1/2024 Foru Araua, maiatzaren 10ekoa, 2024rako zenbait zerga aldaketa onartzen dituena
Testu horretan hainbat aldaketa nabarmentzen dira Ondasun Higiezinen gaineko Zergari, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari, Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari eta toki-erakundeek izapidetzen dituzten epez kanpoko aitorpenengatiko errekarguei eragiten dietenak.
- 1643
Maiatzaren 17ko 95. GAOn, maiatzaren 10eko 1/2024 Foru Araua argitaratu da, 2024. urterako zenbait zerga-aldaketa onartzen dituena, horietako batzuk toki-zergen arloan eragina dutenak.
Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokionez, %50etik %99ra igoko da abenduaren 23ko 466/2013 Dekretuak araututako «Bizigune» Etxebizitza Hutsen Programaren esparruan Eusko Jaurlaritzaren programetan lagatzen diren ondasun higiezinei aplikatu beharreko zergaren hobaria. Gainera, hobari horretan sartzen dira Eusko Jaurlaritzaren "ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa) merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programari" lagatako higiezinak (9. artikulua). Neurri hori 2024ko urtarrilaren 1era aurreratzen bada ere, ondorio praktikoetarako, zergaren egitura kontuan hartuta, 2025eko urtarrilaren 1ean indarrean sartzen diren ordenantzetan aplika daitekeela uste da, udalak egokia ikusten badu.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari dagokionez, akats bat zuzendu da 504.8 epigrafearen pean enpresa-jardueren euskarazko bertsioan (10. artikulua).
Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari dagokionez, esanguratsuena da zergaren zerga-oinarria zehazteko aplikatu beharreko gehieneko koefizienteen zenbatekoak biltzen dituen taula eguneratzen dela, zerga onartzen duen foru-arauan bertan ezarritakoaren arabera (11. artikulua), eta aldaketa hori 2024ko maiatzaren 18tik aplikatu behar dela. Bestalde, nabarmendu behar da Eusko Legebiltzarraren 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako izatezko bikoteak parekatu egiten direla beste autonomia-erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko eran eratu eta inskribatutako bikoteekin.
Eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari dagokionez, 888/2022 Errege Dekretuan ezartzen den desgaitasunagatiko salbuespenari buruzko araudia egokitzen da, 2023ko apirilaren 20tik aurrera jarri baitzen indarrean. Egindako aldaketen bidez, ahal den neurrian, orain arte indarrean zegoen zerga-tratamenduari eutsi nahi zaio. Era berean, araubide iragankor bat sartzen da zerga-onura hori baremo zaharren arabera egindako balorazioen bidez aplikatu ahal izateko, betiere desgaitasunaren beste balorazio bat egiten ez bada (12. artikulua).
Azkenik, aipatzekoa da, era berean, Zergen Foru Arau Orokorrean egindako aldaketa batzuk, toki-erakundeen eremuan egin daitezkeen zerga-bilketaren arloko hainbat gairi buruzkoak. Aldaketa horien artean aipatu behar da, bereziki, kasuren batean murriztu egin dela aurretiazko errekerimendurik gabeko epez kanpoko aitorpenagatiko errekarguetan aplika daitekeen ehunekoa, edo horiek kalkulatzeko epe konputagarria.