Atzealdea Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko IV. Topaketa

2022·01·14


Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko IV. Topaketa

Gipuzkoak lider europarrak elkartuko ditu ekonomia berdea bultzatzeko «Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko Topaketaren» laugarren edizioan

 

Kongresuak plastikoaren ekonomia berriaren erronkak eta aukerak aztertuko ditu, sektore horrek Espainian 5.000 enpresa baino gehiago biltzen baititu, 120.000 lanpostu baino gehiagorekin, eta birmoldaketa garrantzitsu bati egin beharko dio aurre, plastiko birziklatuaren eta erabilera bakarreko plastikoen debekuaren alde egiten duten EBko araudi berrien ondoren.

Multzo espezifiko bat eskainiko zaio enpresa, entitate eta erakundeetan jasangarritasuna lehen erabaki-mailara igotzeko emakumeak egiten duen lanari.

Enpresen zirkulartasun maila neurtzeko diseinatutako tresnaren emaitzak aurkeztuko ditu Naturklimak. GK Recycling-eko 80 enpresa ingurutan aztertu den tresnak aukera ematen du erradiografia zehatz bat egiteko Gipuzkoako birziklatze sektoreko finantzaketaren, birziklatze-mailen, berrerabilpenaren, garapen jasangarriko helburuetarako ekarpenaren, eta enpleguaren inguruan, besteak beste.

Dagoeneko 330 pertsonak baino gehiagok eman dute izena munduko 11 herrialdetan.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua: «Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko Topaketa nazioarteko erreferentzia bihurtu da ekonomia berdea bultzatzeko ahaleginean, sinergiak eta aliantzak sortzen baititu eredu ekonomiko garbi eta zirkular baterako eraldaketaren bidean. Gainera, enpresak, eragile sozialak eta herritarrak integratzen dituen plataforma bat da, paradigma aldaketa hori modu justuan eta inor atzean utzi gabe egin dadin»

José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak, Mónica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak,  Jon Olaeta Espainiako Birziklatze Federazioko  (FER) presidente eta  Birziklatze Industrien Europako Konfederazioko (EuRIC) kontseilukideak, eta Angel Fernandez Homar Ekonomia Zirkularrerako Fundazioaren Patronatuko presidenteak aurkeztu dute, gaur goizean, Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko IV. Topaketa, «Ekonomia Zirkularra. Jasangarritasunaren etorkizuna bizkortuz» izenburupean otsailaren 2 eta 3an egingo dena.

Topaketa Kursaalen egingo da, formatu mistoan, presentzialean eta online. Dagoeneko irekita dago izen-ematea, eta, oraingoz, 330 pertsonak baino gehiagok eman dute izena (206 aurrez aurre eta 125 online) munduko 11 herrialdeetatik.

Ekimen hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak sustatu du, EuRIC Birziklatze Industrien Europako Konfederaziorekin, FER Espainiako Berreskuratze eta Birziklatze Federazioarekin eta Ekonomia Zirkularrerako Fundazioarekin lankidetzan, eta  ekonomiaren eraldaketa berdearen inguruko Europako profesionalak elkartzeko plataforma gisa finkatu da.  José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, «Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko Topaketa nazioarteko erreferentzia bihurtu da ekonomia berdea bultzatzeko ahaleginean, sinergiak eta aliantzak sortzen baititu eredu ekonomiko garbi eta zirkular baterako eraldaketaren bidean». Gainera, enpresak, eragile sozialak eta herritarrak integratzen dituen plataforma bat da, paradigma aldaketa hori modu justuan eta inor atzean utzi gabe egin dadin».

Edizio honetarako izenburu hau aukeratu da: «Ekonomia Zirkularra. Jasangarritasunaren etorkizuna bizkortuz». Topaketaren helburua da enpresa mundua, ezagutzarena, soziala eta instituzionala elkartzea, interakzioak eta lortutako sinergiek eraldaketa berde eta digitala bizkortzea lor dezaten ekonomiaren deskarbonizazioaren bidean. Asensiok adierazi du hamarkada hau funtsezkoa dela aldaketa horiei aurre egiteko: «izan ere, trantsizio ekologikoa bizkortzeko eta krisi klimatikoari, osasun-krisiari edo gerta daitekeen beste edozeini aurre egiteko ahaleginak bikoiztu eta beharrezko erabakiak hartu behar ditugu, eta, horretarako, ekosistema industrial eta ekonomiko berdea, jasangarria, digitalizatua eta justua duen gizartea behar dugu».

 

Lehenengo jardunaldian, otsailaren 2koan, erakusketak eta nazioarteko, nazioko eta tokiko adituen mahaiak antolatuko dira. Lau gai-multzo landuko dira: Europa. Non gaude eta nora goaz. Multzo honetan parte hartuko dute, besteak beste, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Cinzia Vezzosi Birziklapenaren Industrien Konfederazioko presidenteak eta Florentin Letissier, Pariseko alkateordea. Bigarren multzoa plastikoaren ekonomia berriaren erronkei eta aukerei buruzkoa izango da; sektore horrek Espainian 5.000 enpresa baino gehiago biltzen ditu, 120.000 lanpostu baino gehiagorekin, eta birmoldaketa garrantzitsu bati egin beharko dio aurre, plastiko birziklatuaren eta erabilera bakarreko plastikoen debekuaren alde egiten duten EBko araudi berrien ondoren. Multzo honetan nazioarteko adituak izango ditugu, hala nola Olivier François Galoo Group-eko ingurumen arduraduna; Espainiako adituak, besteak beste Carlos Prieto Plastic Energy-ko Espainiako zuzendari nagusia; eta plastikoaren ekonomia berriaren sektorean Gipuzkoan erreferente diren adituak, hala nola Luis Artola Plastiegaur enpresako zuzendari nagusia, eta Iñigo Isasti Jolas enpresako kidea.

