Atzealdea

UROLA ERDIA: Etxe Argiak

Urola Erdiko Energia Planaren baitan, energia-aholkularitza pertsonalizatuko programa hau Urola Erdiko biztanleei zuzentzen zaie, etxeetako energia-eraginkortasuna hobetzeko eta kalteberatasun-egoerak saihesteko.

UROLA ERDIA: Etxe Argiak

2015ean onartutako Energia Planaren bitartez pobrezia energetikoaren arazoari lehen hurreratze-lana egin ondoren, Urola Erdia eskualdeak 2017an Etxe Argiak programa jarri zuen martxan. Iraurgi Berritzen eskualdeko garapen- eta berrikuntza-agentziak sustatuta, eskualdea osatzen duten udalerrietako oinarrizko gizarte-zerbitzuekin elkarlanean, gizarte-egoera kalteberan dauden 12 etxetara zuzendu zen programa honen hasierako bertsioa. Programa etxera egindako bisita bat egitean oinarritu zen, eta, funtsean, argiaren eta gasaren fakturak, energia-kontsumoaren ohiturak eta etxebizitzaren eta haren ekipamenduen egoera aztertuta, lehen diagnostiko bat egiten zen. Diagnostiko horretan aholkularitza pertsonalizatua ematen zitzaien, kasu bakoitzean etxeetako energia-eraginkortasuna hobetu zezaketen neurriei buruzkoa.

 

Esperientzia horren harrerari dagozkion emaitza egokiak sustatzaileak programa zabaltzera bultzatu zituen. 2018. urtean, programa hori kalteberatasun-egoeran zeuden beste 12 familiari bideratu zitzaien.

 

2018ko edizio honetan, energia-fakturen azterketatik bildutako datuen bitartez etxe horietatik %40k batez bestekoa baino kontsumo apalagoa egiten zutela jakiteko aukera eman zuten, %32k gainditzen zuela eta %12 inguruk behar baino potentzia-kontratu handiagoa zuela. Halaber, egindako bisiten ondorioz –familia guztiek ontzat hartu zituztenak–, kasu guztietan etxeko ohiturak hobetzeko aholkuak eman beharra zegoela igarri zen, besteak beste, berokuntzaren eta etxetresna elektriko handien erabilerarekin lotutakoak edo adibidez hozkailua, garbigailua edo etxebizitzako aireztapen-praktikei dagozkienak.

 

Etxetresna elektrikoen egoerari dagokionez, oro har, txarra ez zela ikusi zen. Kasu batzuetan, etxetresna batzuen erabilera murriztea aholkatu zen, kontsumo handia zutelako (adibidez, kutxa-izozkailuak); beste batzuetan, berriz, haien gabeziak (adibidez, sukaldeko ke-erauzgailuak) energia-ikuspegitik efizientzia gutxiko ohiturak zekartzala (leihoak denbora luzez irekita uztea) nabarmendu zen. Gainera, etxe gehienetan goritasun-lanparak zeuzkatela antzeman zuten (efizientziarik baxuena dutenak), eta ahitzen ziren neurrian, kontsumo txikiko edo led teknologiako bonbillekin ordezkatzea gomendatu zitzaien.

 

Bestalde, etxe horietako batzuetan erreforma txikiak egiteko premia antzeman zuten. Etxebizitzen %50ean, gutxi gorabehera, leihoak aldatzea beharrezkoa zela ikusi zen. Hain ohikoak ez diren beste kasu batzuetan, berokuntza-sistema, instalazio elektrikoa edo etxebizitzako hezetasunak kentzeko beharra egiaztatu zen.

 

Horrez gain, beste 25 familiari antzeko jarraipena egin zitzaien, pobrezia-egoerarik pairatu ez arren, haien borondatez partaide izatea erabaki zutelako. Bi jarduera-ildoak oinarrizko gizarte-zerbitzuetako profesionalei zuzendutako energiari buruzko prestakuntza-programa batekin osatu ziren.