Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Adopzioa

Nortzuk adoptatu dezakete?

Adopzioaren bitartez guraso izan nahi duten pertsonek edo bikoteek, ezkontide izan edo izatezko bikote izan.

Horretarako, honako hauek egin behar dituzte:

  • Espainiako eta Autonomia Erkidegoko legeriak ezartzen dituen baldintzak bete. Nazioarteko adopzio bat egin nahi bada, atzerriko herrialdeak ezarritako baldintzak ere bete beharko dituzte.
  • Adingabe bat adoptatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren egokitasun ziurtagiria lortu.

Adopzio bat nola tramitatu behar da?

Adopzio eskaera egin nahi dutenek Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentura etorri behar dute. Bertan, jarraitu beharreko urratsei buruz informatuko zaie.

Foru Aldundiak parte hartzen duen izapide guztiak doan dira eskatzaileentzat.

Informazio gehiago eskuratzeko:

Haurren eta Nerabeen Babeseko Zerbitzua

Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentua

Zarategi, 99 - 20015 Donostia-San Sebastián

Tfno.: 943 11 25 66

Informazio eta prestakuntzako saioak

Adopzio proiektuari buruzko erabakiak erraztea dute helburu. Saioetara derrigorrean joan behar da, eta bertan ondorengo gaiak aztertzen dira: baldintzak eta legeak (orokorrak eta herrialde bakoitzekoak), psikologikoak, sozialak, hezkuntzari dagozkionak eta adopzio prozesuan garrantzitsua den beste edozein gai. Gainera, babes neurri horrek dakartzan arrisku eta zailtasunak ere aztertzen dira. Prozesua abian jarri nahi dutenek aurkeztu beharreko inprimaki eta dokumentuei buruzko informazioa ere ematen da.

Adopzio arautegiak ezartzen dituen inprimaki eta dokumentuak aurkeztea:

Adoptatu nahi dutenek nazioarteko adopzio bat tramitatu nahi badute, Egokitasun Deklarazioaren Eskaeraren inprimakia aurkeztu beharko dute, prestakuntzako saioetan eskatu zaizkien dokumentuekin batera. Inprimakian zehaztu beharko dute adopzioa zer herrialdetan tramitatu nahi duten eta, hala balegokio, zer Nazioarte Adopziorako Erakunde Laguntzailek esku hartuko duen tramitazioan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden umeak adoptatu nahi badituzte, “Adopziorako eskaintza” eta prestakuntzako saioetan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharko dituzte. Ondoren, Foru Aldundiak eskatuta, Egokitasun Deklarazioaren Eskaera aurkeztu beharko dute, beharrezkotzat jotzen den gainerako dokumentazioarekin batera.

Egokitasun balorazioa

Psikologoek eta gizarte laguntzaile espezializatuek elkarrizketa batzuk egiten dituzte eskatzaileekin, horien baldintza pertsonalak, psikologikoak eta sozialak aztertu eta Egokitasun Psikologiko eta Sozialeko Txostena egiteko. Txosten horren arabera, eskatzaileak egokiak diren ala ez erabakitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta dagokion ebazpena ematen du. Nazioarteko adopzioen kasuan, Egokitasun Ziurtagiri bat ere ematen da.

Adopzio espedientearen dokumentazioa atzerriko herrialdeko agintaritzari bidaltzea (nazioarteko adopzioetan bakarrik).

Adopzioa NAEL baten esku-hartzerik GABE egiten bada (NAEL, “bide publiko” edo “protokolo publiko” gisa ere ezagutzen da) Foru Aldundiak adopzio gaien eskumena duen Estatuko Ministerioaren bitartez bidaliko dio espedientea adingabearen jatorrizko herrialdeko babes gaietako erakunde eskudunari.

Adopzioa NAEL baten bitartez tramitatzen bada, eskatzaileek kontratatutako NAEL erakundearen bitartez bidaliko du Foru Aldundiak espedientea. NAEL erakundeek bere gain hartzen dituzten funtzioak, besteak beste, ondorengoak dira: interesatuak informatu eta aholkatzea, agintaritza eskudunen arteko adopzio espedienteen tramitazioan esku hartzea, eta adoptatu ondorengo zereginak betetzeko beharrezkoak diren gestioak egitea.

