Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Laguntzak

Laguntzak

GazteNek

Gipuzkoako Lurralde Historikoko nekazaritza ustiategietan nekazari gazteak ezartzeko dirulaguntzak

Agian inoiz pentsatu duzu nekazaritzara salto egitea, ba jakin badirela horretarako laguntzak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaia eta Arabako aldundiekin batera, GAZTENEK izeneko programa bat du, nekazaritzarekin lotutako enpresa proiektuak bultzatzeko.  Gazte nekazari bilakatzeko 10.000 eta 70.000 euro arteko dirulaguntza jasotzeaz gain, zure proiektu horri forma eman eta garatzeko bost urteko aholkularitza jarraia ere jasoko zenuke.  

2005ean martxan jarri zenetik, Gipuzkoako kasuan, 296 gazte txertatu dira lehen sektorean GAZTENEK programa honen bitartez.

GazteNek laguntzak: GIPUZKOAN

Neurri honen helburua da erraztea modu egokian prestatutako gazteak nekazaritzaren sektorean sartzea, eta belaunaldi aldaketa sustatzea. Onuradun izan daitezke eskaera aurkeztean 18 eta 40 urte artean dituzten pertsona fisikoak (biak barne), Gipuzkoan kokatutako nekazaritza ustiategi baten titulartasuna lortu dutenak.

Onuradunak Gaztenek 2023-2027 prozeduran sartu beharko dira (prozedura horri jarraitzen zaio EAEn lehen aldiz instalatu nahi duen gazte bati lagun egiteko, tramitazioa egiteko, egiaztapenak egiteko eta, hala badagokio, instalazioari laguntza emateko), eta enpresa plan bat aurkeztu beharko dute.

Onuradunek 5 urteko epea izango dute instalatzeko, eta, aldi hori igaro denean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Ustiategiak gutxienez 13.300 euro/gazteko marjina izan beharko du, eta gutxienez nekazaritza laneko unitate bat izan beharko du gazteko.
  • Onuraduna Gizarte Segurantzaren araubide berezian afiliatuta egon beharko da, nekazaritza jardueraren arabera dagokionean, eta nagusiki nekazaria izan beharko da.

Laguntzaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da gutxienez, onuradunak hautatua izateko baldintzak betetzen baditu eta diruz lagundu daitekeena bada. Zenbateko horretatik abiatuta, laguntza handitu egin daiteke, tartez tarte, gehienez ere 70.000 euroko zenbatekora iritsi arte. Zenbatekoa ezartzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: enpresa planaren arabera egin beharreko inbertsio eta gastuak, eta erabiliko diren produkzio ereduak, merkaturatze ereduak, eta ustiategiko eredua.

Laguntza bi fasetan ordaintzen da, gehienez ere bost urteko aldian: lehen ordainketa laguntzaren zenbatekoaren bi hereni dagokio, eta eskaeraren aldeko ebazpena eman denean egiten da; beste herena instalazio prozesua amaitutakoan ordaintzen da, baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan.

Izen Emateak:

GazteNek Izen emateak GIPUZKOAN Eskualdeko Nekazaritza Bulegoen (ENB) bitartez burutzen da:

Foru Aldundi bakoitzak, Eskualdeko Nekazaritza Bulegoak ditu, eta hauen bitartez eman dezakezu izena GazteNek programan.

ENB bulegoetan gazte batek sektorean sartzeko orduan bete beharreko urratsen berri emango zaio. Beraz, administrazio nahiz prozedura arloetako informazioa (Egitasmoak dituen neurriak, instalazio progresibo eredua, proiektu bideragarritasun-trebakuntza premiak, eskuragarri dauden laguntzak, zein gunetara jo...) nahiz teknika eta sektoreen gaineko informazioa eskainiko zaio gazteari, interesatua ondo koka dadin aurrera atera nahi duen proiektuan. Proiektua aurrera ateratzeko beharrezko ebaluazio eta monitorizazioa eskainiko da.
Jar zaitez harremanetan gertuen duzun bulegoarekin eta beraiek gidatuko zaituzte programan zehar.

