Atzealdea LAREO: Basajaunaren bainuontzia

I. Etxezarraga

Sarbidea

Lizarrusti gainean (620 m) dagoen Aralarko Parke Naturalaren Interpretazio Zentroko instalazioen aparkalekutik, Lizarra eta Beasain lotzen dituen GI-2120 errepideko 47. eta 48. kilometro puntuen artean. Gain hori Beasaindik 18 km ingurura dago, Lazkaotik 16 km pasatxora eta Ataungo Elbarrena auzotik 13 km-ra baino ez. Interpretazio zentroaz gainera, azpiegitura horrek taberna-jatetxea eta ostatua ere baditu.

 

Distantzia

 6,9 Km

 

Aurreikusitako denbora

4,30 ordu

 

Zailtasuna eta errekerimenduak

 Ibilbide honek 6,9 km ditu guztira, eta ez du batere zailtasunik. Halaber, ez du eskatzen ekipamendu berezirik, mendi ibilietarako oinetako eta arropa egokiak baino ez. Komeni da ura eta elikagai arinen bat eramatea. Halaber, hartu ahal dela telefono mugikorra aldean, ezer gertatuko balitz ere.

Hala ere, komeni da ohartaraztea ibilbidea tarte estu batetik igarotzen dela, amildegi baten bertikalean. Tarte horretan bada behar beste zabalera, eta badago harkaitzera loturiko kate bat ere. Baina arriskutsu samarra da, ez baitauka babesik amildegirantz. Beraz, izan liteke nolabaiteko eragozpena bertigoa dutenentzat. Era berean, haurrekin joanez gero, gomendatzen dugu kontu hartzea eta eskutik emanda ibiltzea pare horretatik igarotzean.

 

Deskribapen laburra

Ibilbide osoa Ataungo udal mugartean eta Enirio-Aralarko Mankomunitatean igarotzen da erdiz erdi, Aralarko Natura Parkean betiere.

Basoaren jeinu babesle Basajaunen lurretatik barrena tipi-tapa oinez, pagadi ikusgarriak, amildegi malkartsuak eta sakan bihurgunetsuak igaroko ditugu, eta ibilaldi horrek edozer urte garaitan eskaintzen digun lasaitasunaz, patxadaz eta ikuskizun kromatiko zoragarriaz gozatu ahal izango dugu. Naturak emandako poza osatzeko, Lareoko urtegiko turkesa koloreko ur lasaiek eskaintzen diguten ikuskizun dotorearekin topo egingo dugu.