Adopzioa eratzea

Adopzioa eratu ondoren, Espainiar Estatuko Erregistro Zibilean inskribatu behar da (atzerriko herrialdeko Espainiar Enbaxadako edo Kontsulatuko Erregistro Zibilean, Madrileko Erregistro Zibilean edo adoptatzaileen helbideari dagokion Erregistro Zibilean).

Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dagoen umea adoptatzeko kasuan, Donostiako Familia Epaitegiak egingo du adopzio tramitea espediente judizial baten bidez.

Adopzio ondorengo jarraipena

Jarraipena derrigorrean egin behar da eta horren xedea umea familia berrian nola dagoen jakitea da; oinarrizko beharrak jasotzen dituen egiaztatzea, eta familiei adopzioaren ondorioz sor daitezkeen egoerak jakinaraztea.

  • Adopzioa nazioartekoa bada, atzerriko herrialdeko araudiak ezartzen duen maiztasunarekin burutuko da adopzio ondorengo jarraipena. Adopzioa NAEL baten bitartez tramitatu bada, berak egin beharko ditu jarraipen txostenak. Bestela, Foru Aldundiak egingo ditu.
  • Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden umeen kasuan, adopzio ondorengo jarraipena adopzioa hasi eta gutxienez ondorengo 2 urtetan egingo da, eta Foru Aldundiak egingo ditu dagozkion txostenak.

Adopzio ondorengo jarraipena

Jarraipena derrigorrean egin behar da eta horren xedea umea familia berrian nola dagoen jakitea da; oinarrizko beharrak jasotzen dituen egiaztatzea, eta familiei adopzioaren ondorioz sor daitezkeen egoerak jakinaraztea.

  • Adopzioa nazioartekoa bada, atzerriko herrialdeko araudiak ezartzen duen maiztasunarekin burutuko da adopzio ondorengo jarraipena. Adopzioa NAEL baten bitartez tramitatu bada, berak egin beharko ditu jarraipen txostenak. Bestela, Foru Aldundiak egingo ditu.
  • Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden umeen kasuan, adopzio ondorengo jarraipena adopzioa hasi eta gutxienez ondorengo 2 urtetan egingo da, eta Foru Aldundiak egingo ditu dagozkion txostenak.

Adopzio ondoko zerbitzua

Gipuzkoako Foru Aldundiak adopzio ondoko laguntza eta orientazio zerbitzu bat du. Zerbitzua, honen beharra duten Gipuzkoako familia adoptatzaile edo pertsona adoptatuentzat da.

Laguntza programa hori adopzio arloko psikologo espezializatuek ematen dute. Banakako eta doako zerbitzua da.

Zerbitzu honen helburua da adopzioari buruzko zalantzak eta eragozpenak zuzenean ebaztea. Horiek sor daitezke:

  • Familietan, adopzioa eratu ondoren.
  • Adoptatu diren pertsonekin, urteetan zehar.

Zailtasun horiek gaindituz, pertsona horien bizi kalitatea hobetuko da.

Adoptatutako haurrak edo nerabeak dituzten familiei aholkularitza psikologikoa

Adopzioa prozesu konplexua da, eta sarritan zalantzak eta hainbat zailtasun sor ditzake famili adoptatzaileengan.

Adopzio ondoko zerbitzuaren bitartez, Foru Aldundiak orientazio psikologikoa eskaintzen die haurrak edo nerabeak dituzten familiei, adopzioarekin lotutako arazo espezifikoak sortzen direnean.

Aholkularitza psikologikoa adoptatuentzat

Pertsona adoptatuak laguntza psikologikoaren beharrean egon daitezke, adopzioarekin zerikusi duten iraganeko hainbat esperientzia gainditzeko.

Kasu horretan, adopzio ondorengo zerbitzuak, orientazio psikologikoa eskainiko die, adopzioari dagozkion beren behar espezifikoetan.

Adopzio espedienteetan dauden jatorri biologikoetara eta beste informazio batzuetara sarrera

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak pertsona adoptatuek euren filiazio biologikoa jakiteko duten eskubidea onartu zuen, eta bertako 84.2 artikuluan ezartzen denez, pertsona adoptatuek hala eskatuz gero, Administrazio Publikoek isilpeko bitartekaritza prozeduraren bitartez eman beharko diete informazio hori, datuak jakinarazi aurretik.

