Herritarren Batzarraren elementu gakoak (ELGA)

 

ELGAk, administrazio publikoko, gizarte zibileko eta akademiako profesional garrantzitsuen nazioarteko talde batekin lankidetzan, erabaki publikoak hartzeko deliberazio-prozesuetan jardunbide egokien irizpideak argitaratu ditu. Xedea da arduradun politikoei eta profesionalei deliberazio-prozesu ordezkatzaileak antolatzen laguntzea. Herritarren Batzarretan oinarri horiek ardatz hartuta lan egingo dugu:

 

  1. Helburua: erakunde publiko komanditarioak xedea aurkezten du eginkizun argi gisa eta arazo publiko zehatz bati lotuta. Galdera formatuan idatziko da, modu neutralean eta hizkera arruntean.
  2. Kontuak ematea: jorratutako edukiek erabaki publikoetan eragina izango dute. Erakunde publiko komanditarioak konpromisoa hartzen du parte hartzaileen gomendioei prozesua amaitutakoan eta jendaurrean erantzuteko. Onartutako gomendio guztien inplementazioaren jarraipena egingo du, eta landutakoaren berri emateko maiz jarraipen txostenak argitaratuko ditu.
  3. Gardentasuna: deliberazio-prozesua hasi aurretik, jendaurrean aurkeztuko dute sustatzaileek eta erakunde komanditarioak egitasmoa. Prozesuaren diseinua eta material guztiak (besteak beste, egitarauak, txostenak, azaldutako informazioa eta datuak, aurkezpenen audioak eta bideoak, parte-hartzaileek sortutako txostena eta haien gomendioak —horiek partaideen hitzak erabiliz idatziko dira— eta ausaz aukeratutako herritarrek erabilitako metodologien deskribapenak) saioen ostean partekatuko dira egitasmoaren webgunean.
    Egitasmoaren finantziazio iturria argi azalduko dute eragile sustatzaileek; halaber, argitaratuko dituzte ordezkari publikoek gomendioei emandako erantzuna, prozesuaren ebaluazioa eta komunikazio estrategia.
  4. Ordezkatzeko gaitasuna: talde-minoritarioen parte hartzea bermatua izan dadin, haien inklusioa nola ahalbidetu landuko da. Parte hartzea sustatu eta mantendu behar da, nola-eta partaideei haien denboragatik ordainduz, gastuak ordainduz eta/edo laguntzen bidez, edo zaintza zerbitzuak eskainiz edo ordainduz.
  5. Inklusioa: partaideek tokiko herritarren mikrokosmosa ordezkatu behar dute. Hori lortzeko, lurraldeko aniztasuna ordezkatzen duen taldea gonbidatzen da eta horretatik ausaz aukeratzen dira prozesuan parte hartuko duten herritarrak. Pertsonak aukeratzeko irizpideak bi multzoetan sailkatzen dira: alde batetik, irizpide demografikoak erabiltzen dira (xedea izanik taldeak tokiko pertsonen profil demografikoa ordezkatzea; eta horien aukeraketa egiten da errolda datuak erabilita, besteak beste) eta batzuetan jarrera-irizpideak erabiltzen dira (horiek testuinguruaren arabera aldatu daitezke). Herritar guztiek aukeratuak izateko aukera berak eduki behar dituzte. Zenbait kasutan, komeni da hainbat herritar talde minoritarioei gonbidapen gehiago bidaltzea, horrela partaideen artean ordezkaritza dutela ziurtatzeko.
  6. Informazioa: partaideek eskura izan behar dute askotariko datu eta ezagutza. Erraztaileek bermatu behar dute hori guztia egiazkoa, esanguratsua eta ulerterraza dela. Partaideek aukera izan behar dute hainbat adituen aurkezpenak entzuteko eta haiei galderak egiteko. Adituak prozesuan parte hartzen duten herritarrek aukeratuko dituzte, eta horien artean egongo dira bai gaian adituak bai herritar mugimenduetako ordezkariak.
  7. Taldean deliberatzea: partaideek adostasun puntuak identifikatu behar dituzte eta horiek ardatz hartuta erakunde publikoari gomendioak egingo dizkiote. Hori lortu ahal izateko honakoak landu behar dira: entzute aktibo eta pausatua; askotariko ikuspegiak kontuan hartu eta analizatu; partaide orok hitz egiteko aukera izatea; hainbat deliberazio-formatu jarraituko dira, besteak beste, talde txiki eta plenarioak; errazte kualifikatua.
  8. Denbora: partaideek deliberaziorako denbora behar dute; hain zuzen ere, ikasteko, frogak baloratzeko, eta informazioan oinarritutako gomendioak sortzeko. Izan ere, politika-erronkak oso konplexuak dira. Herritarren gomendio informatuak lortzeko, partaideak lau egunez gutxienez elkartu behar dira; denbora gutxiago elkartuko dira soilik justifikatu daitekeen kasuetan. Saioen artean bakoitzaren ikasketa eta hausnarketa indibidualerako denbora egongo da.
  9. Zintzotasuna: erakunde komanditariotik gertu baina ez bere baitan kokatutako koordinazio taldeak inplementatuko du prozesua. Azken erabakiak koordinazio taldeak hartu beharko lituzke, eta ez erakunde komanditarioak. Testuinguruaren arabera, ikuskapen taldea sortuko da gaiari buruz aholkatzeko eta askotariko ikuspegiak txertatzen direla bermatzeko.
  10. Pribatutasuna: partaideen pribatutasuna zaindu behar da, horrela nahi ez duten komunikabideen hartu-emanetatik eta jazarpenetik babesteko. Halaber, parte hartzaileen independentzia bermatu behar da; alegia, intereseko taldeen eta aktibisten eroskeria edo presioa saihesteko. Talde txikien eztabaidak pribatuak izan behar dira. Partaideen izen-abizenak argitaratu daitezke prozesua amaitzean, haiek hori onartuz gero. Herritarren informazioa nazioarteko praktika onen irizpideak jarraituta kudeatu behar dira; besteak beste, Europar Batasunak zehaztutako Datuak Babesteko Erregelamendu orokorra.
  11. Ebaluazioa: partaideen ebaluazio anonimoa ziurtatu beharra dago irizpide objektiboak erabilita (adibidez, aurkeztutako informazio kantitatea eta aniztasuna, ikasketako denbora, erraztaileen jarrera independientea), xede izanik prozesua nola bizi izan duten ulertzea. Koordinazio taldeak barne ebaluazioa egin beharko luke hemen zehaztutako praktika onaren irizpideak ardatz hartuta, hori lagungarria izango da ulertzeko lorpenak eta praktika hobetzeko aukerak. Ebaluazio independientea gomendagarria da hainbat deliberazio prozesuetan, batez ere iraupen luzeagoa dutenetan. Halaber, deliberazio prozesua azken inpaktuaren eta inplementatutako gomendioen arabera ebaluatu behar da.

 

ELGAk zehaztutako erabaki publikoak hartzeko deliberazio-prozesuetan jardunbide egokien irizpideak.