Atzealdea Sasietako transferentzia-estazio berriak % 60 murriztuko ditu Zubietako hondakinen garraioarekin lotutako isuriak

2023·11·08


Sasietako transferentzia-estazio berriak % 60 murriztuko ditu Zubietako hondakinen garraioarekin lotutako isuriak

Sasietako Transferentzia Estazioa inauguratu berria da, eta Gipuzkoako hiri-hondakinak kudeatzeko zirkuituaren azken pieza da. GHK-k 2016. urteaz geroztik abian jarritako zortzigarren azpiegitura da, Gipuzkoan sortzen diren hiri-hondakin guztien kudeaketa jasangarria osatzeko, horiek biltzen direnetik tratatu eta berreskuratu arte, inolako zabortegirik behar izan gabe.

Transferentzia-estazio berria Sasietako zabortegi zaharrean dago, Beasainen, mankomunitate horrek lagatako lursail batean. Guztira 22 udalerriri emango die zerbitzua, eta urtean 18.000 tona hondakin baino gehiago kudeatuko ditu.

Sasietako transferentzia-estazioak zubi eta lotura gisa jardungo du etxez etxeko bilketa-zerbitzuen eta tratamendu-instalazioen artean, eta hondakinen garraioari dagozkion lekualdatzeak bost aldiz murriztuko ditu Zubietako tratamendu-azpiegituretaraino. Hondakinen garraioari lotutako isurketak % 60 murriztuko dira.

José Ignacio Asensio, GHK-ko presidentea: "Estazio honekin hiri-hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako ereduaren azpiegituren mapa burutu dugu, modu jasanfarri, eraginkor eta eredugarrian. Gipuzkoan hondakinak modu jasangarrian kudeatzera eraman gaituen eredu bat daukagu, zabortegien garaia gaindituz, birziklatze-indizeen buru izanez eta lehengai eta energia berrien merkatua sortuz".

GHK-ko presidente José Ignacio Asensiok, Sasietako mankomunitateko presidente Leire Artolak eta GHK-ko zuzendari César Gimenok Sasietako Transferentzia Estazioa inauguratu dute gaur goizean.

Instalazio honek hiri-hondakinak kudeatzeko zirkuitua amaitzen du, udalek eta mankomunitateek hondakinak biltzen dituztenetik hasi eta Zubietako instalazioetan tratatu eta berreskuratu arte. Beasaingo zabortegi zaharrean dago. Sasietako Mankomunitateak laga du lursail hori, eta Gipuzkoako hiri-hondakinak kudeatzeko eredua osatzeko GHHKPOn aurreikusitako zortzigarren eta azken azpiegitura da. Asensiok azpimarratu duenez, "nahasitako hondakinak lurperatzen ziren instalazio batetik, inolako erabilerarik eman gabe, urtero 18.000 tona sailkatutako hondakin bilduko dituen beste instalazio batera igaroko gara, Gipuzkoako Ingurumen Guneko instalazioetara eramateko. 18.000 tona, lehen arazo bat zirenak eta gaur egun aukera bat direnak".

Sasietako transferentzia-estazioak zubi eta lotura gisa jarduten du etxez etxeko bilketa-zerbitzuen eta tratamendu-instalazioen artean, eta hondakinen garraioari dagozkion lekualdatzeak bost aldiz murrizten ditu Zubietako tratamendu-azpiegituretaraino. Zehazki, hiri-bilketako kamioi txikien Gipuzkoako ingurumen-gunera urtean 3.600 bidaia egin beharrean, 720 bidaia egingo dira trailerrekin, eta horrek esan nahi du urtean 83 tona CO2 isurtzea saihestuko dela ( % 60ko murrizketa). Asensiok azpimarratu duenez, "Sasietako transferentzia-estazioarekin, bilketako kamioi txiki guztiak Zubietako tratamendu-instalazioetara joatea saihesten dugu, edukiera handiagoko trailerretan kontzentratzen baitira. Lekualdaketak minimizatzen ditugu eta hondakinak tratatzeko sistema jasangarriagoa izaten laguntzen dugu".

Sasietako transferentzia-estazioak inguruko 22 udalerriri emango die zerbitzua, guztira 72.000 biztanle inguru metatzen baitituzte, eta urtean 18.000 tona hondakin-bolumen zenbatetsia izango du, honela zatituta: (2021eko erreferentzia-datuak) 5.000 tona urteko gainerako-frakzioan, 6.000 tona urteko biohondakin, 700 tona bolumen, 1.200 tona urtean industrialdeetan jasotako hondakinak, 3.200 tona urtean Legazpiko instalazioko ontziak, eta 1.300 tona urtean Tolosaldetik eta Sasietatik datozen inausketak.

José Ignacio Asensioren hitzetan, Sasietako transferentzia-estazioak Gipuzkoako hiri-hondakinak altan kudeatzeko sareko "zirkulua ixten du": "Azpiegitura honek lurraldean sortzen diren hiri-hondakin guztien kudeaketa jasangarriaren zirkulua ixten du, horiek biltzen direnetik tratatu eta berreskuratu arte, inolako zabortegirik behar izan gabe". Era berean, Asensiok gogorarazi duenez, "Gipuzkoa hondakinak modu jasangarrian kudeatzeko beharrezko azpiegiturez hornitu dugu, lehengai eta energia berriak lortuz eta zabortegietan oinarritutako aurreko eredua gaindituz".

GHHKPO onartu zenetik, 7 azpiegitura jarri dira abian Gipuzkoan: Epeleko konpostaje-instalazioa, Legazpiko ontzi-instalazioaren erabateko birmoldaketa, GIG-1eko materialak berreskuratzeko instalazioa, GIG-1eko biolehorketa-instalazioa, GIG-1eko balorizazio energetikoko instalazioa, GIG-2ko zepak tratatzeko instalazioa eta GIG-2ko biometanizazio-instalazioa.

GHK-ko presidente José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, "azpiegitura horiei esker, Gipuzkoak, gaur egun, 200.000 tona material berreskuratzen ditu urtean, gure enpresen eskura jartzen ditugunak bigarren mailako lehengai berri gisa, eta energia berriztagarria sortzen du 45.000 etxe baino gehiago hornitzeko”.

Beasain, 2023ko azaroaren 3a