta elkarrizketatik abiatuta, eta erakundeek eta herritarren foroek bultzatutako ekimenen
bidez; horregatik esan dezakegu Tolosa adierazgarria dela bizikidetzaren arloan, eta baita kulturaren arloan ere; horregatik izango da bakea aldarrikatzeko gure modua. Jardunaldi honek aukera emango digu bizikidetzaren arloan lanean jarraitzeko eta bakearen kultura sustatzeko, giza eskubideen defentsan, etorkizuna gure iraganetik
ikasiz eraiki dezagun”.
Topiceko zuzendari Estitxu Zalduak ere azpimarratu du artea dela bakea lortzeko sostengu nagusienetako bat: “Artea kulturen, ideologien eta kontrako pentsamenduen arteko lotura izan da, da eta izaten jarraituko du. Historikoki, ez da egon kohesioa, demokratizazioa eta bakea, bizikidetza eta batasun soziala oinarri dituzten ekimenak sustatzen ez dituen arterik. Horregatik, herritarren kohesioa bilatuko den egun honetan, txotxongiloen artea presente izango da”.