Produktu fitosanitarioen aplikatzaile eta manipulatzaile karneta

Karnet honek erabilera profesionaleko produktu fitosanitarioak erabiltzeko baimena ematen du; karneta duenak halako produktu bereziak emateko eta erabiltzeko behar diren ezagutza, trebetasuna eta gaitasuna dituela egiaztatzen du, hain zuzen. Erabilera profesionaleko produktu fitosanitarioak erosteko ere nahitaezko baldintza da karneta edukitzea.

Lau karnet mota daude, bakoitza eskuratzeko formakuntza maila zehatz batekin. Hauek dira mailak: oinarrizkoa, gaitua, fumigatzailea eta pilotu aplikatzailea.

Karneta eskuratzeko, produktu fitosanitarioak aplikatzeko eta erabiltzeko formazioa egiaztatu behar du eskatzaileak.

Nori zuzendua:

Erabilera profesionaleko edozein produktu sanitario aplikatu edo erabili behar duen eta legezko helbidea Euskadin duen pertsona orori.

Erakunde arduraduna:

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila - Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza.

Prestakuntza:

Gaur egun formazio arloko hainbat erakunde daude baimenduta Euskadin, produktu fitosanitarioen aplikatzaile eta manipulatzaile karneterako prestakuntza emateko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikia dagoen Fraisoro nekazaritza eskola da Gipuzkoako lurralde historikoan kokatua dagoen erakunde baimendua behar den formazioa emateko.

Formazioari dagokionez, karnet maila bakoitzak egiaztatzen duen gaitasuna hau da:

  1. Oinarrizkoa: lurrean edo airez egiten diren tratamenduak -nekazaritzaz kanpokoak barne- egiten dituzten laguntzaileentzat eta, halaber, nekazarientzat beraientzat, baldin eta tratamenduok laguntzailerik gabe eta norberaren ustiategian egiten badituzte, toxikoak, oso toxikoak edo hilgarriak ez diren edota izaera horretako gasak sortzen ez dituzten produktu fitosanitarioak badira. Produktu fitosanitarioak manipulatzen dituzten banaketaren arloko laguntzaileentzat ere balio du.
  2. Gaitua: lurreko tratamenduen -nekazaritzaz kanpokoak barne- arduradun diren erabiltzaile profesionalentzat eta, halaber, tratamenduak egiteko laguntzaileak hartzen dituzten nekazarientzat. Erabilera profesionaleko produktu fitosanitarioen salmentan zuzenean parte hartzen dutenentzat ere balio du, produktuak erabiltzeko, osasunerako eta ingurumenerako dituzten arriskuak jakiteko eta arriskuok leuntzeko informazio egokia emateko prestatzen baitu. Maila gaituak ez du ahalbidetzen fumigatzaile edo pilotu aplikatzaile mailak behar diren tratamentuak egiteko, c) eta d) ataletan daudenetarako, alegia.
  3. Fumigatzailea: gas toxiko, oso toxiko edo hilgarri gisa sailkatuta dauden produktu fitosanitarioekin edo izaera horretako gasak sortzen dituztenekin tratamenduak egin dituzten aplikatzaileentzat. Fumigatzaile karneta eskuratzeko nahitezko baldintza da aurretik oinarrizko maila edo maila gaitua eskuratua izatea, a) eta b) atalekoa, alegia.
  4. Pilotu aplikatzailea: tratamentu fitosanitarioak aireontzien bitartez egiten dituztenentzat (ez du saihesten aire nabigazioaren esparruan lizentziak eskuratzeko behar den araudi berezia bete beharra).