Atzealdea Gipuzkoak birziklapenean duen lidergoa sendotu du eta gaikako bilketa % 60tik gorakoa da

2022·04·01


Gipuzkoak birziklapenean duen lidergoa sendotu du eta gaikako bilketa % 60tik gorakoa da

2021eko birziklatze tasa % 55,32koa da, aurreko urtean baino ia puntu bat gehiago, eta gaikako bilketa, lehen aldiz, % 60tik gorakoa da 2021ean, pandemiaren bigarren urtean.

Hondakinen sorrera pandemia aurreko mailetan dago, biztanleko 443 kilorekin, eta Europako 500 kiloetako batez bestekoaren oso azpitik jarraitzen du.

Errefusaren ehunekoak behera egin du seigarren urtez jarraian, nahiz eta susperraldi ekonomikoaren testuinguruan hondakinen sorrerak gora egin duenez tratatu beharreko tonek ere gora egin duten. Zubietako azpiegiturek, martxan daudenetik lehen urtean,  6400 tona errefus berreskuratu dituzte.

José Ignacio Asensio: «Emaitzek berretsi egiten dute Gipuzkoak birziklapenean duen lidergoa, Espainiako batez bestekoa 20 puntu baino gehiagoan gainditu duelako eta Europak 2025erako ezarritako helburua gainditzen duen lurralde bakarra delako. Datu horiek Zubietako azpiegituren eraginkortasuna erakusten dute, eta baita gure herritarren kontzientziazio maila handia».

«Herritarren konpromisoa zoriondu behar da, urtero gaikako bilketa hobetzen jarraitzen dugulako. Orain, jasotako hondakinak gure industriarako baliabide bihurtzea da erronka, eta, horretarako, Zubietako azpiegiturak giltzarriak dira”

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok ezagutzera eman ditu hiri hondakinen bilketa selektiboari eta birziklapenari buruzko 2021eko datuak, hau da, pandemiaren ondorengo bigarren ekitaldikoa. Foru arduradunak adierazi duenez, «hiri hondakin solidoen sorrerari dagokionez, pandemiaren aurreko garaiak gogorarazten dizkigute datuek; eta susperraldi ekonomikoaren testuinguru honetan, gaikako bilketaren eta birziklatzearen ehunekoek gora egiten jarraitzen dute». Foru diputatuak balioa eman dio hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako ereduari, erakutsi baitu, beste behin ere, oso eraginkorra dela, eta baita eredugarria ere: «Emaitzek berretsi egiten dute Gipuzkoak birziklapenean duen lidergoa, Espainiako batez bestekoa 20 puntu baino gehiagoan gainditu duelako. Europak 2025erako ezarritako helburua gainditzen duen lurralde bakarra gara, helburuak betetzen ditugu frakzio guztietan, Europako batez bestekoaren oso azpitik gaude biztanleko hondakinen sorrerari dagokionez, gaikako bilketak lehen aldiz % 60tik gorakoa da eta hondakinen zikloa zabortegietara jo gabe ixtea ahalbidetzen diguten azpiegiturak ditugu”

Ildo horretan, diputatuak Zubietako Ingurumen Guneko azpiegituren balioa nabarmendu du, horiek baitira, herritarren kontzientziazioarekin batera, Gipuzkoarako Ekonomia Zirkularraren estrategia eraikitzeko oinarria. «Herritarren konpromisoa zoriondu behar da, urtero gaikako bilketa hobetzen jarraitzen dugulako. Orain, jasotako hondakinak gure industriarako baliabide bihurtzea da erronka, eta, horretarako, Zubietako azpiegiturak giltzarriak dira. Aurten, TMBko instalazioak gaikako bilketaren emaitzak hobetzen lagundu du, 6.400 tona errefus berreskuratu ahal izan baitira”

Ondorio nagusi gisa, 2021ean birziklatze tasa % 55,32an kokatu da, aurreko urtean baino 0,88 puntu gehiago, eta Europak 2025erako ezarritako helburua, % 55ekoa, gainditu da. Goranzko joera argia: 13,07 puntuko hazkundea 2015etik. Gaikako bilketari dagokionez ere gora egiten jarraitzen du, eta lehen aldiz gainditu du % 60a, aurreko urtean baino puntu erdi gehiago.

