Atzealdea Gipuzkoa eredu zirkular bateranzko eraldaketaren buru da, Ekonomia Zirkularraren Nazioarteko VII. Topaketaren inaugurazioarekin

2025·03·07


Gipuzkoa eredu zirkular bateranzko eraldaketaren buru da, Ekonomia Zirkularraren Nazioarteko VII. Topaketaren inaugurazioarekin

Nazioarteko 40 aditu baino gehiago bildu dira Gipuzkoan ekonomia zirkularraren erronka handiei heltzeko: deskarbonizazioa eta berrindustrializazioa, adimen artifiziala eta baliabideen erabileraren eraginkortasuna.

2019an lehenengo edizioa egin zenetik, Topaketak 3.500 pertsona baino gehiago eta nazioarteko 250 hizlari bildu ditu, Gipuzkoak eredu jasangarriago eta berritzaileago batekin duen konpromisoa indartuz.

"Gipuzkoak erakusten du jasangarritasuna eta hazkunde ekonomikoa elkarren eskutik joan daitezkeela" – José Ignacio Asensiok ekonomia zirkularrak lurraldearen garapenean duen inpaktua nabarmendu du, birziklatzearen sektoreak BPGaren % 6 ordezkatzen baitu eta 6.500 enplegu sortzen baititu.

300LORE1 parte-hartzaileekin, Ekonomia Zirkularraren Nazioarteko VII. Topaketa hasi da gaur Naturklimako auditoriumean, eta sektorean erreferentzia gisa finkatu da. 2019an lehenengo edizioa egin zenetik, Topaketak 3.500 pertsona baino gehiago eta nazioarteko 250 hizlari bildu ditu, Gipuzkoak eredu jasangarriago eta berritzaileago batekin duen konpromisoa indartuz.

Inaugurazio instituzionalean diputatu nagusiorde eta Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensio, Birziklapen Industrien Europako Konfederazioko (EuRIC) presidente Olivier François, Suspertze eta Birziklatze Industrien Espainiako Federazioko (FER) presidente Ion Olaeta eta Ekonomia Zirkularrerako Fundazioko presidente Ángel Fernández Homar izan dira. Beren hitzaldietan, ekonomia zirkularrak eraldaketa ekonomikoaren eragile gisa duen garrantzia nabarmendu dute, eta trantsizio ekologikoa bizkortzeko politika publikoak eta aliantza estrategikoak bultzatzeko beharra azpimarratu dute.

Inaugurazio-jardunaldian Juan Verderen hitzaldia izan da. Juan Verde Barack Obama AEBko presidentearen aholkulari ohia eta Etxe Zuriko Presidentetza Kontseiluko kidea izan da Joe Biden jaunaren agintaldian. Verdek, nazioarteko estrategian eta jasangarritasunean aditua denak, klima aldaketak ekonomia globalean eta lehiakortasunean duen eraginaz ohartarazi du: “Datorren hamarkadan, hamar mehatxu ekonomiko handienetako bost ingurumenekoak izango dira. Klima aldaketa ez da erronka ekologikoa soilik, enpresen egonkortasun ekonomikorako eta lehiakortasunerako mehatxu zuzena baizik”, adierazi du. Gainera, datozen urteetan ekonomiak biziko duen eraldaketa handia nabarmendu du: “2030erako, munduak 30 trilioi dolar inguru inbertituko ditu ekonomia berdean. Jasangarritasunaren alde egiten duten enpresek eta lurraldeek trantsizio ekologikoa gidatuko dute, eta erresilienteagoak eta lehiakorragoak izango dira etorkizunean”.

