Gipuzkoako Herritarren Batzarra

Landa-eremua eta Klima

Urtebeteko prozesua askotariko eragileen lankidetzarekin

Gipuzkoako Herritarren Batzarra demokrazia deliberatiboa praktikan jartzeko egitasmoa da. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Telesforo Monzon Herrigintza laborategiak eta Arantzazulab-ek sustatu dute, Deliberativa aholkularitzaren bidelaguntzarekin. ELGA/OCDE erakundeak, zehaztutako praktika onen printzipioak oinarri hartuta, 2022ko azaroan abiatu zen Herritarren Batzarra. Ia urtebeteko diseinu lana eta gero, ausaz edo zozketa zibiko bidez aukeratuak izan ziren Gipuzkoako 32 herritar, lurraldeko aniztasuna ordezkatzeko irizpide ezberdinak kontuan hartuta (adina, generoa, hezkuntza-maila, hizkuntza ezagutza, bizitokia eta tokiko produktuei ematen zieten garrantzia).

Aukeratutako 32 herritarrek 40 orduko deliberazio-prozesuan parte hartu zuten 2022ko azaroa eta 2023ko abendua bitartean lau asteburuetan elkartu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako erronkari erantzun eta proposatutako galderari gomendioak egiteko. Prozesuan gaian adituak diren pertsonek ere parte hartu zuten, herritarrei beharrezko informazioa helarazteko.

Prozesuaren emaitzak oso positiboak izan dira: deliberazio prozesu hauek lankidetzazko gobernantzan sakontzeko tresna bat eskaintzen dutela ikusi da,  herritarrak erabaki guneetarako gerturatuz, eta herritarrek erakunde publikoekiko duten konfiantza areagotzen lagunduz. Prozesu hau hainbat erakunderen arteko lankidetzari esker gauzatu da : Sustatzaileak (Gipuzkoako Foru Aldundia, Arantzazulab, TMelab), Bidelaguntza aditua (Deliberativa, ELGA/ECDE), Prozesuaren erraztaileak (Aztiker, Artaziak), Prozesuaren kanpo ebaluatzaileak (UPV/EHU Parte-Hartuz ikerketa taldea).

Bideo honetan jaso dugu egitasmoaren esperientzia eta batzarkideen balorazioak .

 

ZER da Gipuzkoako Herritarren Batzarra?

Gipuzkoako gizarteak, munduko beste gizarte askok bezala, dilema bati egin behar dio aurre gaur egun. Alde batetik, landa-eremuko lehen sektorean (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaren kudeaketaz ari gara nagusiki hemen) bizi eta lan egiten duten pertsonek zailtasun handiak dituzte ingurune horretan bizirauteko. Eta bestetik, landa-eremua bereziki kaltebera da eta nekazaritza-sektoreak berebiziko aukerak eta erantzukizunak ditu klima-larrialdiaren aurkako borrokan eta egokitzean.

Herritarren Batzarrari galdera hau egin zaio:

Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?

Bestela esanda, Gipuzkoako landa-eremua eta klima-larrialdia lotzen dituen dilema hau du abiapuntu: Zer ekarpen egin diezaioke Gipuzkoako gizarteak nekazaritza-sektoreari horrek klima-larrialdiaren eraginei aurre egin ahal izateko, eta, aldi berean, sektore gisa erresilientzia ziurtatzeko?

Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, abian jarri da Landa-eremua eta Klima Batzarra eta zozketa zibiko baten bidez aukeratutako pertsonek osatu dute. Herritarren Batzar honek landa-eremuan bizi eta lan egiten duten pertsonen ahotsak entzun ditu, baita landa-eremua zein klima-larrialdia ikertzen duten pertsonenak ere. Ondoren, Herritar Batzarreko partaideek deliberatu dute eta gomendioak aurkeztu dizkiote foru-erakundeari. Gipuzkoako Foru Aldundiak idatziz eta zehaztutako epeetan erantzun die gomendioei.

ZERGATIK Gipuzkoako Herritarren Batzarra?