Asensiok oso modu positiboan baloratu ditu «urtetik urtera Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko eredua finkatu dela erakusten duten datuak. Izan ere, eredu hori erreferentziazkoa bihurtzen ari da, bai Euskadin, bai Espainian».

 

BIRZIKLATZE DATUAK

2021  2020

2021eko birziklatze tasa % 55,32koa da, aurreko urtean baino ia puntu bat gehiago.

Frakzioak kontuan hartuta, azpimarratu behar da beirak, paperak, kartoiak eta ontziek gainditu egiten dutela Europak 2025erako ezarritako helburua. Hazkunderik esanguratsuena ontziek izan dute; 2020arekin alderatuz, 9,26 puntu igo da, eta %76,94ra iritsi da.

 

2021EKO GAIKAKO BILKETARI BURUZKO DATUAK

Gaikako bilketa, herritarrek etxeetan eta saltokietan egiten duten hondakinen gaikako bereizketaren emaitza, % 58,07an kokatzen da, iaz baino handixeagoa. Guztizko gaikako bilketa tasa lortzeko (aurten % 60tik gorakoa izan da), errefusaren frakziotik berreskuratutako hondakinen ehunekoa gehitu behar zaio.

2015az geroztik, gaikako bilketaren tasa 9 puntu baino gehiago igo da.

Azken urteetako joera orokorrari jarraituz, gaikako bilketaren ehunekoak gora egiten duen aldi berean, errefusaren ehunekoak behera egiten du. Hala ere, errefus frakzioaren tonek gora egin dute, eta, ildo horretan, foru diputatuak adierazi du gehikuntza hori gertatu dela «pandemiaren bigarren urtean ostalaritza eta merkataritza jarduerek susperraldia izan dutelako, eta horri lotuta hondakin gehiago sortu direlako». Horregatik, azpimarratu du «gaikako bilketa tasa errefusarena baino hogei puntu handiagoa dela, eta Zubietako azpiegiturek aukera ezin hobea ematen digute herritarrek egiten duten ahalegina zirkularki osatzeko».

Hondakinen sorrera handiago horren aurrean -pandemia aurreko datuen antzeko datuekin-, foru diputatuak adierazi du: «Europako batez bestekoa baino 60 kilo gutxiago sortzen ditugu biztanleko».   Horri dagokionez, esan behar da 2021ean 329.177 tona hondakin sortu direla guztira, iaz baino % 4,59 gehiago (14.500 tona gehiago).Biztanleko kiloei dagokienez, 2020. urtearekin alderatuta, hondakinen sorreran egon den aldaketa %4,75ekoa da: 2020an biztanleko 423 kilo ziren, eta 2021ean, berriz, biztanleko 443 kilo.

Gaikako bilketaren frakzio ezberdinei dagokionez, azpimarratu behar da frakzio esanguratsuenen hazkundea: biohondakina %4,38 hazi da; beira eta papera ere hazi egin dira, %6,52 eta %2,15, hurrenez hurren,  pandemiaren ondoren, merkataritza- eta ostalaritza-suspertzearekin lotuta eta  ildo horretatik ere ontzi arinak %1,31 hazi dira.

Beste frakzio batzuei dagokienez, aipatzekoa da tamaina handikoetan eman den hazkunde handia. 2020eko datuak bikoiztu egin dira: izan ere, 2020an 3.300 tona bildu ziren, eta 2021ean, berriz, 6.900 tona. Jose Ignacio Asensio diputatuak adierazi duenez, pandemiak eta herritarren ohitura aldaketek datu horietan duten eragina alde batera utzita, ikusi da «tamaina handiko hondakin multzo garrantzitsu bat dagoela, laster Departamentuak abian jarri asmo duen Berrerabilpenerako Prestakuntza Zentrora (BPZ) bideratuko dena, hondakin fluxu horren tratamendua hobetzeko eta lurraldean ekonomia zirkularra bultzatzeko».

Azkenik, 2019an abian jarri zen frakzio berri baten igoera handia ere nabarmendu behar da: kafe-kapsulen bilketan izandako igoera % 350ekoa izan da; izan ere, bilketa sistema hori hedatzen ari da Gipuzkoako lurraldean zehar, zehazki Tolosaldeko, San Markoseko eta Sasietako eta Debabarreneko Mankomunitateetara.

 

Donostia, 2022ko martxoak 31