Gipuzkoako Eskualdeko Nekazaritza Bulegoak:

AZPEITIA

Julian Elorza 3, bajo. 20730, Azpeitia
943 415 015
Arreta orduak: astelehenetik ostiralera, 8:30etatik 14:00etara
oca_azpeitia@gipuzkoa.eus

BERGARA

Urteaga 21, bajo. 20570, Bergara
943 415 068
Arreta orduak: astelehenetik ostiralera, 8:30etatik 14:00etara
oca_bergara@gipuzkoa.eus

ELGOIBAR

Kalebarren 1-2. 20870, Elgoibar
943 415 079
Arreta orduak: astelehenetik ostiralera, 8:30etatik 14:00etara
oca_elgoibar@gipuzkoa.eus

HERNANI

Ibaiondo poligonoa 27, 2. pisua. 20120 Hernani
943 415 086
Arreta orduak: astelehenetik ostiralera, 8:30etatik 14:00etara
oca_hernani@gipuzkoa.eus

ORDIZIA

Santa María 4, bajo. 20240, Ordizia
943 415 100
Arreta orduak: astelehenetik ostiralera, 8:30etatik 14:00etara
oca_ordizia@gipuzkoa.eus

TOLOSA

Avenida de Navarra 6-2º. 20400, Tolosa
943 415 127
Arreta orduak: astelehenetik ostiralera, 8:30etatik 14:00etara
oca_tolosa@gipuzkoa.eus

ZARAUTZ

Mitxelena kalea 87. 20800, Zarautz
943 415 147
Arreta orduak: astelehenetik ostiralera, 8:30etatik 14:00etara
oca_zarautz@gipuzkoa.eus

Laguntza eskaerara lotura: Gipuzkoan

Gipuzkoako Lurralde Historikoko nekazaritza ustiategietan nekazari gazteak ezartzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta 2023ko deialdia.

2025eko deialdia

2025eko deialdia IREKITA

 

Nekazaritza ustiategietako inbertsioak

Inbertsioen xedea izan behar da nekazaritza ustiategiaren emaitza ekonomikoak hobetzea, haren modernizazioari laguntzea, haren tamainaren edo ekoizpen orientazioa berregituratzeko aukera ematea edo ingurumenarekin, klima aldaketarekin eta animalien ongizatearekin lotutako erronkei aurre egitea. Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak:

  • Nekazaritzako eta abeltzaintzako eraikinak eta instalazioak eraikitzea, eskuratzea edo hobetzea.
  • Lehen eskuko nekazaritzako makineria erostea.
  • Baratzezaintza eta lorezaintzarako instalazio berriak.
  • Fruta arbolak landatzea, orokorrean, sagardotarako sagarrondoa barne.
  • Arkitektoen, ingeniarien, topografoen, segurtasun koordinatzaileen ordainsariak, baita bideragarritasun ikerketak ere.
  • Ustiategiaren lursailetan egindako hobekuntza iraunkorrak.

Onuradunak: nekazaritza ustiategien titularrak diren pertsona fisikoak edo juridikoak, 18 eta 65 urte artekoak, nagusiki nekazariak direnak eta nekazaritza jardueraren arabera dagokien Gizarte Segurantzaren araubidean afiliatuta daudenak.

Inbertsioak ezin dira hasi laguntza eskatu aurretik.

Oinarrizko diru laguntza % 40koa izango da nekazari gazteentzat, eta % 30koa gainerako onuradunentzat. Diru laguntzak gora egiten du balioespen irizpide batzuetan oinarrituta: estrategikotzat jotzen diren sektoreetan egindako inbertsioak (+%5),ekoizpen ekologiko ziurtatua, ekoizpen integratua edo kalitate ziurtatuko programetako ekoizpenetara bideratutako inbertsioak (+%5), onuradunak formazioa ikastaroetara joan izana (+%2)

Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta 2025eko deialdia

2025eko deialdia IREKITA

 

 

Gipuzkoako Lurralde Historikoko mendi guneetarako eta beste muga natural nabarmenak dituzten guneetarako laguntzak

Neurri honen helburua da nekazariak eta abeltzainak konpentsatzea nekazaritzako ekoizpenak mendi guneetan edo beste muga natural nabarmen batzuk dituzten guneetan edukitzeak dakartzan gastu gehigarriengatik eta diru sarreren galerengatik.

Hala, laguntzaren helburua da nekazaritza-errenta bideragarria eta lurraldeko nekazaritza-sektorearen erresilientzia babestea, epe luzera elikagaien segurtasuna eta nekazaritza-aniztasuna hobetzeko, bai eta nekazaritza-ekoizpenaren jasangarritasun ekonomikoa bermatzeko ere.

Onuradunak: nekazaritza ustiategien titularrak diren pertsona fisikoak edo juridikoak, nekazari aktibo eta ez pluriaktiboak direnak, eta nekazaritza jardueraren arabera dagokien Gizarte Segurantzaren araubidean afiliatuta daudenak Eskaera Bakarra aldatzeko epea amaitzen den egunean.

