Atzealdea IRUERREKETA: Deba ibaiaren sorburuak

I. Etxezarraga

Sarbidea

Eskoriatzatik, Gasteiz eta Eibar lotzen dituen GI-627 errepidean Gasteizera bidea hartuko dugu, eta Arlaban portua igotzen ari garela, 21. kilometro puntutik 20. puntura bidean 0,400 km inguru pasatu ondoren –txirrindularien patroi Dorletako Andre Mariaren santutxo parean– gure noranzkoaren beste aldetik irekitzen den pistari helduko diogu.

Itsasbide hori Sanjuanzar baserriaren (San Juan Bataiatzaile eta Ebanjelariaren ermitaren hondarren gainean eraikia) eta haren garai bateko kare tokiaren aurrean (parez pare, pistaren ezkerretan), langa kanadar bat igaroz eta Domiñaga baserria eskuinetarantz utziz, berehalaxe irtengo gara aparkaleku-zabalgune batean, eta hantxe utziko dugu autoa.

Era berean, Eskoriatzatik ere iritsi gaitezke, GI-3310 errepidea Leintz Gatzaga aldera hartuta, eta, udalerri horretako herrigune historikoa zeharkatu eta 7 km inguru egin ostean, Arlabango portura iritsiko gara (599 m). Gain horretan, lehen aipaturiko GI-627 errepidea hartuko dugu ezkerretan, Eskoriatza bidean, eta 19. kilometro puntura ailegatu eta 0,6 km eginda, eskuinetarantz jotzen duen hormigoizko pista bat hartuko dugu, Nordebizi etxea baino apur bat lehenago, Dorletako Andre Maria santutxoaren pare-parean. Eta aurretik deskribatutako moduan jarraituko dugu.

 

Distantzia

4,5 Km

 

Aurreikusitako denbora

3 ordu

 

Zailtasuna eta errekerimenduak

 Ibilbide honek 4,5 km ditu guztira, eta ez du batere zailtasunik. Halaber, ez du eskatzen ekipamendu berezirik, mendi ibilietarako oinetako eta arropa egokiak baino ez. Komeni da ura eta elikagai arinen bat eramatea. Halaber, hartu ahal dela telefono mugikorra aldean, ezer gertatuko balitz ere.

 

Deskribapen laburra

Ibilbide osoa Leintz Gatzaga udal mugartean igarotzen da, Aizkorri- Aratz Natura Parkearen barruan bilduriko lurretan; Deba ibaiaren eskuineko isurialdearen parean joango gara une oro, eta haren sorburua topatuko dugu Gipuzkoako lurraldeko hego-mendebaldeko erpinean.

Zati handi batean garai bateko zaldi bide baten parean trazatutako baso pista batean sarturik, inausitako pagadi ikusgarrien eta harizti zoragarrietan barrena tipi-tapa, ekologiaren eta paisaiaren aldetik sekulako balioa duten parajeak zeharkatuko ditugu, eta edozer urtarotan eskaintzen diguten ikuskizun kromatiko txundigarriaz gozatuko dugu.