1.500 animalia artatu ditu Basabizik, basa-fauna berreskuratzeko zentroak
Gipuzkoako Foru Aldundiak Basabizi Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko zentroaren ibilbideari buruzko balantzea egin du gaur goizean. Zentroak 2022an ekin zion jarduerari, ingurune naturalean bizirauteko ezinduta dauden animaliak bildu, zaindu, mantendu eta berreskuratzeko, ondoren ingurune naturalera itzultzeko. Bi urte eta erdi hauetan 1.500 animalia baino gehiago artatu dira. Lurralde Oreka Berdeko diputatuak agerraldia egin du gaur goizean komunikabideei Basabizira egindako bisita irekian. Xabier Arrutik azaldu duenez, urtero 600 animalia sartzen dira zentroan, eta kopuru hori handituz doa herritarren jardunari esker, “gure gizartea gero eta kontzientziatuago baitago gure ingurune naturala zaintzearen garrantziaz”.