Atzealdea MULISKO: jentilen hilerriak

I. Etxezarraga

Sarbidea

Besadegi ingurutik, GI-4721 errepidearen amaieran, Urnietako udal mugartean.

 

Distantzia

6,300 km

 

Aurreikusitako denbora

4 ordu

 

Zailtasuna eta errekerimenduak

Ibilbide honek ez du ageri nabarmentzeko moduko zailtasunik. Halaber, ez du ekipamendu berezirik eskatzen, mendi ibilietarako oinetako eta arropa egokiak baino ez. Komeni da ura eta elikagai arinen bat eramatea. Halaber, hartu ahal dela telefono mugikorra aldean, ezer gertatuko balitz ere.  

 

Deskribapen laburra

Ibilbide osoa Urnietan dago, azkeneko zatia izan ezik, zeina Urnieta eta Hernani arteko mugan igarotzen baita. Trintxalekueta eta Arlegor gainetako medi hegaletan trazatutako baso pistak zeharkatuko ditugu, baita Zorrotzarri eta Oindi hegoaldekoak ere, Adarramendi-Mandoegi mendilerroaren iparraldeko muturrean.

Trazatuaren parte bat Zulueta muinotik zehar igarotzen den bidean egingo dugu, zeinak garai batetik lotzen baititu Urnieta eta Hernaniko Urumea haranak, eta, beste zati eder batean, SL-GI-43 kodearekin homologatutako bidezidorrean ibiliko gara. Ibilbide osoak hareharri burdintsu arrosakarak dituzten lurrak zeharkatzen ditu, guztiak ere Bortzirietako Mendi Paleozoikoari dagozkionak.

Gure ibilian, nekazaritza ustiategiak, nekazaritzako garai bateko soroak eta belardiak zeharkatuko ditugu, guztia ere larre zainduak, berriro ere konifera sartutako sail itxiak eta bertako hostozabalak zeharkatuz. Ibilbidea amaitzeko, Mulisko Gaina ehorzketa multzo protohistoriko enigmatiko eta paregabean agertuko gara.