Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek erakundeen arteko lankidetzan aurrera jarraitzen du, eta Lurraldebusen zerbitzua doituko du Ataunen, herritarren beharretara egokitzeko

Datorren abenduaren 2tik aurrera, Lurraldebuseko GO04 lineak (Legorreta>Itsasondo>Ordizia>Beasain>Lazkao>Ataun) geltoki berri bat egingo du udalerrian, Elbarrena kaleko 70. zenbakian

#language('DGN-THE-viewImage') Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek erakundeen arteko lankidetzan aurrera jarraitzen du, eta Lurraldebusen zerbitzua doituko du Ataunen, herritarren beharretara egokitzeko

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzua hobetzen jarraitzen du Ataunen, geltoki berri batekin. Azahara Dominguez diputatuak jakinarazi duenez, datorren astelehenetik aurrera, abenduak 2, GO04 (Legorreta>Itsasondo>Ordizia>Beasain>Lazkao>Ataun) lineak geldialdi berri bat egingo du Elbarrena kaleko 70. zenbakian.
Foru Aldundiko arduradunak azaldu duenez, neurri hau ez da soilik erakundeen arteko lankidetzaren emaitza, baizik eta departamentua egiten ari den entzute aktiboaren ondorioa. Joan den maiatzean, Azahara Dominguez Martin Aramendi alkatearekin eta erabiltzaile talde batekin bildu zen Ataunen, eta eskaera batzuk helarazi zizkioten; besteak beste, autobus-geltoki berri hau gaitzea.
Bideragarritasun teknikoa aztertu ondoren, eta Udalak geltokia egokitzeko beharrezko lanak egin ondoren, astelehenean jarriko da martxan. 
"Garraio publikoa da lurraldea egituratzeko eta kohesionatzeko dugun tresna nagusia, are gehiago udalerri txikietan. Horregatik, garrantzitsua da inplikatutako gainerako erakundeekin lankidetzan aritzeaz gain, gure erabiltzaileekin entzute aktiboko ariketa bat egitea, eskaintzen dugun zerbitzua herritarren benetako beharretara egokitzeko", adierazi du Azahara Dominguez diputatuak. "Garraio publikoa oinarrizko eskubideak eskuratzeko atea da, hala nola hezkuntza, osasuna, lana edo aisialdia. Horregatik, garrantzitsua da asmo handikoak izatea eta zerbitzua etengabe hobetzen jarraitzea, gipuzkoar gero eta gutxiago egon daitezen ibilgailu pribatuaren mende joan-etorrietarako, eta, aldi berean, autorik ez dutenek mugikortasun jasangarrirako eskubidea bermatuta ikus dezaten", gaineratu du. "Beste erakundeekin batera lanean jarraituko dugu, herritarrek garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta gure erabiltzaileen benetako beharretara egokitzeko egindako erreklamazioei erantzunez", azpimarratu du.
Bestalde, Martin Aramendi, Ataungo alkateak, honako hau esan du: “Eskerrak eman nahi dizkiogu Mugikortasuneko Departamentuari eta foru diputatuari, gure kexa entzun eta erantzun egin baitigute. Uste eta nahi baino denbora gehiago behar izan dugu geltokia berriro martxan jarri ahal izateko, baina gustura gaude berriz habian izango delako. Geraleku garrantzitsua da guretzat, batez ere ikasle-jendeak eta adinekoek erabiltzen dutelako, ostalaritza-zerbitzua ere ematen da geltokiaren ondoan, eta espero dugu gero eta erabiltzaile gehiago izatea”.