Getariako Txakolina J.D.

Getariako txakolinak ibilbide luzea egin du kalitateko ardo gisa ezagutua izan arte, bere tipikotasun eta ezaugarri bereziak dituena. 80ko urteen hasieran, hala mahastian nola upeltegietan, abiarazitako hobekuntza prozesu baten ondoren, 1989 urtean Getariako txakolina Jatorri Deitura gisa aitortu zuten Getariako Txakolina izenez, Getaria, Aia eta Zarautz udalerriak barne hartzen zituela. Eta 2007an Getariako Txakolina Deitura Gipuzkoako lurralde historiko osora hedatu zen.

Deituraren aitorpenak ardoen kalitate eta kontrol programaren ezarpena ekarri du; horrek ardoen kalitatea hobetzea eta eskariaren gehikuntza eragin du.

Deiturak babesturiko ardoek kalifikazio prozesu zorrotza gainditu behar dute, hainbat kontrol barne: ekoizpen, upeltegi eta edukiera kontrolak eta azterketa analitikoa, baita geroago Dasta Batzordeak egin ohi duen zentzumenezko analisia ere.

Kontsumitzaileei txakolinaren kalitatea eta jatorria bermatzearren, botilek Kontseilu Arautzailearen zigiluaz etiketaturik egon behar dute, baita Kontseiluak kontrolaturiko kontraetiketak edo zigilu zenbakidunak eraman ere, horietan uzta bakoitzari dagokion urtabea azaltzen delarik.