NOR GARA

Lurraldean garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatzeko lan egiten dugu, pertsona guztientzako Gipuzkoa konektatu eta jasangarri bat sortzen laguntzeko helburuarekin.

Mugikortasun jasangarria gure jarduera osoaren ardatza da, eta politikak diseinatzean asmo handiak izateko aukera ematen diguten proiektu estrategikoen esparruan egiten dugu jarduera hori. Gure proiektu estrategikoak, halaber, gizarte-jasangarritasunari begira eraikitzera zuzenduta daude, eta, haien artean, lurraldeko intermodalitatea sustatzea (Gipuzkoako garraio-sistema guztietan konexio integrala eta eraginkorra lortzeko) eta bizikleta-bideak eta oinezkoentzako bideak bultzatzea aipa daitezke. Izan ere, mugikortasun-politiken bidez ere laguntzen dugu gizarte inklusibo eta kohesionatu bat eraikitzen.

Mugikortasun jasangarria

Lortu nahi dugun mugikortasuna jasangarritasuna sustatzeko ingurumen-arazoei aurre egiten diena da, baina desberdintasun sozialei aurre egiten diena, bizikletaz eta oinez mugitzeko aukera sustatzen duena eta ibilgailu pribatuen erabileran oinarritutako pertsonen eta salgaien desplazamendu-sistema baztertzen duena ere bai. Ohitura orokorra da, baina gutxi batzuen eskueran dago.

Mugikortasunari aplikatuta, “jasangarri” adjektiboak gogoeta eta ekintza esan nahi du, pertsonek egiten dituzten desplazamenduen eremu osoan, oinez eta bizikletaz egiten diren desplazamenduekin hasi eta salgaiak garraiatzeko edo garraio kolektiboan egiten direnekin amaitzeraino. Helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da ardatz horietako bakoitzean era koordinatuan jardutea.

Hori dela eta, departamentu honek mugikortasunaren arloan legegintzaldi honetarako dituen erronka nagusietako bat Gipuzkoarako Mugikortasun Jasangarriko Plan bat (Estatuan, Autonomia Erkidegoan eta Europan daudenen osagarria) lantzea da, hain zuzen ere. Plan hori kudeaketa-tresna izango da, eta klima-aldaketari aurre egiteko Kyoton hartutako konpromisoak betetzea ahalbidetuko digu, besteak beste. Planaren aurretik, gure lurraldeko mugikortasunaren diagnostikoa egin behar da, eta jardunbide egokien kode bat txertatuko da.

Ildo horretan, Zuzendaritza honek honako hauek bultzatzeko erantzukizuna ere hartu du bere gain:

  • Garraio publikoa handitzea, ingurumen-jasangarritasunean laguntzeko.
  • Ibilgailu pribatua asfaltotik aterako duen eta garraio publikoa erabiltzeko aukera unibertsala emango duen mugikortasuna.
  • Mugikortasun elektrikoa, gure autobus-flota pixkanaka autobus hibridoekin ordeztearen bidez.
  • Bizikleta eguneroko garraiobide gisa erabiltzeko aukera bultzatzea, bidegorrien foru-sarearen garapen jarraituan oinarrituta.
  • Trenbide-konexioak abian jartzea eta/edo hobetzea, eta Topoaren zerbitzuaren hobekuntza eta zabalkuntza bultzatzea, trena garraiobiderik eraginkorrena, efizienteena, ekologikoena eta sozialena delako.

Mugikortasun inklusiboa

Zuzendaritza honek berdintasunez eta modu inklusiboan jarduteko asmoa du, Gipuzkoako pertsona guztiak konektatzeko eta komunikatzeko eta gizarte-kohesioa sortzeko.

Horri lotuta, konpromisoa hartu dugu marjinazio soziala jasateko kalteberenak diren pertsonei edo eskualderik behartsuenei laguntzeko, mugikortasunaren diseinu inklusiboen bidez bizi-kalitatea hobetzen lagun baitezakegu.

Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunei ere adi gaude. Izan ere, gure ustez, mugikortasun-sistemek aldaketa positibo garrantzitsua eragin dezakete, diagnostikotik bertatik abiatuta eta gako bereziak kontuan hartuta planteatzen badira. Genero-ikuspegia geratzeko iritsi da Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentura, herritar guztien interesak kontuan hartuko dituen Gipuzkoa antolatu bat nahi dugulako. Herritar guztienak. Eta bereziki premiarik handiena duten herritarrenak.

Elkarreragingarritasuna (MUGI)

MUGI sistema 2013an jarri zen abian, eta Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren barruan lortutako erakunde arteko akordio politiko handi baten emaitza da. Sistema hori efizientzia- eta ekitate-irizpideei erantzuteko sortu zen.

Gaur egun, sistema etengabe garatu eta bultzatu ondoren, Gipuzkoa lurralderik aurreratuenetako bat eta erreferentzia eztabaidaezina da Estatuan, mugikortasun publiko integratu eta jasangarriari lotutako politikei dagokienez.

MUGI tarifa gero eta neurri handiagoan garatu da sistema abian jarri zenetik, eta tarifa hobariduna da. Tarifa horren hobari-politikak honako helburu hauekin ezarri da:

  • Garraio publikoaren erabilera sustatzea, eta gehien erabiltzen duten erabiltzaileak saritzea.
  • Zerbitzu publikoen babesa gehien behar duten kolektiboei arreta eskaintzea: desgaitasuna duten pertsonei, gazteei, adinekoei, langabezian dauden pertsonei, bitartekorik ez dutenei edo familia ugariei.
  • Funtsezko printzipioa betetzea: “erabiltzen duzunagatik baino ez duzu ordaintzen, eta, zenbat eta neurri handiagoan erabili, orduan eta gutxiago ordaindu behar duzu”.

 

2020ko uztailaz geroztik, erabilgarri dago LurTicket app-a: ticketing teknologia horren bidez, mugikorrarekin ordain daiteke, eskudirua erabili beharrik gabe, eta Lurraldebus osoan erabil daiteke.

  • Esteka honetan, Androiderako LurTicket app-a deskargatu dezakezu.
  • Eta hemen iOSerako LurTicket app-a deskargatu dezakezu.

Garapen teknologiko hori Euskadin txartel bakar integraturantz aurrera egitea eta garraio publikoko operadore guztietan mugikorretik ordaintzea ahalbidetuko duen plataforma estandarra da.

Gure konpromisoa, nolanahi ere, MUGI garatzen jarraitzea da, Gipuzkoan mugikortasun jasangarria, garraio publikoaren erabilera eta intermodalitatea sustatzeko.

Hurrengo urratsei esker, MUGI txartelaren eragiketa guztiak (txartelak erosi, kargatu eta abar) telefono mugikorraren bidez egin ahal izango dira, txartel fisikoak eskaintzen dituen deskontu-baldintza eta tarifa beretan. Jauzi kualitatibo bat izango da MUGI sistemaren eta txartelaren euskarriaren modernizazio teknologikoan, herritarrei online zerbitzu errazak eta arinak eskaini ahal izateko, eta, era horretan, aurrez aurreko arreta eta paperezko euskarria saihestu ahal izateko (nahiago dutenentzat).

Gure MUGI sistemari buruzko informazio guztia aurki dezakezu hemen.