Atzealdea LIMAPUTZU: itsasoko larreak

I. Etxezarraga

Sarbidea

Hondarribitik GI-3440 errepidea hartu Lezorantz goazela (Lezotik Hondarribira Jaizkibel gainetik), 13,5 kilometro puntuaren parean Guadalupeko Andre Mariaren ermita pasatu eta gero, eskuinetarantz irekitzen den hormigoizko pista hartuko dugu, zeinak baserri-merenderora eta Justitz golf eskolara ematen baitu.

Halaber, GI-3440 errepide hartu daiteke Pasaia eta Lezotik Hondarribirantz, eta 13. kilometro puntua igaro ondoren, goazela ezkerretan irekitzen den hormigoizko pista har dezakegu. Handik, lehen aipatu dugun Justitzeko merenderora irtengo gara.

Nabarmentzekoa da Lezo eta Guadalupe arteko GI-3440 errepidea lehendabizi «langileen batailoi» eta, geroago, «soldadu langileen batailoi» deituek eraikia dela: kontzentrazio eremuen araubidean preso zeuzkaten preso errepublikanoak ziren nagusiki, erregimen frankistaren zerbitzura ziharduten egiazko esklaboak.

 

Distantzia

3,7 Km

 

Aurreikusitako denbora

3 ordu

 

Zailtasuna eta errekerimenduak

 Ibilbide honek 3,7 km ditu guztira, eta ez du batere zailtasunik. Halaber, ez du eskatzen ekipamendu berezirik, mendi ibilietarako oinetako eta arropa egokiak baino ez. Komeni da ura eta elikagai arinen bat eramatea. Halaber, hartu ahal dela telefono mugikorra aldean, ezer gertatuko balitz ere.

 

Deskribapen laburra

 Ibilbide osoa Hondarribiko udal mugartean igarotzen da, Jaizkibel mendiaren iparraldeko hegalean zehar eta itsasertzaren parean. Eremu horiek guztiak Natura 2000 sarearen Kontserbazio Bereziko Eremu gisa aitortuak dira.

Iberiar penintsulako ipar-ekialdeko muturrean ibiliko gara, edertasun paregabeko agertoki multzoetan. Ibilbidearen lehendabiziko zatia hormigoizko pista batean egingo dugu; ondoren lurrezko pista batean, eta, handik berehalaxe, kostaldeko bidezidorretan.

Kresalez blaitutako belardiak eta azaleratze arrokatsu nabarmenak zeharkatuz, itsasoaren erasoekin erritmikoki kolpaturiko itsaslabar basatien parean, Limaputzuko kala susmaezinera iritsiko gara. Olatuen biribildutako harri bolaz beteriko inguru honetan, itsasaldiak aukera ematen baldin badigu, uretatik sartu-irten freskagarri batez gozatu ahalko dugu.

Ibilaldi erakargarri honetan, larreak eta hareharri estratuak igaroko ditugu, kolore bizi-bizikoak eta erosioaren poderioz harturiko forma apetatsuz beteak. Ikuspegi harrigarri eta dotorez eta agertoki basatiz beteriko ibilbidea egingo dugu; haiekin guztiekin, gure memoria emozio eta sentsazio susmagaitzez kargaturik geratuko da, bai horixe.