Klima aldaketaren fundazioa

 

Gipuzkoako Klima Aldaketaren Aurkako Borroka Estrategia 2050, sailen arteko eta erakundeen arteko zeharkako klima politikak jasotzen dituen gobernantzarako tresna da. Honek jarduera-esparru koordinatua helarazten dio Gipuzkoari, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta horietara egokitzeko neurriak jasotzen dituena. Estrategiak Jasangarritasun departamentuari esleitzen dizkio estrategia garatzeko, jarduera nagusiak koordinatzeko eta antolatzeko funtzioak, prozesuari egonkortasuna emanez.

Estrategia onartu ondoren, 2018ko uztailaren 17an, Foru Gobernuaren Kontseiluak, Estrategiaren 9.2.2 ekintzan xedatutakoa betez, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioa (Naturklima) eratzea onartu zuen, Foru Aldundiari estrategia garatzen laguntzeko, bertan xedatutako klima-gobernantza ereduan ezarritako baldintzetan.

Fundazioaren jarduerak hiru ardatz nagusi ditu:

1) Klima Aldaketaren Gipuzkoako Behatokia. Behatokian, klima aldaketak mundu osoan eta bereziki gure lurraldean eragiten ari den ondorioen jarraipena egiten da. Datuak, azterlanak eta informazio zehatza behar dira klima aldaketa Gipuzkoako eremu jakin batzuetan -kostaldean eta itsasertzean, nekazaritzan, turismoan, garraioan- eragiten ari den ondorioei buruz. Oso ondo jakin behar dugu zein den gure kalteberatasun maila eta zer-nolako ondorioak ekar dakizkigukeen klima aldaketak, toki mailan hartu beharreko neurri zehatzak lehenbailehen hartzeko.

2) Aurkezten zaizkigun erronkei aurre egin ahal izateko eta, horrela, trantsizio ekologikoan aurrera egiteko, fundazioak Ekonomia Zirkularreko eta Trantsizio Energetikoko proiektu zehatzak sustatzen eta bizkortzen ditu. Proiektu horiek Gipuzkoako enpresei pizgarriak ematea proposatzen dute, ekonomia berde baterantz aurrera egiteko irizpideak onar ditzaten, eta, horrek, lurraldean enplegua sor dezan.

3) Klima Aldaketari buruzko Ikasgelari eta Dokumentazio Zentroari esker, interesa duen edonork eremu horretako azken berrikuntzak ezagutu, eta hezkuntza eta informazio programazioan parte hartzeko aukera izango du.

​​​​​​​