Atzealdea KIZKITZA: itsasargi bat mendi artean

I. Etxezarraga

Sarbidea

Mandubiko bentatik, izen bereko portuaren tontorrean (541 m) eta Azpeitia eta Beasain lotzen dituen GI-2635 errepidearen 15. eta 16. kilometro-puntuen artean; Beasaindik 8 km pasatxora eta Azpeititik 16 km ingurura.

Mandubia gainera GI-3192 errepidetik ere iritsi daiteke, Beasaingo Salbatore auzotik gora 2 km inguru eginda eta beste 8 kilometro inguruko bide bat eginez Arriaran, Garin eta Astigarreta auzoetan barrena.

 

Distantzia

3,8  Km

 

Aurreikusitako denbora

3 ordu

 

Zailtasuna eta errekerimenduak

Ibilbide honek 3,8 km ditu guztira, eta ez du ageri nabarmentzeko moduko zailtasunik. Halaber, ez du eskatzen ekipamendu berezirik, mendi ibilietarako oinetako eta arropa egokiak baino ez. Komeni da ura eta elikagai arinen bat eramatea. Halaber, hartu ahal dela telefono mugikorra aldean, ezer gertatuko balitz ere.

 

Deskribapen laburra

 Ibilbide osoa Ezkio-Itsasoko udal mugartean igarotzen da, Kizkitza gainaren inguruetan. Gain hartantxe topatuko dugu, hain zuzen, Kizkitzako Andre Mariaren ermita.

Txikoria-belardi ikusgarriak, konifera exotikoen birpopulaketa oparoak, pago inausiz beteriko sail paregabeak eta baso mistoaren zati apartak zeharkatuko ditugu oinez, eta ikusiko dugu zer-nolako aprobetxamendua izan duen mendi honek oso aspaldiko urteetatik gaur egunera arte, ekologiaren, paisaiaren eta kulturaren aldetik lekukotasun baliotsuak utzi dituzten ingurumariotan.

Donejakue Bideko Monumentu Multzoko bideetan barrena egingo dugu kilometro bat baino gehixeago –Gipuzkoatik igarotzen den Barneko Bidetik, alegia–, eta Kizkitzako Andre Mariaren ermita bisitatuko dugu. Tenplu hori aipaturiko kultura ibilbideari loturik dago, eta, itsas tradizio aintzatetsiarekin, debozio nabaria du ingurune geografiko osoan: Ezkio-Itsaso, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Zumarraga, Urretxu… Ahozko tradizioak ez ezik usadioak ere transmitituriko errealitatea.

Ibilbidean barrena, atentzioa emango digute ehizarako postu goratuek, baso txikian zehar nonahi ikusiko baititugu han-hemenka. Ehiza lerro tradizional bateko parte dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak arautzen ditu haien mugak, baita aldi baliodunak eta erabiltzeko baldintza orokorrak ere. Irailaren amaieratik azaroaren amaierara bitartean praktikatzen da ehiza, eta, hortaz, komenigarria da ondo pentsatzea garai horretan egin nahi dugun txangoa.