Tokiko jasangarritasun politiken egoera Gipuzkoan

TOKIKO AGENDA 21EN ETA JASANGARRITASUNERAKO PLANGINTZAREN EGOERA

Gipuzkoan, tokiko jasangarritasunaren plangintza, batez ere, Tokiko Agenda 21eko prozesuen bidez garatu da. Prozesu horiek duela ia hogei urte hasi ziren Gipuzkoan, eta garapen nabarmena izan dute lurraldean. Horrenbestez, Gipuzkoako ia udalerri guztiek izan dute uneren batean indarrean TA21eko prozesuren bat.

Tokiko jasangarritasun politiken 2018ko diagnostikoak erakusten du udalerri gehienetan, oraindik ere, TA21ak eta jasangarritasuneko tokiko ekintza planak direla jasangarritasun politikak planifikatzeko, kudeatzeko eta haien jarraipena egiteko tresna nagusia, batez ere biztanle gehien dituzten udalerrietan, beren TA21ak modu aktiboan kudeatzeko baliabide ekonomikoak eta teknikoak baitituzte, baina baita baliabide gutxiago dituzten udalerri txiki batzuetan ere.

Hala ere, ikusi da TA21eko tokiko ekintza planak berrikusteko eta eguneratzeko prozesu gutxiago daudela, eta, beraz, jasangarritasun planak pixkanaka deseguneratzen joan direla; beraz, ziur asko, tokiko ekintza plan askok indarra eta dinamismoa galduko dute datozen urteetan.

 

 

Aurrekoarekin lotuta, joera bat ikusi da: tokiko garapen jasangarriaren plangintza integralaren planteamenduak –garapen jasangarriaren alderdi sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak plan edo estrategia berean biltzen dituztenak– bertan behera uzteko joera, garapen jasangarriaren elementuei modu independente eta bereizian helduko dien ikuspegi sektorialago baten aldi. Hala ere, NBEren Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuak lortzera bideratutako tokiko politikak pixkanaka txertatzen ari direnez eta txertatze hori "hiri agenden" bidez egitea sustatzen ari denez, litekeena da jasangarritasun ikuspegia duten plan integralak biziberritzea lortzea.

Aldi berean, klima aldaketaren aurkako borroka protagonista nagusi bilakatzen ari da ingurumenaren eta jasangarritasunaren arloko tokiko politiketan, nahiz eta protagonismo hori oraindik ez den plangintzara hedatu; izan ere, oraingoz gutxi dira klima aldaketaren aurka borrokatzeko plan edo programa espezifikoak Gipuzkoako toki eta eskualde mailan. Edonola ere, udalerriek, hein handi batean, klima aldaketaren aurkako borrokaren premiazkotasuna onartu dute, eta berotegi efektuko gasen isuriak arintzeari lotutako ekintzak —batez ere energiaren eta mugikortasunaren esparruan— erabat nagusitu dira azken urteetan jasangarritasunaren arloko tokiko ekintzan.

 

GIPUZKOAKO UDALERRIEN KONPROMISOA GARAPEN JASANGARRIAREKIKO

Lurralde Historikoko udalerri askok garapen jasangarria lortzera bideratutako politikak aplikatzearen aldeko apustua ofizialdu dute, jasangarritasunaren aldeko hiri eta herrien europar eremuko konpromisoak sinatuz.

Gipuzkoako udalerrien % 88k sinatu zuten jasangarritasunaren aldeko europar hirien gutuna —Aalborgeko Gutuna—.

Gipuzkoako udalerrien % 71k Euskal Adierazpena izenekoa sinatu dute, 2016an Bilbon egindako Hiri eta Herri Jasangarrien Europako 8. Konferentzian onartu zena. Adierazpen horrek Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarriko Helburuak eta Parisko Klima Akordioa ezartzen laguntzeko konpromisoa dakar, bai eta eraldaketa ekintzak inplementatu eta monitorizatzeko konpromisoa ere.

 

Udal batzuk "Compact of Mayors" (udalerrien % 9) eta "Covenant of Mayors" (udalerrien % 3) programetan sartu dira —jasangarritasun energetikoaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren arloko konpromisoak hartzea dakar—, eta askok bat egin dute erosketa eta kontratazio publiko berdearen 2020rako programarekin (udalerrien % 40).