Informazio erabilgarria guztiontzat.

 

Hemen, zure eskura jartzen dugu energia kontsumoa murrizteari eta eraginkortasun energetikoari buruzko informazioa.

Atzealdea Nola eduki etxea fresko udan

Nola eduki etxea fresko udan

Udako beroari aurre egiteko,  ahalik eta energia gutxien kontsumituz etxea fresko edukitzeko aholku praktiko batzuk proposatzen ditugu jarraian:

1. Jaitsi pertsianak eta itxi gortinak.

Adituen arabera, metatutako beroaren % 30 leihoetatik dator; beraz, pertsianak, gortinak edo toldoak erabiliz gero, etxe barruko tenperatura 6ºC inguru jaistea eta argiaren fakturan % 7 arte aurreztea lortu daiteke. Etxe bat aire giroturik gabe fresko eduki ahal izateko, etxe barruan itzalgunea lortu behar dugu, eta horretarako pertsianak eta gortinak erabili ditzakegu, etxean itzala sortu eta eguzki beroa sartzea blokeatzeko.

2. Leihoak ireki edo itxi, ordua kontuan hartuta.

Eguerdi aldera, bero gehien egiten duenean, leihoak itxi egin behar ditugu, edo, behintzat, ahalik eta gutxien ireki. Gauez tenperaturak behera egiten du, giroa freskatu egiten da; beraz, hori da airea berritu eta etxea ahalik eta gehien freskatzeko une egokiena. Ateez ere ez dugu ahaztu behar: erabiltzen ez diren logelak edo eguzkia zuzenean jasotzen dutenak ixten baditugu, beroa etxe guztira zabaltzea saihestuko dugu.

Kontuan izan, gainera, udako egun sargorienetan, batez ere kostan, beroak galerna gogorrak ekarri ohi dituela, haize bolada bortitzez eta tenperatura jaitsiera nabarmenez lagunduta. Horrelakoetan, normalean ate eta leiho guztiak azkar ixtea izaten da joera, baina zer gertatuko litzake kontrakoa eginez gero?  Galerna sartzen denean, zera proposatzen dugu: Zabaldu etxeko leiho guztiak, korridoreetako ateak, logeletakoak, baita eskailerakoa ere. Egiaztatu ateak ondo eutsita daudela, kolperik ez jotzeko, eta itxaron denboralea iritsi dadin. Geroz eta denbora gehiago eduki etxea aire korrontea dabilela, orduan eta gehiago jaitsiko duzu etxearen karga termikoa, barruko aire beroa berritu eta kanpoko aire freskoagoari sartzen utziz.  Metodo bitxi honi esker zenbait gradu freskatuko duzu etxe barruko tenperatura. Eta orain, ondo lo egin!

3. Maindireak aldatu.

Maindireak aldatuz gero, logelari distira berri bat emango diogu eta, gainera, haizeberritu egingo dugu. Gogoratu neguan flanela gustura hartzen badugu ere, udan kotoia dela egokiena, transpiratzen laguntzeaz gain freskotasuna mantentzen baitu. Superaholku bat loak hartzea ere galarazten digun beroa dagoen gauak iristen direnerako: hartu maindireak eta burko-azalak, bildu poltsa batean (usainik har ez dezaten) eta sartu hozkailuan (edo izozkailuan). Hotz-hotzak daudenean, egin ohea berriro eta lotara! Maindire hotzak ez zaizkizu gorputzera itsatsiko, eta gorputzeko tenperatura jaisten lagunduko dute.

4. Murriztu bero-iturriak.

Etxeak aparailu elektronikoz josiak egon ohi dira, eta horiek bero izugarria askatzen dute. Jar itzazu gutxien erabiltzen diren geletan eta, ahal baduzu, itzali. Etxea freskoago egongo da eta, gainera, energia eta dirua aurreztuko dituzu. Adibidez, ez jarri arropa garbigailua eta ontzi garbigailua egunez, bi etxetresna horiek bero-iturri izugarriak baitira.

5. Prestatu janaria atea itxita eta ke-erauzgailua piztuta.

Janaria prestatzeko suak eta labeak bero handia askatzen dute, baina, zorionez, ke-erauzgailuak usainak xurgatzeko baina gehiagorako ere balio du.  Ke-erauzgailua pizten badugu, jaki, eltze eta erregailuetatik datorren aire beroa sukaldetik ateratzen dugu. Era berean, oso baliagarria da sukaldeko atea ixtea; horrela, ez dugu galduko etxearen gainerakoan lortu dugun freskura.

6. Kendu goritasun-lanparak.

Hauxe izan daiteke etxeko bonbilla guztiak aldatu eta LED argiak edo kontsumo txikiko lanparak jartzeko behar zenuen bultzada txikia. Goritasun-lanparetan, kontsumitzen den energiaren % 90 bero bilakatzen da, eta kontsumitzen duten energia ez da gutxi... Lanparak aldatuta, aldea nabarituko duzu etxeko edo bulegoko tenperaturan, eta baita hileroko fakturan ere.

7. Beheko solairua beti da hobea.

Familia bakarreko etxe batean edo duplex batean bizi bazara, zorionekoa zu. Baina, horrelakoetan, saihestu goiko pisua lanerako edo egunean zehar egoteko, aire beroak gorantz egiten baitu, eta aire hotzak, dentsitate handiagoa duenez, beherantz.

8. Abanikoa eta haizagailua.

Ez abanikoak ez haizagailuak ezin dute berez gela bateko tenperatura jaitsi, baina gure etxea hozteko aholkuak jarraitu baditugu, brisa atsegin bat lor dezakegu. Gainera, haizagailuak aire girotuak baino askoz ere gutxiago kontsumitzen du eta, beraz, oso lagungarri izan daiteke une jakinetan. Trikimailu bat haizegailuaren efektua handiagoa izan dadin: Jarri haizegailua leiho ondoan, gelarantz begira; jarri aurrean portzelanazko edo metalezko ontzi bat, ur pixka bat eta izotz koskorrak dituela (zuk zeuk egin ditzakezu, izozkailuan), eta jarri toalla bat edo trapu bat azpian, kondentsazioa biltzeko. Haizegailuak mugitzen duen aireak izotz koskorrak zeharkatuko ditu, airea hoztu egingo da eta, horrela, gelako tenperatura jaitsi egingo da. Prozesua azkartu nahi baduzu, bota gatz pixka bat uretan, eta urak likido egoeran jarraituko -21 ºC arte!

9. Egokitu zure etxea.

Jantzi zure etxea kolore argiz. Bai fatxadan, bai etxeko arropan ere, kolore zuri, argi eta gordinak nagusitu behar dira, kolore horiek hobeto islatzen baitute argia, argitasun gehiago ematen dute eta gutxiago berotzen dute. Jakin behar duzu pertsiana zuriak hobeak direla ilunak baino, eta gortina lodi eta opakoek hobeto isolatzen dutela, fin eta zeharrargiek baino. Bestalde, aukera baduzu, jarri toldoak, landareak eta zuhaitzak hegoalderantz eta mendebalderantz ematen duten leihoen parean; horrela, eguzki-izpietatik babestuko dituzu. Aldaketa horiekin guztiekin, zure etxeak bero gutxiago hartuko du, eta inbertsioak merezi duela ikusiko duzu.

Iturria:  lavozdelmuro.net