Atzealdea Aldundiak, lehenengo aldiz, dirulaguntzen lerro bat abiarazi du lurraldeko sektore ekonomikoen deskarbonizazioari laguntzeko

2025·02·10


Aldundiak, lehenengo aldiz, dirulaguntzen lerro bat abiarazi du lurraldeko sektore ekonomikoen deskarbonizazioari laguntzeko

Jasangarritasun Departamentuak 1,2 milioi euro inguru bideratuko ditu trantsizio energetikoa, azpiegitura berdeak eta klima-aldaketaren aurkako borroka sustatzera.

José Ignacio Asensio: “Dirulaguntza horiekin, lurraldeko enpresek neurri zehatzak hartu ahal izango dituzte karbono-aztarna murrizteko, lehiakortasuna handitzeko eta ekonomia berde eta zirkularrago baterantz aurrera egiteko”.

“Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzen du eredu ekonomiko eta sozial jasangarriago eta lehiakorrago baten eraikuntzan, klima-aldaketari aurre egiteko eta hurrengo belaunaldientzat etorkizun berdeagoa bermatzeko”.

Gipuzkoak urrats sendoa eman du jasangarritasuneranzko bidean, Jasangarritasun Departamentuak bultzatutako dirulaguntzen lerro berri bat abian jarriz. Lehen aldiz, lurraldeko sektore ekonomikoak deskarbonizatzen laguntzera bideratuko da berariaz. Guztira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 1.140.000 euro jarriko ditu tokiko enpresa eta erakundeen eskura, trantsizio energetikoa sustatzeko, azpiegitura berdeak hobetzeko eta klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera egiteko.

Diru-laguntzarik nabarmenena (450.000 euro) Gipuzkoako enpresa-ehuna deskarbonizatzera bideratuta dago. Ekimen hau aitzindaria da lurraldean, eta batez ere enpresa txiki eta ertainei lagundu nahi die, energia-auditoretzak, energia berriztagarriak ezartzeko azterlanak, produktuaren ingurumen-adierazpenak, zirkulartasun-planak, deskarbonizazio-planak eta erakunde-karbonoaren aztarna kalkulatuz. Deialdi berri honek jarduera berritzaileak biltzen ditu, Gipuzkoako produkzio-sarearen eraldaketa lehiakorra eta jasangarria sustatzeko.

Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok neurri horren garrantzia azpimarratu du: “Gipuzkoa erreferente izatea nahi dugu jasangarritasunean eta klima-aldaketaren aurkako borrokan. Diru-laguntza horiekin, lurraldeko enpresek neurriak hartu ahal izango dituzte beren karbono-aztarna murrizteko, lehiakortasuna handitzeko eta ekonomia berde eta zirkularrago baterantz aurrera egiteko”. Asensiok gaineratu duenez, “dirulaguntzen ildo horiei esker, Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzen du eredu ekonomiko eta sozial jasangarriago eta lehiakorrago baten eraikuntzan, klima-aldaketari aurre egiteko eta hurrengo belaunaldiei etorkizun berdeagoa bermatzeko”.

Diru-laguntzen bigarren ildoa trantsizio energetikora eta klima-aldaketaren aurkako borrokara bideratuta dago. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak 390.000 euro bideratuko ditu udalentzat, toki-erakunde txikientzat, mankomunitateentzat eta udal eta eskualdeko merkataritza-sozietateentzat. Deialdi honen helburua udal-mailan jasangarritasun energetikoa bultzatzea da, aurrezpen eta efizientzia energetikoko neurriak planifikatuz, bai eta energia berriztagarrien erabilera sustatuz ere.

Azkenik, dirulaguntzen hirugarren ildoak 300.000 euroko zuzkidura du, eta Gipuzkoan azpiegitura berdeen sare bat sustatzea eta eremu degradatuak lehengoratzea du helburu. Xedea da eremu degradatuak berroneratzea, leheneratze ekologikoa eta berdeguneak sortzea tokiko eta eskualdeko estrategien barruan. Ahalegin horren helburua da ekosistemen CO2 xurgatzeko gaitasuna handitzea, lurraldearen ingurumen-kalitatea hobetzea eta tokiko eta eskualdeko estrategien barruan berdeguneak sortzea sustatzea.

Azken urteotan, lurraldea lehengoratzeko eta naturalizatzeko hainbat proiektu gauzatu dira, eta 120 hektarea baino gehiago berreskuratzea lortu da. Deialdi berri horri esker, aurrera egingo da naturguneak berreskuratzeko eta Gipuzkoako azpiegitura ekologikoa hobetzeko bidean.

Jasangarritasunarekiko konpromiso irmoa

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, laguntza-sorta horren bidez, deskarbonizazioarekin, trantsizio energetikoarekin eta ingurumena babestearekin duen konpromisoa berresten du. Hiru ekimen horiek 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jasangarritasunarekin eta ekonomia- eta ingurumen-eredu arduratsuago eta erresilienteago bateranzko trantsizioarekin duen konpromisoa islatzen dute.

Donostia, 2025eko otsailaren 10a