Mendi-eremuetan kokatutako diruz lagundu daitekeen nekazaritza-azaleraren hektarea bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa 297 €/ha izango da, eta 214 €/ha beste muga natural esanguratsu batzuk dituzten eremuetan. Ustiategi bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko nekazaritza-azalera 30 hektarea da, nahiz eta beheranzkoa izango den zerrenda honen arabera:

  • Lehenengo 15 hektareetarako, laguntzaren % 100 ordainduko da.
  • Hurrengo 10 hektareetarako, laguntzaren % 60 ordainduko da.
  • Hurrengo 5 hektareetarako, laguntzaren % 20 ordainduko da.
  • 30 ha-tik gorako azalerak ez du laguntza-eskubiderik sortuko.

Elkarte-ustiategietan, handitu egiten dira nekazari ez pluriaktibotzat hartzen diren bazkideen kopuruaren araberako ordainketak, gehienez ere bi izan arte elkarte-ustiategi bakoitzeko (gehienez 60 ha ustiategi bakoitzeko).

Gipuzkoako Lurralde Historikoan muga naturalak edo bestelako muga espezifikoak dituzten eremuei laguntzak emateko oinarri arautzaileak

2024ko deialdia ITXITA

Aurtengo urteari dagozkion laguntza-eskabideak nekazaritza-ustiategiaren kokapenari dagozkion eskualdeko nekazaritza-bulegoetan egin ahal izango dira.

Gipuzkoako Lurralde Historikoan ingurumen eta klima arloko konpromisoetarako eta beste kudeaketa konpromiso batzuetarako laguntzak

Neurri honen helburua da nekazaritza ustiategietan ingurumen eta klima konpromisoak eta kudeaketarekin lotutako beste konpromiso batzuk borondatez hartzen dituzten nekazariei konpentsatzea, haien helburuak, besteak beste, honako hauek direnean:

  • Klima aldaketara egokitzen eta haren ondorioak arintzen laguntzea, eta, horretarako, berotegi efektuko gasen emisioak murriztea, karbono atzipena hobetzea eta energia jasangarria sustatzea.
  • Uraren, lurzoruaren, airearen eta, oro har, baliabide naturalen garapen jasangarria eta kudeaketa efizientea sustatzea, baita mendekotasun kimikoa murriztea ere.
  • Biodibertsitate galera geldiarazten eta lehengoratzen laguntzea, ekosistemekin lotutako zerbitzuak indartzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea.
  • Europar Batasuneko nekazaritzak elikaduraren eta osasunaren arloko gizarte eskakizunei ematen dien erantzuna hobetzea, modu jasangarrian ekoitzitako kalitate oneko elikagai seguru eta nutritiboen eskaria barne, eta, horretaz gainera, elikagai gutxiago alferrik galtzea, animalien ongizatea hobetzea eta mikrobioen aurkako gaiekiko erresistentziari aurre egitea.

Honako interbentzio hauek lagundu daitezke diruz:

  • 6501.1: Ekoizpen integratua.
  • 6501.3: Larren sustapen eta kudeaketa jasangarria.
  • 6501.4: Biodibertsitaterako erlezaintza.
  • 6503: Nekazaritza ekologikoa
  • 6505.1: Baliabide genetikoen kontserbazioa:

Onuradunak: pertsona fisikoak edo juridikoak, nekazaritza ustiategien titularrak direnak, 18 urte baino gehiago eta 65 baino gutxiago dituztenak eskaeraren lehen urtean. Nekazaria pertsona juridikoa bada, kideen % 50ek, gutxienez, goian adierazitako baldintza bete beharko dute.

Konpromisoak: Onuradunek lehen urteko laguntza emateko deialditik aurrera gutxienez 5 urtez segidan laguntza ildo bakoitzaren mendeko onartzeko baldintzak, oinarrizko araudia eta konpromiso espezifikoak bete behar dituzte.

Oinarri arautzaileak, Gipuzkoako Lurralde Historikoan ingurumen eta klima arloko konpromisoetarako eta beste kudeaketa konpromiso batzuetarako laguntzak emateko.

2024ko deialdia ITXITA

Aurtengo urteari dagozkion laguntza-eskabideak nekazaritza-ustiategiaren kokapenari dagozkion eskualdeko nekazaritza-bulegoetan egin ahal izango dira.