Aizkorri Aratz Natura Parkea

Aizkorri-Aratz Euskal Autonomia Erkidegoko mendilerro garrantzitsu batean dagoen natura parke bat da. Guztira 15.919 hektareako lurraldea hartzen du, eta hainbat mendi inguru ukitzen: Altzania, Aratz, Aizkorri, Urkilla, Elgea eta Zaraia. Mendilerroko eta, aldi berean, EAEko punturik garaiena Aitxuri da, 1.551 m-ko altueraz.

Imagen del balcón de San Adrian

 

Mendilerroa Bizkaiko Golkoaren eta Mediterraneoaren arteko uren banalerroa da, eta Gipuzkoako ibai garrantzitsuenetako hiru sortzen dira bertan: Deba, Urola eta Oria. Mendi ingurua da, eta neguak hotzak eta udak epelak izaten dira bertan. Prezipitazioei dagokienez, haranetan 1.100 mm jaso daitezke, eta 2.000 mm inguru zona garaietan.

Aizkorri-Aratz inguruan erliebe malkartsua aurkituko dugu, kareharriz osatua nagusiki. Fenomeno karstikoak paisaiako ezaugarri garrantzitsuenetako bat dira, eta lurpeko ur-jariatze sare zabala ere badu; honek lurpeko barrunbe ugari sortu ditu.

Aizkorri-Aratz Natura Parkearen eremuaren % 60 inguru Herri Onurako Mendiak dira. Lurraldearen zati bat parke barruan duten udalerriak honakoak dira: Gipuzkoako Aretxabaleta, Eskoriatza Legazpi, Leintz-Gatzaga, Oñati, Zegama, Zerain; Arabako Asparrena, Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondo; eta Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra eta Apota-Ubarrundiako Partzuergoa.

Inguru honetan, jatorrizko basoek eremu handiak hartzen dituzte. Pagadi kaltzikola eta azidofiloak batez ere gipuzkoar isurialdean aurkitzen ditugu; horietan ageri-agerikoa da joandako garaietan zertutako ikazkintza jarduera.

Elgea-Urkilla mendilerroaren Araba aldeko partean ameztia (Quercus pyrenaica) dugu, eta goiko kotetan dagoen haritz kandugabea (Quercus petraea) ere aipatu behar da.

Imagen del parque natural de Aizkorri

Aloña-Aizkorri eta Zaraiako kareharrizko harkaiztegi eta gailur-lerroetan mendiko flora zeharo askotarikoa dago, interes korologiko handikoa halaber. Urkulu-Araotz-Arantzazu inguruan ugari dira, era berean, baserriak, bere zelai eta sail landatuekin. Koniferoen baso-sailek (intsinis pinua, larizio pinua, pinu zuria eta pinu gorria) batez ere Elgea-Urkillako bi isurialdeak hartzen dituzte.

Anfibioen artean, gailurretako uhandrearen presentzia nabarmentzen da, eta baliteke iberiar baso-igela ere izatea. Hegazti errupikolen artean, belatz handia, sai arrea, sai zuria, belatxinga mokohoria eta belatxinga mokogorria aipa daitezke. Larre harritar eta alpetartuetako berezko espezieak ere ageri dira, hala nola mendi-tuntuna, mendi-txirta, harkaitz-zozo gorria eta elur-lursagua. Zona hau oso garrantzitsua da kiropteroentzat, bai baso naturalen hedaduragatik bai babesa ematen dieten haitzulo ugariengatik. Baso inguruetan ere badira, hots, besteak beste pagadi, harizti, amezti eta erkameztietan, oso urri ageri diren ugaztun batzuk, hala nola lepahoria, ipurtatsa eta basakatua.

Eremu antolatuan ustezko arkeologi gune ugari dago, eta zenbait monumentu megalitiko ere badira kalifikatu edo inbentariatu gisako deklarazioa jasotzeko.

Naturgune Babestu izaera 2006az geroztik du, hau da, natur parke izendatu zutenetik. Natura 2000 Sarearen parte ere bada parkea, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa.

Lurralde horretako lurzoruari ematen zaizkion erabilera nagusiak basozaintza eta abeltzaintza dira, mendizaletasunarekin eta laket erabilerarekin batera. Inguru hau latxa ardiaren artzaintzarako leku garrantzitsuenetako bat da, eta ardiekin batera azienda gorri eta zaldi-azienda ugari ikus daitezke, artzainen babesleku diren txabolekin batera. Arantzazuko santutegia lehen mailako zona da, turismoari dagokionez.

Hegazti migratzaileen pasagune garrantzitsuenetako bat da, eta ehiza-postu ugari dago, uso eta birigarrotarako batez ere.

Gaur egun hiru urtegi daude, eta natur baliabideen hainbat aprobetxamendu, iturri berriztagarrietatik abiaturik argindarra produzitzeko. Bi modalitate nagusi daude: minihidraulikoa eta eolikoa.

Hezkuntzari eta aisialdiari dagokienez, Oñatiko Natur Eskola eta Arrikrutzeko kobak aipatu behar dira. Osterantzean, informazio-gune garrantzitsuenak, Zerain, Zegama, Leintz-Gatzaga eta Legazpiko museoez gain, Arantzazu eta Araiako parketxeak dira, batik bat. Parkera iristeko beste puntu batzuk Urkulu, Otzaurte eta Zalduondo dira.

Natura Parkeko urteko memoriak

Lotura interesgarriak