Hirugarren multzoan, WAS Women Action Sustainability elkarteko kideek parte hartuko dute. Elkarte horrek emakumearen zeregina sustatu nahi du, bai enpresa, entitate eta erakunde guztietan, bai gizartean, jasangarritasuna lehen erabaki-mailara igotzeko. Asensiok azpimarratu duenez, «justizia soziala ezinbesteko baldintza da egiten ari garen eraldaketa ekologikoak gizartea eraldatzeko helburuak bete ditzan, eta, horretarako, ingurumen eta gizarte irizpideen integrazioak enpresen eta administrazioen lehen maila estrategikoan egon behar du». Multzo honetan hizlari hauek izango ditugu: Idoia Azaldegui, POLYMATeko kudeatzaile orrokorra; Clara Arpa, ARPA Equipos Móviles de Campaña enpresaren kontseilari delegatua; Adriana Uribesalgo, Kafea.Eco konpainiaren zuzendaria, Delia Garcia  L´Oreal enpresaren Gizarte Erantzukizun Korporatiboko eta Jasangarritasun arloko zuzendaria, eta Alba Cabañas, WAS bazkidea eta Ekonomia Zirkularraren lantaldeko presidentea.

 

Laugarren multzoak bioekonomiaren eginkizuna izango du ardatz, baita jasangarritasunaren eta zirkulartasunaren inguruan antolatzeko beharra ere, baliabide naturalak eta prozesu biologikoak erabiltzen dituzten industriak berritzeko aldaketa-palanka gisa. Bioteknologiaren garapena, biodibertsitatearen babesa eta ekoizpen prozesuen modernizazioa funtsezkoak dira ekosistema osasungarriak sustatzeko, eta aditu hauek izango ditugu gure artean gai horiei buruz hitz egiteko: Ladeja Godina – Change Zirkularraren fundatzaile eta zuzendari nagusia, eta European Circular Economy Stakeholder Platform (ECESP) erakundeko presidentea –; CEITeko Enrique Aymerich; Caterina Coll Lozano PERSEO Biotechnology-ko CEOa; eta Goizeder Barberena Ibañez de Cener -Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala-.

Azken multzoan, ekonomia zirkularrak, enpresak eta berrikuntzak Gipuzkoako enpresa-sektorean izandako arrakasta-kasuak erakutsiko dira. Parte hartuko dute: David Zabala Naturklimako zuzendariak; Jose Manuel Muriel Metal 78ko gerenteak; Haritz Sardon doktoreak – POLYMATeko irakasle laguntzailea (Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saila. EHU-UPV); eta Juan José Hernández Samaniego Valor Greene enpresaren sortzailea eta CEOa. Atal honetan, nabarmendu behar da enpresen zirkulartasun-maila neurtzeko diseinatutako tresnaren emaitzak aurkeztuko dituela Naturklimak. GK Recycling-eko 80 enpresa ingurutan aztertu den tresnak aukera ematen du erradiografia zehatza egiteko Gipuzkoako birziklatzearen sektoreko finantzaketaren, birziklatze-mailen, berrerabilpenaren, garapen jasangarriko helburuetarako ekarpenaren, eta enpleguaren inguruan, besteak beste. Proba-fasea amaitu ondoren, Gipuzkoako enpresa guztiek erabili ahal izango dute tresna hori.José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak gogorarazi du Gipuzkoak indar handia duela birziklatze eta berrerabiltze alorrean: “Ikusgai jarri behar dugu sektorearen garrantzia, motor ekonomiko gisa ekonomia zirkularraren barruan eta enplegu berdearen sorreran”. Gainera, gogorarazi du zer-nolako konpromisoa daukan Ingurumeneko Departamentuak sektorearekin, hura bultzatu, lagundu eta ikusgai bihurtzeko.     

Bigarren jardunaldian, otsailaren 3koan, GK Recycling Gipuzkoako birziklapenaren klusterreko 5 kide bisitatuko dira, eta bertatik bertara ezagutu ahal izango dira Gipuzkoan ekonomia zirkularreko prozesuetan arrakasta izan duten eta aurrerapausoak eman dituzten kasuak. JOLAS, EKOGRAS, TRIENEKENS, ASFALTIA I+G+B laborategia eta POLYMAT.

INSKRIPZIOA: Ekonomia Zirkularrari buruzko Topaketan parte hartu nahi dutenek jarraian ageri den inprimaki honetan eman beharko dute izena, urtarrilaren 31ra arte:

 https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScbImPkS-sl7ACHVZI3UcIyoz42lA8gOUxnlzuhf3rF4hnmBA/viewform

Zalantzarik izanez gero edo informazio gehiago behar izanez gero, Ingurumen Zuzendaritzarekin edo Idazkaritza Teknikoarekin jar zaitezke harremanetan:

ingurumenzuzendaritza@gipuzkoa.eus, edo leire@eckoing.com

 

Donostia, 2022ko Urtarrilaren 14ean