"Ongietorri euskararen herrira" aurkeztu dute Fiturren
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Urola Kostako bost udalerriek, Urola Kostako Udal Elkarteak eta UEMAk lankidetzan garatuko dute proiektua eta turistikoki euskarak duen potentziala ustiatzea eta indartzea da helburua
- 308
Euskararen biziraupenerako gune garrantzitsua da Urola Kosta eskualdea eta turistikoki ere potentzial handia daukan eremua da. Hala, bi ezaugarri horiek aprobetxatu eta "Ongietorri euskararen herrira" proiektua jarri dute abian Gipuzkoako Foru Aldundiak, Urola Kostako Udal Elkarteak, Aiako, Getariko, Orioko, Zarauzko eta Zumaiko udalek eta UEMAk. Proiektuaren helburua bikoitza da, batetik, euskara amu turistiko modura garatzea eta bisitariei herri euskaldun batean egotearen esperientzia eskaintzea eta, bestetik, bertako herritarrak euskaraz egitearen garrantziaz sentsibilizatzea. Proiektu turistiko berria Fiturren aurkeztu dute.
Horretarako, hiru gako identifikatu dira:
- Euskara kultura-ondarearen elementu bereizgarri gisa identifikatzea, bisitariei hizkuntza gertuagotik ezagutarazteko.
- Sormen eta esperientzia-kanpainaren bidez, bisitariarekin euskaraz elkarreraginean aritzea.
- Turismo sektoreko eragileen (kanpotarrekin harreman zuzena dutelako) eta herritarren inplikazioaren bidez, euskarazko harremanak areagotzea.
Turismoaren betaurrekoetatik. Turismoaren ikuspegitik begiratuta, euskara harribitxi bat da. Europako hizkuntza zaharrena izanik, bizi-bizi dago hizkuntza Urola Kostan eta eskualdeko bost herriak arnasguneak dira. Ondorioz, eskualdera joaten diren bisitariei eskain dakiekeen eskaintza turistiko benetakoena bertako izaera eta nortasuna ezagutaraztea da eta horrek, zalantzarik gabe, euskara du erdigunean. Beraz, bisitariei herri euskaldunak erakutsi eta euskara ezagutzeko aukerak emanez gero, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz gozatu ahal izango dute.
Hori horrela, "Ongietorri euskararen herrira" proiektua zinez proposamen berritzailea da, izan ere, zuzen-zuzenean lehenengo aldiz uztartuko dira euskara eta turismoa.
Ahalduntzearen garrantzia. Proiektuaren muinetako bat bisitariei euskara ezagutaraztea bada ere, eskualdeko herritarrei begira ere egingo da lan. Izan ere, herritarren arteko euskarazko harremanak areagotzea eta horren inguruan sentsibilizatzea ere badira proiektuaren helburuak eta horri bideratutako lanketa berezituak egingo dira.
Otsailean zehar, eskualdeko ostalari, merkatari eta zerbitzuetako arduradun eta langile guztiei helaraziko zaie sentsibilizazio saioetan parte hartzeko gonbidapena. Guztira, aurrez aurreko 12 sentsibilizazio eta formazio saio egingo dira, martxoan zehar, herriz herri. Saioetan, udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratu eta kanpinaren nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, euskaraz zerbitzua eskaintzearen garrantziaz ere ohartaraziko zaie bertaratuei. Hainbat euskarri eta material ere banatuko da.
Egitasmoaren jendaurreko aurkezpena martxoaren amaiera aldera egitea aurreikusten da. Orduan zehaztuko dira Aste Santutik irailera bitartean Urola Kostako herrietan burutuko diren lanketa, ekimen eta kale-ekintza guztiak.