Ondoren, abenduaren 28ko 54/2007 Legeak, Nazioarteko Adopzioari buruzkoak, pertsona adoptatuek euren jatorri biologikoak ezagutzeko duten eskubidea arautu zuen, nazioarteko adopzio-prozesuetan bezala (12. art.) baita nazio-mailakoetan ere (180.5 art.an ezarritako eraldaketari esker). Bertan ezartzen den moduan, eskubide hori Adingabeak Babesteko Erakunde Publikoaren nahiz xede horretarako baimenduak dauden gainerako erakundeen zerbitzu espezializatuen aholkularitza, laguntza eta bitartekaritzarekin gauzatuko da, eta Erakunde Publiko eskudunek jatorri horiei buruz eduki dezaketen informazio oro behar bezala gordeko dute, bereziki guraso biologikoen identitateari buruzko informazioa, eta baita adoptatutako neska edo mutikoaren eta horren familiaren historia medikoa ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, adopzioko espedienteen edukiak, oro har, eta jatorri biologikoen puntuak, zehazkiago esateko, duten garrantziaz eta sortzen duten sentsibilitateaz ohartuta, eta eremu horretan jarduera publikoak gardena izateaz gain aldi berean gisa horretako espedienteek ukitutako pertsonen datu pertsonalak behar bezala gordetzeak duen garrantzia ere ikusiz,2015ko maiatzaren 19an egindako bileran Diputatuen Kontseiluak erabaki zuen jatorri biologikoetara eta adopzioko espedienteetako beste informazio batzuetara iristeko prozedura onartzea.

Erabaki honen helburu nagusia pertsona adoptatuen aldetik euren jatorri biologikoetara iristeko prozedura arautzea da, alde batetik, helburu hori gauzatu ahal izateko aurrera eraman beharreko jarduera desberdinak ezarriz, ukitutako pertsonei aldez aurretik jakinaraziz, isilpeko bitartekaritza-prozedura baten bitartez, eta Foru Aldundiak eskaintzen duen aholkularitza, laguntza psikologikoa eta bitartekaritza baliatuz horretarako; eta horrez gain, jatorri biologikoen inguruan eta eduki ditzakeen bestelako anai-arreba batzuen inguruan emango den informazioa ere zehaztuko da.

Beste alde batetik, adopzioko espedienteetan interesa duten beste pertsona batzuek (pertsona adoptatuen ondorengoek, guraso biologikoek, eta beste senide batzuek, hala nola baita guraso adoptatzaile edo adopzio-hartzaileek ere) informazio horretara iristeko prozedura ere arautzen du dekretuak, pertsona adoptatua edo beste hirugarren batzuk uki ditzaketen datuak zuhurtzia osoz erabiliz.

Diputatuen Kontseiluaren Erabakia ekainaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren 109. zenbakian argitaratu zen.

Ume Alaia Elkartea

Ume Alaia Gipuzkoako familia adoptatzaileen elkartea da.

Hauek dira bere helburuak:

  • Adoptatzaileentzako eta adoptatuentzako elkargune izatea.
  • Haur adoptatuei beren identitatea eraikitzen laguntzea
  • Baliabideak eskuratzeko tresnak garatzen laguntzea adoptatzaileei.
  • Informazioa, orientazioa, formakuntza eta aholkularitza eskaintzea.
  • Adoptatuaren familia- eta gizarte-integrazioa laguntzea.
  • Gizarte-esparruan lan egitea, haurraren aldeko legeria aurrerakoiago bat errazteko.
  • Familiarik gabeko haurren familia-integrazioa laguntzea.

Horretarako hau guztia egiten du:

  • Informazioa: adopzioan interesatuta dauden familiei, jadanik adoptatu dutenei, eta adopzioan interesa duten edota beren esparru profesionalean modu egokian erantzuteko informazioa eskatzen duten profesionalei.
  • Hitzaldiak eta formakuntza jardunaldiak.
  • Gurasoentzako psikoheziketa lantegiak, haurrentzako psikoheziketa lantegiak eta nerabeentzako psikoheziketa lantegiak.
  • Espedientearen izapidea osatu bitartean adopzioa eskatu duten pertsonak formatzea eta laguntzea.
  • Aholkularitza psikologikoa.
  • Hezkuntza aholkularitza.
  • Sendien arteko bilkurak