Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Domínguez, eta Villabonako alkatea, Beatriz Unzue, bildu egin dira mugikortasuneko gaiak jorratzeko

Bilera hau diputatua Gipuzkoako udalerri guztietara egiten ari den bisiten barruan kokatzen da, mugikortasunaren arloan bizi duten egoera bertatik bertara ezagutzeko eta herritarrek gai honetan dituzten benetako arazoak konpontzeko.

#language('DGN-THE-viewImage') Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Domínguez, eta Villabonako alkatea, Beatriz Unzue, bildu egin dira mugikortasuneko gaiak jorratzeko

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Beatriz Unzue Villabonako alkateak eta Xabat Laborde alkateordeak bilera bat egin dute herriko mugikortasunari eta horrek dituen erronkei buruz hitz egiteko. Bilera hau diputatua Gipuzkoako udalerri guztietara egiten ari den bisiten barruan kokatzen da, mugikortasunaren arloan bizi duten egoera bertatik bertara ezagutzeko eta herritarrek gai honetan dituzten benetako arazoak konpontzeko.
Bilera emankorra izan da eta giro adeitsuan igaro da. Bi erakundeetako ordezkariek Lurraldebusek herriari eskaintzen dion zerbitzuaren egoerari buruz hitz egin dute. Ildo horretan, alkateak TO07 (Tolosa>Anoeta>Irura>Villabona>Zizurkil>Asteasu>Larraul), BU08 (Tolosa>Irura>Villabona>Donostia, unibertsitateen arabera) eta BU09 (Tolosa>Irura>Villabona>Donostiako Ospitalea) lineetan goizeko lehen orduko zerbitzuetan erabilera-datuak aztertu eta, beharrezkoa izanez gero, indartzeko, udalerri guztietan egiten den bezala. 
Bestalde, bileran planteatu da gaur egun Amasa auzoak ez duela garraio publikoko zerbitzurik. Alkateak azaldu duenez, Udalak inguru horretan hirigintza-garapena egitea aurreikusten du, eta horrek 80 etxebizitza berri eraikitzea ekarriko du. Ondorioz, inguru horretan bizi diren biztanle kopurua igo egingo da. Ildo horretan, diputatuak gogorarazi du hiri-mugikortasuna udalen eskumena dela, eta mugikortasun iraunkorreko beren planak garatzen hasi behar dutela. Hala ere, prozesu horretan Udalarekin elkarlanean aritzeko eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik etorkizunean Lurraldebuseko hiriarteko garraioarekin Udalak hartzen dituen neurriak nola osatu daitezkeen aztertzeko prest agertu da.
“Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan egunero lan egiten dugu garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko eta herritarren benetako behar aldakorretara egokitzeko;  modu honetan, gero eta gipuzkoar gutxiago egongo dira ibilgailu pribatuaren menpe beran joan-etorriak egiteko orduan eta halakorik ez duten pertsonek, mugikortasun eskubidea bermatuta dute. Mugikortasun jasangarria oinarrizko eskubidea da, eta, gainera, beste eskubide batzuen sarbidea ere bada, hala nola osasuna, hezkuntza, lana edo aisialdia; azken batean, funtsezko tresna da guztiok baliabide desberdinak baldintza berdinetan eskuratzeko aukera izango dugula bermatzeko. Horregatik, funtsezkoa da erakundeok indarrak batzea garraio publiko jasangarri, eroso, seguru, irisgarri eta lehiakor baten alde, herritar bakar bat ere bazterbidean gera ez dadin”, adierazi du Azahara Domínguez diputatuak. 
Bestalde, Beatriz Unzue Villabonako alkateak hau esan du: “Eskertzekoa da Azahara Dominguez diputatuak gure eskaeren aurrean erakutsi duen jarrera eraikitzailea. Guretzat ere erakundeen arteko harremana eta elkarlana garrantzitsuak dira, guztion artean herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko. Garraio publikoa benetan sustatu nahi badugu, ezinbestekoa da zerbitzuak fidagarriak izatea, batez ere gero eta jende gehiagok lanera joateko ere garraio publikoa erabiltzeko urratsa eman dezan”.


Mountainbikeko pistak
Bileran, diputatuak udalerria Tolosaldea Garatzen eskualde-agentziaren eskutik egiten ari den proiektua ezagutzeko aukera izan du. Proiektu hori Next funtsek finantzatzen dute eta mountainbike pisten batzuk txukuntzea du helburu. Proiektu horrekin kirolarekin eta naturarekin lotutako turismoa sustatu nahi da.