Industria-politikak eta ekonomia zirkularrak eguneko lehen hitzaldiaren ardatz izan dira. Honako hauek parte hartu dute: Alejandro Villanueva, Europako Batzordeko Ikerketa Zentro Bateratuko (JRC) Ekonomia Zirkularraren eta Industria Jasangarriaren Unitateko burua; Lydia González, Europako Horizonteko Klimaren eta Ingurumenaren arloko ordezkaria; eta Ainara García, Tecnaliako ikertzaile seniorra. Bere hitzaldian, Villanuevak Europak ekonomia zirkular baterako trantsizioan dituen erronkak nabarmendu ditu: “Lehiakortasuna eta ingurumen eskakizunak bateragarriak eta ezinbestekoak dira etorkizunari begira. Gakoa teknologia garbietan inbertitzea da”, adierazi du. Ildo horretan, azpimarratu du garrantzitsua dela enpresei energia jasangarriagoetarako trantsizioan lagunduko dien erregulazio pakete bat sortzea: “Erosketa publiko berdea bezalako politikak garatu behar ditugu, energia eskaintza deskarbonizatu, eta ingurumen aztarnari buruzko arauak sinplifikatu. Erronka horri egin behar diogu aurre ekonomia jasangarriago eta lehiakorrago baterantz aurrera egin nahi badugu”.

Clean Industrial Deal izan da bigarren paneleko protagonista, deskarbonizazioan eta berrindustrializazioan duen zeregina jorratuz. Maria Verak Clean Industrial Deal-aren funtsezko ardatzak azaldu ditu, eta nabarmendu du zirkulartasuna lehentasuna izango dela itun horretan, bereziki energia kantitate handiak kontsumitzen dituzten industrientzat. Gainera, energia kostuak murriztearen eta Europan produktu garbien eskaera handitzearen garrantzia azpimarratu du: “Akordio hau 100.000 milioi eurotik gorako plan batean oinarritzen da, industria garbi baterako trantsiziora eta talentuaren prestakuntzara bideratuta”. Ekonomia Zirkularraren lege berria ere azpimarratu du, 2030erako material zirkularren erabileraren % 24 lortzea helburu duena. Birziklapenaren industriari dagokionez, Verak adierazi du merkatu bakarra sortzeko eta nazioarteko merkatuetara sartzeko beharra dagoela, eta, aldi berean, nabarmendu du premiazkoa dela Europan material birziklatuen eskaria handitzea eta birziklapen irizpide globalak bateratzea.

Hirugarren panelak eraikuntza-sektoreko baliabideen deskarbonizazioa eta erabilera eraginkorra aztertu ditu. Bertan parte hartu dute Ana Guerrerok, CSICeko Diziplina arteko Plataforma Tematikoaren koordinatzaileak, Encarni Prietok, Viuda de Sainzen kalitate- eta jasangarritasun-arduradunak, eta José Manuel Baraibarrek, Harri Greengo kontseilariak. Ana Guerrerok nabarmendu du ikerketak eta berrikuntzak garrantzi handia dutela industria bultzatzeko ekonomia zirkularrerako trantsizioan. “Ikerketa funtsezkoa da irtenbide teknikoak ez ezik ekonomikoki lehiakorrak ere garatzeko”, adierazi du. Era berean, industriaren zein ikerketaren arloan lortutako emaitza positiboak nabarmendu ditu, aurrerapen horiek industria sustatu eta merkatuan benetako eragina duten irtenbideak eskaini ditzaketela azpimarratuz. “Funtsezkoa da enpresak bideragarriak eta lehiakorrak diren irtenbide berritzaileak merkatuan jartzera bideratzea”, amaitu du.

