Aisialekuak

Gipuzkoako Foru Aldundiak 11 atsedenleku mantentzen ditu lurraldean
 
 

60ko hamarkadatik aurrera Gipuzkoak ikusi zituen industrializazio gero eta biziagoak eta biztanleriaren gorakadak atseden eta aisiarako egokitutako espazio naturalen eskaera ekarri zuten berekin. Naturari lotutako aisiarako alegia, helburu nagusiak baitziren eguneroko jarduera zaratatsuetatik ihes egitea, esfortzu fisiko txikiak egin behar izatea, eta senide eta lagunekin mendi edo landa egun atsegina igarotzea.

70eko hamarkadatik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendi Zuzendaritza hainbat zona egokitzen hasi zen Herri Onurako Mendietan, aisia-leku bihurtuz eta,  horiek, aterpetxez, mahaiz, iturriz eta erretokiz hornituz. Zenbait udalek ere gaiari ekin zioten, eta beren jabetzako sailak egokitzen hasi ziren, ermita inguruetan batez ere, oso gustuko zonak zirelako erabiltzaileentzat, naturarekiko kontaktuan egun lasaia igarotzeko.

90eko hamarkadatik aurrera, GFAko Mendi Zuzendaritzak bere jabetzako partzela batzuk egokitu zituen (hamaika), udalen jabetzako beste batzuekin batera, baina jauzi kualitatibo garrantzitsua eman zuen azpiegituretan. Aparkalekuak, hesiak, mahaien diseinua, ur kloratuak... dena eskas geratzen zen aisia eremu horiek erakartzen zuten jende pila itzelarentzat.

Aisia eremu kontzeptuaren bilakaera mamizko aldaketak ari da eragiten. XXI. mendean jada ez da inoren buruan sartzen komunik gabeko aisia eremurik. Ezta pertsona desgaituentzat prestatzeke dagoenik ere. Edo segurtasun eta kalitate baldintzak betetzen ez dituenik. Inguruko naturaren alderdi historiko eta kulturalak baztertzen dituenik. Edota mantentze lanik egiten ez zaionik.

Alderdi horiek guztiak direla eta, gaur egun eztabaida batean gaude murgilduta, ditugun baliabideak optimizatu eta egungo egoerara moldatu nahi baititugu, hain zuzen atsedenlekuek jarrai dezaten naturari lotutako aisian erreferentzia izaten. Gipuzkoan hainbat aisia eremu dauzkagu Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo udalen ardurapekoak direnak. Horietako batzuk Herri Onurako Mendietan kokatuak daude.