Atzealdea IBAIEDER: ispilu esmeralda

I. Etxezarraga

Sarbidea

Azpeititik edo Beasaindik, GI-2635 errepidean barrena, harik eta bidez goazela ezkerreko estribuan Ibaieder edo Nuarbeko urtegiko presa parera iritsi arte. Luzetara aparkatuko dugu, presaren gailurrarekiko.

 

Distantzia

8,600 km

 

Aurreikusitako denbora

4 ordu

 

Zailtasuna eta errekerimenduak

Ibilbide zirkularra da, desnibelik gabea, eta balizaz seinaleztatuta dago 0,5 km-tik behin. Atseden hartzeko altzariak ere baditu, eta ez dauka inolako zailtasunik. Mendi ibilietarako oinetakoez edo jantziez aparte, ez du behar ekipamendu berezirik. Komeni da ura eta elikagai arinen bat eramatea. Halaber, hartu ahal dela telefono mugikorra aldean, ezer gertatuko balitz ere.

 

Deskribapen laburra

Ibaieder edo Nuarbeko urtegia (ibaian behera eginda dagoen auzunearen izena ere hartzen baitu) Gipuzkoa erdi-erdian dago, Azpeitia, Beizama eta Beasain udalerrien artean.

Esandako urtegiaren bueltan ageri den pistan ibiliko gara –baimendutako ibilgailuak baino ezin dira sartu bertara–. Asfaltoz eta hartxintxar trinkoz egina da bidea, eta ia ur-laminaren pare-parean joango gara, buelta guztian hostozabalak eta konifero-plantazioak itxi-itxi direla.

Ibilbide hau apartekoa da etxekotutako natura zentzumen guztiekin gozatzeko; izan ere, nahiz eta gizakiaren eragin handia nabari, ia ukitu gabe ageri ditu berezitasun, irmotasun eta koloreak, toki gutxik bezalako bakea eta sosegua eskainiz.

Uretarantz, egurrezko hesiak ageri ditu tarte ugaritan, sendotasun handirik gabeak; gomendatzen dugu ez arrimatzea armaduren kontrara, ezustekorik ez izateko.