Atzealdea Lidergoaren kudeaketa enpresen erronka nagusia

Lidergoaren kudeaketa enpresen erronka nagusia

Erresuma Batuko Deloitte aholkularitza enpresak munduko sektore anitzeko enpresetako pertsonen kudeaketa politikei buruzko azterlan bat egin du orain dela gutxi. Horren arabera, pertsonen kudeaketako talde arduradunek enpresen lehiakortasuna eta hazkunde ekonomikoa hobetzeko lidergoa hobeto kudeatu behar dela uste dute.

-ren irudia

Ildo horretatik, enpresetako langileen lidergo gaitasunak garatzeko eta sendotzeko premia handia eta prestakuntza gutxi dagoela ikusi da. Beraz, lidergo eredu berriak kudeatzea eta garatzea da erakundeek datozen urteetan dituzten erronka nagusienetako bat.

Elementu horri enpresak bereziki kezkatzen dituzten beste zenbait alderdi gehitu behar zaizkio, esaterako: pertsonen konpromisoa, eta talentua kudeatzeko eta horri eusteko ahalmena. Ildo horretatik, enpresek gai horiek lantzeko gaitasun gutxi dutela adierazi dute; alabaina, kasu gehienetan, ez da alderdi horiek hobetzeko inbertsioak areagotzeko asmorik ikusi 2014an.

Oro har, honako informazioa nabarmendu behar da egindako azterlanaren emaitzetatik:

  • Zuzendaritza taldeen eta pertsonen kudeaketako talde arduradunen % 86k lidergoa ez dela ondo kudeatzen uste dute (% 38k arazoa oso larritzat jotzen dute)
  • Inkestan parte hartu dutenen % 79k konpromisoarekin eta enpresaren parte izatearekin lotutako arazo bat dutela uste dute (% 26k arazoa oso larritzat jotzen dute)
  • Parte-hartzaileen % 77k gai hau lantzeko behar adinako trebetasunik eta baliabiderik ez dutela uste dute (% 25ek arazoa oso larritzat jotzen dute)
  • % 75ek ahalegin handia egin behar dute gehien interesatzen zaizkien pertsonak erakartzeko eta horiei bertan eusteko (% 24k oso larria dela uste dute)
  • Parte hartu duten enpresen % 17k bakarrik uste dute enplegu erakargarria eta pertsonen konpromisoaren alde egiten duena eskaintzen dutela.

Deloitte nazioarteko aholkularitza enpresak egindako azterlan orokorra, "Global Human Capital Trends 2014" izenekoa, 2013ko azken hiruhilekoan 94 herrialde desberdinetako sektore anitzeko 2.532 enpresari eta horietako pertsonen kudeaketako arduradunei egindako inkesten ondorioz sortu da, enpresek pertsonen kudeaketarako duten lehenespena eta gaitasuna ezagutzeko eta pertsonen kudeaketari buruzko etorkizuneko ikuspegi bat zehazteko helburuarekin.

Iturria: deloitte.com eta forbes.com