Ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta

Herri-administrazio batek abian jarritako edo onartutako plan eta programek, eta horien berrikuspenak eta aldaketak barne, legezko edo erregelamenduzko xedapen baten arabera edo Gobernuaren Kontseiluaren erabaki baten arabera nahitaezkoa denean horiek prestatzea eta onartzea, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharko dute  ingurumenaren gaineko ondorio adierazgarriak eragiten dutenean jarraian adierazitako baldintza edo irizpideren bat betetzeagatik (10/2021 Legearen II.A Eranskina eta 21/2013 Legearen 6.1 artk.): 

  1. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa (arrunta edo sinplifikatua) egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badu, honako arloetan: nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, akuikultura, arrantza, energia, meatzaritza, industria, garraioa, hondakinen kudeaketa, ur-baliabideen kudeaketa, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazioa, itsas ingurunearen erabilera, telekomunikazioak, turismoa, hiri- eta landa-lurraldearen edo lurzoruaren erabileraren antolamendua.
  2. Baldin eta, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan.

Horrela, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta berariaz egin behar dute honako plan eta programek eta horien aldaketek (10/2021 Legearen II.A Eranskina):

  • Lurralde-antolamenduaren gidalerroak.
  • Lurralde-plan partzialak.
  • Lurralde-plan sektorialak.
  • Hiri-antolamenduko plan orokorrak.
  • Sektorekatze planak.
  • Lehendik dauden planen aldaketak, ingurumenaren gainean ondorio adierazgarriak dituztenean goian aipatutako 1 edo 2 puntuetan irizpide edo baldintzak betetzeagatik.

Halaber, plan eta programa eta aldaketa hauek ere ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dute (10/2021 Legearen II.A Eranskina eta 21/2013 Legearen 6.1 artk.):

  • Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura bete ondoren, ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoan erabakitzen badu.
  • Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura bete behar dutenean, eta organo sustatzaileak eskatzen badu.

 

PLANEN INGURUMEN-EBALUAZIO ESTRATEGIKO ARRUNTAREN ESKEMA:

Deskargatu dokumentua (pdf)

Dagokion organo substantiboaren aldetik Gipuzkoako Foru Aldundian behin betiko onarpena jasoko duten planek edo programek, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa jarraian adierazitako tramiteek osatuko dute:

1. Ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta hasteko eskaera

Planaren edo programaren organo sustatzaileak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta hasteko eskaera egingo dio Jasangarritasun Departamentuari. Eskaerarekin batera aurkeztu behar ditu plan edo programa horren zirriborroa edo aurrerapena eta hasierako agiri estrategikoa (HAE).

Hasierako agiri estrategiko horretan bildu behar da 21/2013 Legeak, ingurumen-ebaluaziori buruzkoak, 18.1 artikuluan eta 211/2012 Dekretuak, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duenak, 8.1 artikuluan ezarritako informazioa. Eduki horiek sistematizatze aldera, honako eskema honi jarraituz osatu eta antolatu ahal izango dira.

2. Kontsulta eta ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko agiria prestatzea

Jasangarritasun Departamentuak, plan edo programa horren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko (edo erreferentziako) agiria prestatuko du, aurretik planaren zirriboroa eta HAEa erasandako herri-administrazioekin eta publiko interesdunarekin kontsulta eginda eta publiko orokorrari eskura jarrita hilabetez. Dokumentu hori organo sustatzaileari bidaliko dio, eta publiko orokorraren eskura ere jarriko du beraren webgunean.

Jasangarritasun Departamentuak gehienez ere 3 hilabeteko epea izango du irismeneko agiria prestatzeko, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa hasteko eskaera jaso duen egunetik zenbatzen hasita. Epe hori eten liteke, Jasangarritasun Departamentuak uste badu aurkeztutako dokumentazioa ez dela nahikoa plan edo programa horren ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiten hasteko. Hala balitz, organo sustatzaileari eskatuko dio dokumentazio hori osa dezala, horretarako, hamabost eguneko epea emanda.

3. Ingurumen-azterketa estrategikoa prestatzea.

Planaren edo programaren organo sustatzaileak ingurumen-azterketa estrategikoa osatuko du, irismeneko agiria aintzat hartuta. Azterketa horretan 21/2013 Legearen IV. eranskinean eta 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean aipatutako informazioa bildu behar da, eta era honetan antola eta ordena daiteke.

