Zer da azpiegitura berdea

”Azpiegitura berdea eremu naturalen, erdi-naturalen eta beste ingurumen elementu batzuen sarea da, modu estrategikoan planifikatua, eta zerbitzu ekosistemiko ugari emateko diseinatu eta kudeatua” (Europako Batzordea, 2013)

Azpiegitura berdea, beraz, espazioen eta elementuen sare bat da: klima aldaketaren aurrean erresilientzia hobetzen du, biodibertsitatea kontserbatzen laguntzen du eta gizakioi mesede egiten digu, ekosistemen zerbitzuak mantenduz eta hobetuz.

Zerbitzu ekosistemikoak pertsonek eta gizarteak ekosistemen funtzionamendutik lortzen dituzten onuren multzoa dira. Adibidez, ur garbia ekoiztea, lurzorua sortzea, basoek klima erregulatzea, polinizazioa, biodibertsitatea kontserbatzea, etab.

 

Praktikan, berdegune orok —parke natural handitik hasi eta hiri lorategiraino— zerbitzu ekosistemikoak sortzen ditu neurri handiagoan edo txikiagoan, eta azpiegitura berdetzat har liteke, baina Europako Batzordearen definiziora egokitzeko, sare planifikatu baten parte izan behar du, eta kudeatzerakoan kontuan hartu behar da funtzionaltasuna hobetzea, zerbitzu ekosistemikoak emateko.

Azpiegitura berdearen funtsa funtzio aniztasuna da. Hainbat beharri erantzun diezaieke aldi berean: funtzio ekologikoei, produktiboei eta kulturalei, baina jasangarritasunaren kontzeptuak ez bezala, kontzeptu horrek funtzioen batura adierazten du, eta ez haien elkargunea. Beraz, azpiegitura grisak ez bezala, zeinak helburu bakar baterako balio baitu, biodibertsitatean aberatsak diren berdeguneek oso funtzio baliagarriak bete ditzakete, askotan aldi berean eta oso kostu txikian, pertsonen, naturaren eta ekonomiaren alde.

Azpiegitura berdea, beraz, espazioen eta elementuen sare bat da:

  • Ekologiaren ikuspegitik koherentea, eta estrategikoki planifikatuta.
  • Eremu naturalek eta erdi-naturalek, elementu eta gune berdeek osatzen dute, bai landakoek, bai hirietakoek, baita zerbitzu ekosistemikoak ematen laguntzen duten elementu artifizialek ere, hala nola faunaren pasabideak.
  • Eskala anitzekoa da, hainbat plangintza eskala eskatzen dituena, Europa mailatik hasi eta udal mailaraino.
  • Klima aldaketaren gisako inpaktuen aurreko erresilientzia hobetzen eta biodibertsitatea kontserbatzen laguntzen du, eta gizakoi mesede egiten digu, ekosistemen zerbitzuek sortzen dituzten funtzioak mantenduz eta hobetuz, naturarekiko harremanak ematen dituen onura pertsonal eta sozialak barne.

Azpiegitura berdeko sareen garapena EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan aurreikusita dago. Gidalerro horiek EAErako oinarrizko sare bat definitzen dute, eta Lurralde Plan Partzialen eta udaleko hirigintza plangintzaren bidez eskualde eta toki sareak ezartzeko jarraibideak ezartzen dituzte.