Gipuzkoako Landa-eremuko lehen-sektorearen garapena, eta klima-larrialdiari zein bere eraginei aurre egitea elkarlanean (administrazio publikoak, gizarte zibil antolatua, herritarrak...) uztartu eta landu beharreko erronka konplexua da. Halaber, eragileen arteko koordinazio eta antolaketa-modu berriak eskatzen ditu.

Ebidentziak adierazten du gizarte zibilak klima-larrialdiaren aurkako borrokan eta landa-eremuaren babesean inplikatu nahi duela, baina politika publikoetan parte hartzeko tresnak behar dituela. Bakoitzaren bizitza aldatzeko erronkaz haratago, gizarte zibilak funtsezko zeregina du: etorkizun jasangarriago eta bidezkoago baterako eraldaketaren ERAGILEA izan behar du.

Landa-eremua eta Klima Batzarrak aukera emango du: 

  1. Herritarren gomendio informatuak txertatzea foru-politikak lantzerakoan;
  2. Blokeo politikoei aurre egitea;
  3. Herritarrek ekintza posibleak nola lehenesten dituzten ulertzea;
  4. Gizarte-ekintzaren legitimitatea handitzea aztergai dugun eremuan;
  5. Interes-taldeen ekarpenak agerian uztea;
  6. Gobernantzan, herritarrek parte hartzeko konpromisoa betetzea Klima-larrialdiari aurre egitean, eta baita nekazal-sektorearen garapen zein erresilientzia bermatzeko bidean ere.

NORK sustatu du Gipuzkoako Herritarren Batzarra?

Entitate komanditarioa

Gipuzkoako Herritarren Batzarra deitu duen erakunde publikoa: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Inplikatutako sailak hauek dira:

  • Diputatu Nagusiaren Arloa (Estrategiaren Zuzendaritza Nagusia)
  • Gobernantza (Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritza Nagusia)
  • Ekonomia, Turismo eta Landa Ingurunearen Sustapena (Mendien eta Natura Ingurunearen Zuzendaritza Nagusia eta Nekazaritza eta Lurralde Oreka Zuzendaritza Nagusia).

Erakunde publiko komanditarioak enkargua egiten du. Horrek esan nahi du “Gipuzkoako Herritarren Batzarra” egitasmoa sortzen duela, eta arazo publiko zehatz bati erantzuteko galdera definitzen duela. Galdera, erakundearen eskumenen esparruan gomendio erabilgarriak eragiteko diseinatzen da. Erakundeak idatziz erantzungo die, une desberdinetan, batzarraren gomendioei (Batzarra amaitu eta bi hilabetera, 6 hilabetera eta 18 hilabetera), eta, hala badagokio, horiek inplementatuko ditu.

Eragile sustatzaileak

Eragile sustatzaileek, biak gobernantza-eredu berrien inguruan lan egiten duten gizarte-berrikuntza laborategiak dira, eta gizarte zibiletik Herritarren Batzarra egitea bultzatu dute. Eragile betearazleak dira, halaber, prozesu osoa koordinatzen dutenak eta batzarra egiteari lotutako zeregin gehienak beren gain hartzen dituztenak.

Aholkularitza independentea

Deliberativa (elkartea)

Aholkularitza independentea lankidetzan aritzen da erakundearekin eta eragile betearazleekin, diseinu deliberatibo onaren printzipioak betetzeko. Prozesu osoa diseinatu eta gainbegiratu du.

Herritarren Batzarra inplementatzeko hiru batzordeak

Herritarren Batzarra inplementatzeko hiru batzorde sortu dira: Talde Motorra (Gipuzkoako Foru Aldundiko, Arantzazulab-eko, TMelab-eko eta Deliberativa-ko ordezkariez osatua), Jarraipen Batzordea (zeinetan alderdi politikoetako ordezkariak eta interes talde gehienek parte hartzen duten), eta Edukien Batzordea (non gaian adituek askotariko ezagutza identifikatu eta partekatzen duten).