Historia apur bat

Gipuzkoako kostaldea mahasti bikaina izan zen mendeetan zehar. Horren jatorria ez dago garbi, nahiz XI.-XII. mendeetan ardogintza areagotu zen Kantauri itsasoko ertzean, era nabarmenean. Garai horretan gaskoiak iritsi ziren eta ardogintzari buruzko ezaguera garatu zuten, Akitaniatik mahatsondoak ekarri zituztela.

 

Mahastizaintzaren goraldiak XVIII. mendearen erdialdera arte jarraitu zuen, orduan laboreak ordezten hasi baitziren, eta txakolinaren ekoizpena jaitsi zen. Oidio gaitzak lehenbizi, eta filoxeraren sarrerak gero (Kantabriatik etorria XIX. mendearen hasieran) ia guztiz desagerrarazi zuten mahatsondoa. 1920an Gipuzkoan 0,8545 ha erroldatu ziren; 1970ean, ordea, 21,52 ha (3 ha Zarautzen eta gainerakoa Getarian). Garai horretan, ardogintza baratzezaintzaren eta abeltzaintzaren osagarria zen, eta mahatsondoa lur sailetako ezponda eta hegietan hazten zen. Hortaz, mahastizaintza hondar laborantza zen, zainketa fitosanitariorik izaten ez zuena, halako eran non horren ekoizpena urteko meteorologiaren baitan zegoen neurri handi batean. Hala, mahatsa goiz bildu ohi zen botritisa ekiditeko, eta mahats harekin eta bakunak ziren instalazioen bidez ardo garratza, arina, uherra… egiten zen.

Azken hiru hamarkadotan, mahasti jabeek eta euskal administrazioak mahastia berreskuratzeko elkarrekin egindako ahaleginen ondorioz, elkarte gastronomikoekin batera, txakolinaren ospea berreskuratzen hasi da.

Tradizio, hobekuntza eta modernizazio horien ondorioz, 1989an Getarian eta inguruan egiten zen txakolina Getariako Txakolina Jatorri Deitura gisa aitortu zuten, Getaria, Aia eta Zarauzko udalerriak hartzen zituena. Eta 2007an Getariako Txakolina Jatorri Deitura Gipuzkoako lurralde historiko guztira zabaldu zen. Haren Kontseilu Arautzaileak ardoen kalitatea kontrolatu, babestu eta lagundu egiten du eta sektoreak etorkizun oparoa izan dezan ahalegintzen da.

Gaurko egunean, gainera, beste bi Jatorri Deitura ditu txakolinak:

  • Arabako Txakolina: Arabari dagokion jatorri deitura, zehazki Aiarako ibarrari.
  • Bizkaiko Txakolina: Bizkaiari dagokion jatorri deitura, batez ere Bakio eta Balmaseda udalerrietan.