4. Jendaurreko informazioaren eta erasandako herri-administrazioei eta publiko interesdunari kontsulta egitearen aldibereko tramitea

Planaren edo programaren organo sustatzaileak, edo organo substantiboa, hala badagokio, planaren hasierako bertsioarekin, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, honako izapide hauek egingo ditu

  • Jendaurreko informazioaren tramitea, 45 lanegunetik beherakoa izan ezin duen epe batez, eta aldez aurretik Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta, hala balegokio, webgunean iragarrita.
  • Erasandako herri-administrazioei eta publiko interesdunari kontsulta egiteko tramitea, 45 lanegunetik beherakoa izan ezin duen epe batez. Kontsulta egingo die erasandako administrazioei eta publiko interesdunari, bai aurretik ere, ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena dela-eta, kontsultatuak izan direnei, bai halakotzat hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen dutenei.

5. Planaren edo programaren proposamena eta ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaera

Planaren edo programaren organo sustatzaileak planaren edo programaren proposamena prestatuko du, jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramiteetan egindako alegazioak aintzat hartuta, eta beharrezkoa izanez gero, ingurumen-azterketa estrategikoa edo/eta plana aldatu egingo du.

Organo sustatzaileak Jasangarritasun Departamentura bidaliko du planaren edo programaren proposamena, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, eta jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitzarekin eta laburpen dokumentuarekin batera, non deskribatu den adierazitako ingurumen alderdiak (Ingurumen Agirikoak, Ingurumen Azterketa Estrategikokoak eta egindako kontsultakoak) plan edo programan nola integratu diren.

6. Espedientearen analisi teknikoa eta ingurumen-adierazpen estrategikoa

Jasangarritasun Departamentuak 3 hilabeteko epea izango du espedienteen analisi teknikoa egiteko eta ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko. Epe hori eten liteke Jasangarritasun Departamentuak uste badu bidali dioten dokumentazioa ez dela nahikoa. Hala balitz, planaren edo programaren organo sustatzaileari eskatuko dio osa dezala, horretarako, hamar eguneko epea emanda.

Espedientearen analisi teknikoa burututakoan, Jasangarritasun Departamentuak ingurumen-adierazpen estrategikoa egingo du, zeina nahitaezko eta lotesle txostena baita, eta planaren edo programaren organo sustatzaileari jakinaraziko dio. Horrez gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du, eta honako webgunean argitaratuko du. Horrekin, prozedurari amaiera emango zaio.

7. Planaren onarpena eta publizitatea

Organo sustatzaileak ingurumen-adierazpen estrategikoaren edukia planean edo programan gaineratuko du, eta ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiako organo substantiboak erabaki beharko du plana edo programa abian jartzea edo onartzea, eta hori argitaratuko du. Gero, organo sustatzaileak bide elektronikoaren bitartez jakinarazi eta argitaratuko du onartutako planaren eskuratzea, eta ingurumen alderdiak, planak jarraitzeko neurriak eta horien laburpen bat jasoko dituen adierazpen bat.

 

Ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozeduran, planaren edo programaren organo sustatzaileak honako dokumentazioa aurkeztu behar du. Horretan egilea edo egileak identifikatu behar dira, haien titulazioa, eta, hala badagokio, lanbide arautua adierazita. Horrez gainera, amaiera-data eta egilearen sinadura ere jaso behar dira:

Hasierako agiri estrategikoa (HAE)

Bertan bilduko dira 21/2013 Legearen 18.1 artikuluan eta 211/2012 Dekretuko 8.1 eta 8.2 artikuluetan zehaztutako edukiak. Eduki horiek sistematizatze aldera, honako eskema honi jarraituz osatu eta antolatu ahal izango dira atalak.

Ingurumen-azterketa estrategikoa (IAE)

211/2012 Dekretuaren II. eranskinean eta 21/2013 Legearen IV. eranskinean zehaztutako edukiekin landuko da. Eduki horiek sistematizatze aldera, eskema honi jarraituz osatu eta antolatu ahal izango dira ingurumen-azterketa estrategikoaren atalak.