Atzealdea GARAGARTZA: Altzaniako balkoia

I. Etxezarraga

Sarbidea

Otsaurteko portuan, GI-2637 errepidearen 17. kilometro puntuan edo, hormigoizko pistari helduko diogu, Otsaurteko Andre Mariaren ermitaren parean. Andikoetxe baserriaren aurretik, langa kanadiar bateko sareta igaro ondoren, Beundako gainetara abiatuko gara, harik eta, 2 km-ko bidea egin ondoren, aparkalekura iritsi arte. Iturria eta aterpea ere badira han.

 

Distantzia

6,100 km

 

Aurreikusitako denbora

4 ordu

 

Zailtasuna eta errekerimenduak

Ibilbide honek ez du ageri nabarmentzeko moduko zailtasunik. Halaber, ez du ekipamendu berezirik eskatzen, mendi ibilietarako oinetako eta arropa egokiak baino ez. Komeni da ura eta elikagai arinen bat eramatea. Halaber, hartu ahal dela telefono mugikorra aldean, ezer gertatuko balitz ere.

 

Lainoa sartuz gero –ohikoa izaten da fenomeno hori inguru hauetan–, gomendatzen dugu saihestea trabeseko eremuak, eta pistatik egitea Garagartza bordarainoko bidea eta bueltakoa.

 

Era berean, aske ibiltzen dira ardiak, behiak eta zaldiak inguru hauetan. Animalia horiek ohiturik daude gizakiekin. Edonola ere, oso zorrotza dute defentsarako sena; hortaz, oinez ibiltzeko arazorik ez badago ere, gomendatzen dugu bakean uztea eta ez erakartzea jaten eman aitzakian, eta are gutxiago aztoratzea. Ez baitago aurreikusterik zer erreakzio izango duten.

 

Ibilbide honetan goazela, atentzioa emango digute bata bestearen ondoren ageri diren ehiza postuek. Arkain eta Ultzama lerroetan bildutako postu eta igoera horiek ehiza tradizionaleko lerro sare bat osatzen dute, hegazti migratzaileak botatzeko. Garai batean instalatuak dira Partzoneriako hainbat tokitan. Gipuzkoako Foru Aldundiak arautzen ditu haien mugapena, balio aldiak eta baldintza orokorrak. Ehiza jardun hori modu antolatuan gauzatzen da irailaren amaieratik azaroaren amaierara bitartean. Kontuan hartu beharreko inguruabarra da hori, garai modu horretan abiatzen bagara.

 

Deskribapen laburra

Bide osoa Gipuzkoako eta Arabako Partzoneria Orokorrean igarotzen da, zeina Aizkorri-Aratz Parke Naturalean baitago, Txurruko puntaren (988 m) ipar-mendebaldeko eta iparraldeko inguruko mendietan.

 

Ibilbidearen zatirik handiena lur irekietan barrena igarotzen da, harri zolaz jantzitako pistetan eta hegal belartsuetan, Altzaniako amildegiaren eta malkarren ikuspegi izugarri eta bikainekin, hondoan Aizkorri mendilerroko gainak ditugula.