Atzealdea Aldundiak Gipuzkoako Hondakinen Plangintza berria onartu du (GHHKPO), zeinek %70ean ezartzen duen birziklapenaren helburua

Plangintza Batzar Nagusietara igorriko da Foru Arau gisa tramitatu dezaten. Proiektu honen xedeetako bat da 2030. urterako birziklapenean %70a lortzea, Europako helburua baino bost puntu gehiago. Prebentzioa eta ekonomia zirkularra sustatuko ditu zabortegirik gabeko hondakinen kudeaketa eredua lortuz. José Ignacio Asensio: “Plan berriak (GHHKPO 2019-2030) hondakinen birziklatzearen eta balorizazioaren zirkulua itxiko du eta Gipuzkoa prest utziko du ekonomia zirkularraren eta klima aldaketaren erronkari aurre egiteko, gatazka eta azpiegituren gabezia atzean utziz, legealdiaren hasieran hartu genuen konpromisoa betez”.

2018·11·29


Aldundiak Gipuzkoako Hondakinen Plangintza berria onartu du (GHHKPO), zeinek %70ean ezartzen duen birziklapenaren helburua

Gipuzkoako Ingurumen Guneko lehen eta bigarren faseetako lanak esleitu eta abian jarri ondoren, zeintzuk datorren urteko uda hasierarako amaitzekoak diren, eta elaborazio prozesu baten ondoren, non konpetentzia duten entitateak, gizarte eta ekonomia eragileak eta herritarrak parte hartu duten, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Gipuzkoako Hiri-hondakinen Kudeaketa Plangintza Orokorra (GHHKPO 2019-2030) proiektua onartu du behin betiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietara igorri du eztabaidatua eta onartua izan dadin Foru Arau gisa.

 

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi du Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketa Plan Orokor berriaren onarpenak esan nahi duela “zirkulu bat ixtea Gipuzkoako hondakinentzat inolako konponbide eta hautabiderik gabe hasi zen legealdi batean, eta legealdi horri amaiera ematea martxan egongo de Ingurumen Gune batekin eta Gipuzkoa ekonomia zirkularraren eta klima aldaketaren helburuak betetzeko prest jarriko duen hondakinen plan berri batekin”. Foru arduradunak esan du jauzi kualitatibo handi bat dela, izan ere plan berriari esker “lehenengo aldiz, Gipuzkoak hondakinen plan bati helduko dio Europako herrialde garatuenen baldintza beretan eta birziklapenean %70a lortzea proposatzen da, Europak 2030. urterako ezarritako helburua baino 5 puntu gehiago”.

 

Plangintza berriaren elaborazio prozesuari hasiera eman zitzaion ekainean, eskumena duten administrazio guztiei (udalak, mankomunitateak, interesa duen publikoa eta Eusko Jaurlaritza) aurretiazko dokumentu bat bidali zitzaien beren ekarpenak egin zezaten, eta Ingurumeneko Departamentuak kontuan hartu zituen aurreproiektua prestatzerakoan. Horrekin batera, herritarrek parte hartzeko protokolo bat zehaztu zen. Aurreproiektua prestatu ondoren, jendaurrean jarri zen bi hilabetez, eta interesdun guztiek alegazioak egin ahal izan zituzten; jarraian, irailean, hasiera eman zitzaion parte hartze prozesuari, aurreproiektu fasean onartutako protokoloan xedatutakoaren arabera, gizarte eragileei eta herritarrei plan berrian parte hartzeko aukera emateko, eta fase horrek bi hilabete iraun zituen. Guztira, 164 eragilek parte hartu zuten eta 173 ekarpen egin zituzten.

 

Partaidetzazko prozesuan egindako ekarpenek proiektua aberastu dute, hauek dira barneratu diren batzuk:

 

Hiri-hondakinen karakterizazioen maiztasunen handitzea.

 

Erosketa berde publikoaren eta erosketa zirkularraren handitzea administrazio publikoen obra eta zerbitzuetan.

 

Ingurumen zerga-sistemarako lan-talde bat eratzea.

 

Birziklatutako eta berrerabilitako produktuen sarrera sustatzeko obra eta zerbitzu kontratu publikoetan derrigorrezko ehunekoa ezartzea lizitazio publikoetan.

 

Elikagaien bilketa eta distribuzio sarearen handitzea. Elikagaien xahutzearen gutxitzea.

 

Gobernu Kontseiluak GHHKPO proiektua onartu eta gero, Gipuzkoako Batzar Nagusietara igorriko da plangintza eztabaidatua eta onartua izan dadin. Prozesua hurrengo urteko martxoan amaitzea aurreikusten da. Urtarrilean, talde politiko guztiek beraien zuzenketak aurkeztuko dituzte, ondoren, otsailean, zuzenketa horiek eztabaidatu eta bozkatuko dira eta, martxoan, Osoko Bilkurak GHHKPOa onartuko du. Onartuz gero, hondakinen plan berria izango da 2019-2030 aldian Gipuzkoako hondakinen plangintza eta kudeaketa arautuko duen Foru Araua.

 

Hondakinen plan berria izapidetzen hasiko da GHHKPOk bere garaian ezarri zituen helburuak bermatu ondoren, birziklapena %70eko tasan (2030) kokatuko duen azpiegitura sistema batetik eta birziklatu ezin diren hondakinen aprobetxamendu energetikoarekin. Modu horretan, Gipuzkoak lortuko du zabortegirik gabeko kudeaketa sistema bat ezartzea, sortzen dituen hondakin guztiak baliabide propioekin tratatzeko gai izango dena, eta ondorioz 0 zabor isurketa eragingo duena.  Egoera hau Departamentuak 2015ean aurkitu zuenaren oso bestelakoa da. Orduan, Gipuzkoan azpiegiturak falta ziren, zabortegiak itxita zeuden eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa egoera larrian zegoen Zubietako Hondakinen Kudeaketa Zentroa geldiarazteak eragin zituen zorren ondorioz. Asensioren iritziz, aldaketa oso positiboa izan da, eta ondorengoa azpimarratu du “arauak betez lortu dugu konponbide aurreratua eta europarra ematea Gipuzkoako hondakinen gaiari; aldiz, EH-Bilduko aurreko gobernuaren ez betetzeak arazo larriak eragin zituen ekonomia eta ingurumen mailan, eta oraindik horiek ordaintzen ari gara”.

 

Hauek dira 2019-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean (GHHKPO 2) ezarritako helburuak: prebentzioa maximizatzea; gaikako bilketa eta birziklatzea ahalik eta gehien optimizatzea; konpostajean eta materia organikoaren biometanizazioan ahal den guztia aurreratzea; birziklatu ezin diren hondakin guztiak balorizatzea, eta lehen mailako hondakinen isuririk ez eragitea.