Hitzaldien zikloa ixteko, azken panelak teknologia berriek deskarbonizazioan eta ekonomia zirkularrean duten zeregina aztertu du, José Manuel Muriel Bidasoa Metal 78ko zuzendari nagusiak, Joaquín Cano Bianna Recycling I+G+B saileko zuzendariak eta Amaia Zurutuza Grapheneako zuzendari zientifikoak parte hartuta. Zurutuzak azpimarratu duenez, “grafenoa bezalako material aurreratuen berrikuntzak funtsezko eginkizuna izan dezake industriaren ingurumen-inpaktua murrizteko”. Zurutuzak energia eraginkortasunaren garrantzia azpimarratu du ekonomia zirkularrerako trantsizioan. “Gure lanean, ikerketarekin eta jasangarritasunarekin konprometituta gaude, grafenoa ekoizteko hondakinak erabiliz, material malgua eta potentzial handikoa”, azaldu du. Era berean, enpresak energia berriztagarriarekin duen konpromisoa nabarmendu du: “Hasieratik, argi genuen energia berriztagarria erabili nahi genuela elektrizitatea ekoizteko”. Zurutuzak adierazi du, halaber, aktiboki ari direla lanean beren karbono aztarna murrizteko eta ekonomia zirkularraren barruan jasangarritasuna sustatzen duten proiektuetan aurrera egiteko.

Lehenengo jardunaldia amaitzeko arduraduna Alejandro Dorado izan da, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Ekonomia Zirkularrerako ordezkaria. Doradok azpimarratu du ekonomia zirkularraren funtsezko eginkizuna jasangarritasunaren estrategia nazionaletan: “Ezin dugu jarraitu ekoizpen eta kontsumoko eredu lineal baten arabera. Zirkulartasuna da etorkizuneko industriaren oinarria”. Doradok egungo eredu ekonomikoa aldatzeko premia azpimarratu du, eta nabarmendu du 2050ean hiru planeta beharko genituzkeela ekonomia lineal horren kontsumo nahiak asetzeko. Adierazi duenez, “ezin dugu baliabide mugagabeak dituen planeta baterako pentsatutako sistema lineal bat hartu baliabide finituak dituen bat dugunean”, eta horrek ekonomia zirkularra bultzatzeko beharra indartzen du. Gainera, krisi klimatikoaren ondorioei buruz ohartarazi du: “Klima aldaketa aurrera doa, eta ondorioak ditu, ez soilik planetaren osasunean, baita pertsonen osasunean eta ekonomian ere”. Krisi klimatikoaz gain, ekosistemen egonkortasuna arriskuan jartzen duen biodibertsitate krisia bizitzen ari garela ere azpimarratu du.

Gipuzkoak ekonomia zirkularrarekin duen konpromisoa

José Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak Gipuzkoak ekonomia zirkularrarekin duen konpromisoa berretsi du, eta sektoreak lurraldean izan duen hazkundea nabarmendu du. “2019an topaketa hau abian jarri genuenetik, Gipuzkoak hirukoiztu egin du birziklatze-sektorearen fakturazioa: 1.500 milioi eurora iritsi da, eta BPGaren % 6 da. Datu horiek erakusten digute jasangarritasuna eta hazkunde ekonomikoa eskutik joan daitezkeela”.

Gainera, Asensiok adierazi du horrelako ekitaldiek funtsezko zeregina betetzen dutela ezagutza partekatzeko eta aliantza estrategikoak sortzeko: “Gaurkoan, topaketa honetan, ekonomia zirkularraren nazioarteko hainbat eremutako lehen mailako 40 aditu baino gehiago ditugu, eta beren ezagutza eta esperientzia eskaintzen dute konponbide errealak eta aplikagarriak diseinatzeko. Gipuzkoan ekintzaren aldeko apustua egiten dugu, eta ez eztabaidaren aldekoa soilik”.

Enpresen, administrazioen eta nazioarteko erakundeen artean harremanak ezartzeko eta sinergiak sortzeko aukera ere eman du ekitaldiak. Bertaratuek zuzenean ezagutu ahal izan dituzte erreferentziazko ekimenak hainbat sektoretan, hala nola hondakinen kudeaketan, mugikortasun jasangarrian eta bioekonomian. Topaketak aurrera jarraituko du bihar hitzaldi eta eztabaida garrantzitsuekin, Gipuzkoa ekonomia zirkularraren nazioarteko erreferente gisa finkatuz.

Donostia, 2025eko martxoaren 6a