Atzealdea KARAKATE: historia eta naturaren aztarnak

I. Etxezarraga

Sarbidea

Soraluzeko herrigunetik, GI-3652 errepidean barrena San Andres auzoa zeharkatuko dugu, harik 5,3 km-ren buruan amaitu arte. Haren ondoren, beste 2,2 km-ko bide bat egin eta Karakate gainean instalatutako errepikagailuaren pareko aparkalekura iritsiko gara (tontor horri Kortazar eta Muneta ere deitzen diote, eta Soraluze eta Elgoibarren arteko mugan dago).

 

Distantzia

9,300 km

 

Aurreikusitako denbora

5 ordu

 

Zailtasuna eta errekerimenduak

Ibilaldi honek ez du geri nabarmentzeko moduko zailtasunik. Halaber, ez du ekipamendu berezirik eskatzen, mendi ibilietarako oinetako eta arropa egokiak baino ez. Komeni da ura eta elikagai arinen bat eramatea. Halaber, hartu ahal dela telefono mugikorra aldean, ezer gertatuko balitz ere.

 

Deskribapen laburra

Ibilbidea Soraluze, Elgoibar eta Bergara udal mugarteetatik igarotzen da, eta hainbat mendiz osatutako eta egitura bolkanikozko gailurra zeharkatzen du: Kortazarko haitzak (749 m) –Karakate eta Muneta ere deitu izan da gain hori–, Kereixeta edo Keixeta (848 m), Kurutzebakar (899 m) eta Irukurutzeta (896 m).Pagadi urtetsuetan, aspaldiko larreetan eta konifera baso itxietan barrena egingo dugu ibilbide osoa, Natura Intereseko Eremu izendatutako parajeetan barrena.

 

Artzainek, abeltzainek eta ikazkinek erabiltzen zituzten garai bateko gurdibideak eta bidezidorrak zeharkatuz –Trikuharrien Ibilbidekoak eurak dira, PR-GI 94, PR-GI 109 eta PR-GI 157 ibilbide gisa homologatuak–, Elosua-Plazentziako Estazio Megalitikoa osatzen duten hogei megalitoetatik hamaikaren parean igaroko gara. Baina, horiek ez ezik, aspaldiko kultura eta tradizioen beste hainbat lekukotzaren albotik ere pasatuko gara, une oro ingurumariok eskaintzen dizkiguten ikuspegi apartekoak lagun ditugula.