Atzealdea Jasangarritasun Departamentuak 46.000 euro bideratuko ditu ekonomia zirkularreko talentua indartzearen aldeko apustuan

2024·07·04


Jasangarritasun Departamentuak 46.000 euro bideratuko ditu ekonomia zirkularreko talentua indartzearen aldeko apustuan

Jasangarritasun Departamentuak eta EHUk poliamidaren birziklapenean eta moto elektriko baten fabrikazioan ikerketa bultzatuko dute, eta 40.000 euro bideratu dituzte ekonomia zirkularra eta berrikuntza teknologikoa sustatzeko.

Era berean, Aldundiak 6.000 euro bideratuko ditu ekonomia zirkularreko Unibertsitate-Enpresa Ikasgelara, gaitasun jasangarrien inguruko prestakuntza sustatzeko eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko.

José Ignacio Asensio: “Akordio hauek ekonomia jasangarriago eta zirkularrago baterantz emandako pauso esanguratsua dira, eta ingurumenaren erronka erabakigarriei heltzen diete, hala nola, plastikoen birziklapenari, baliabideen erabileraren eraginkortasunari edo talentuaren garapenari, ekonomia zirkularraren irizpideak aplikatuz”.

Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak eta Xabier Ostolaza, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariak bi lankidetza-hitzarmen sinatu dituzte ekonomia zirkularraren arloko ikerketarako eta garapenerako, talentuaren, poliamida-hondakinen birziklapenaren eta moto elektriko baten fabrikazioaren aldeko konpromisoa indartzeko. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 46.000 euro erabiliko ditu.

Horren harira, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak adierazi duenez, “hitzarmen hauek bi erakundeek jasangarritasunarekin eta berrikuntzarekin duten konpromisoa indartzen dute. Ekonomia jasangarriago eta zirkularrago baterantz pauso esanguratsua ematen duen akordioa da, eta ingurumen-erronka erabakigarriei heltzen die, hala nola plastikoen birziklapenari, baliabideen erabileraren eraginkortasunari edo talentuaren garapenari, ekonomia zirkularraren irizpideak aplikatuz”.

Xabier Ostolazak azaldu duenez, “Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola prestigiozko zentro publiko bat da, UPV/EHUren parte dena eta industria eta eraikuntza ingeniaritzen arloan erreferente dena. Ekonomia zirkularra ezagutzaren zeharkako bektorea da, eta 2020tik aurrera eragin berezia du gure eskolan, ikasgelako jarduerak hasi baitziren. Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzari esker, lau urte hauetan 10 ikerketa-proiektu baino gehiago garatu dira hainbat alderditan aurrera egiteko enpresa eta beste eragileekin, hala nola hondakinak birziklatzeko prozesuen optimizazioan (polimerikoak, itsasoko zaborrak, industria-hondakinak, kontsumo ostekoak eta basogintzakoak), industria-sinbiosian, ontzi eta bilgarrien araudi berriaren inplikazioetan eta industria-kudeaketan. Gelako jarduerez gain, Eskolako ikerketa-talde finkatu eta eraginkortasun handikoek zuzenean jasangarritasunarekin lotutako ikerketa-ildoak lantzen dituzte, energia berriztagarriak, energia-kudeaketa edo iturri berriztagarrietatik eratorritako material eraginkorragoak garatzea, besteak beste. Ikerketa-proiektu horien bidez, irakasleok klaseetan ematen dugun ezagutza eskuratzen dugu, eta, horri esker, gure ikasleek beharrezko prestakuntza izango dute gizarteak aurre egin behar dien gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-erronkei irtenbideak emateko.

Ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatuz, poliamida-hondakinak birziklatzeko eta moto elektrikoa fabrikatzeko estrategiak garatzeko hitzarmena

Lankidetza honen bitartez, EHUk eta Jasangarritasun Departamentuak funtsezko bi proiektutan lanean jarraituko dute. Alde batetik, poliamida-hondakinen birziklapenean; hondakin horien birziklapenari buruz 2023an hasitako ikerketari jarraipena emanez, eta horretarako, 40.000 euro erabiliko ditu Jasangarritasun Departamentuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren laguntzarekin egindako aurretiazko ikerketak erakutsi zuen birziklatze kimikoak koloratzailerik eta kargarik gabeko materialetan soilik eskaintzen dituela errendimendu egokiak, eta % 80raino iristen dela monomero berrerabilgarria. Hori dela eta, EHUko Ingeniaritza Eskolako Material + Teknologia Taldeak azterketa hori zabaltzea proposatu du, poliamidazko ehun-hondakinen birziklatze fisikoaren potentziala ebaluatzeko eta beste hondakin-iturri batzuk aztertzeko, hala nola konposite plastikoetatik eratorritakoak.

Esparru honetako lehen ikerketa-proiektuetan, Gipuzkoako kostalde, ibai eta saneamendu-sareetako mikroplastikoen arazoaren azterketa sakona egin da. Duela gutxi, ehun-hondakinetako material plastikoak birziklatzera bideratu da ikerketa, batez ere poliamidenak, nylon izenez ezagutzen direnak.

Era berean, EHUko Ingeniaritza Eskolak MotoStudent proiektuaren barruan motor elektriko bat fabrikatzeko teknologien garapenean eta kudeaketan ere lan egingo du, ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatuz. Proiektu hau nazioarteko programa batean txertatzen da, non mundu osoko unibertsitateak bi urtez behin lehiatzen diren motor elektrikoen garapenean, berrikuntza teknologikoa zein ikasleen prestakuntza praktikoa sustatuz.

Ekonomia Zirkularreko Unibertsitate-Enpresa Ikasgela garatzeko hitzarmena

Bestalde, 6.000 euro bideratuko dira Ekonomia Zirkularreko Enpresa Ikasgelaren barruko jarduera sustatzera. Jarduera horren helburua da prestakuntzan eta ikerketan sakontzea, zirkulartasun-irizpideekin, eta ikasleak gaitasun jasangarri berrietan trebatzea, lan-munduratzea hobetzeko.

2024. urterako aurreikusitako jardueren esparruan, Ekonomia Zirkularreko Unibertsitate-Enpresa Gela prestakuntza-arloko lankidetzan oinarrituko da, bai graduko eremuan, bai graduondokoan. Ahalegin hori ekonomia zirkularraren erronkei erantzungo dien talentua sortzera bideratuta dago, ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko. Neurrirako prestakuntza eskaintzea, praktikak sustatzea eta Gradu eta Master amaierako lanak gainbegiratzea dira, besteak beste, aurreikusitako ekimenak. Ekonomia zirkularraren sektore gero eta handiagoan nabarmentzeko beharrezkoak diren trebetasunak eta ezagutzak ikasleei emateko diseinatuta daude ekintza horiek.

Donostia, 2024ko uztailaren 3a